Ezer ez da aldatu.
Gorputza mingarria da,
jan egin behar du, lo egin behar du, arnasa hartu.
Azal mehea dauka, eta isuri egiten duen odola
hortz eta azkazal kopuru egokiak
hautsi egiten diren hezurrak, eten egiten diren junturak.
Torturak kontuan hartzen du hori dena.
Ezer ez da aldatu.
Gorputza ikaratu egiten da Erroma sortu aurretik
eta Erroma sortu ondoren ikaratu zen bezala,
Kristo aurreko eta ondoko hogeigarren mendean bezala.
Torturak berdin dirau, lurra da murriztu egin den bakarra,
eta dena gertatzen da pareta bitarte bezala.
Ezer ez da aldatu.
Gizaki gehiago dagoela, besterik ez
irain berriak erantsi zaizkiela betiko irainei
benetakoak, asmatuak, aldian aldikoak eta inoiz ezekoak,
baina gorputzak erantzuten dien garrasia
errugabearen oihua zen eta izango da beti
denborak eta tonalitatek ezarritako eskalaren arabera.
Ezer ez da aldatu
ohitura, zeremonia eta dantza batzuk izan ezik.
Baina burua babesten duten eskuek
mugimendu bera egiten dute beti.
Gorputza bihurritu egiten da, izutu, askatu egin nahi du
behaztopan jausten da, edo belaunak zorabiatzen zaizkio
ondoeza egiten zaio, puztu egiten da, adurra dario, odola.
Ezer ez da aldatu
ibaien arroa
oihan, kostalde, basamortu eta glaziarrak izan ezik.
Bazter hauetan barrena doa arima erratua
ezkutatu egiten da, itzuli, hurbildu edo urrundu egiten da
bere buruaz arrotz, beti harrapagaitz
noiz seguru, noiz bere buruaz etsita.
gorputza, ordea, gorputza bada: eta da eta da eta da
eta, egia esan, ez dauka non.