nire azalaz txertoak egin ditzakezu sagarrondoetan.
batzuek han dituzte luzatuta oraindino
laban muturrez idatzi nituen izenak
arratsaldero eskolatik etxera bidean.
jaiotzean hankak ikusten zaizkion txahalari bezala
poema bati tiraka ohituta
hazteko sasoian ez gaudenean
zahartze orok du zaintiratuen beharra
orduan doaz nire bularrean barrena
inora ez doazen ahuntz saldoak
ikusten zaitudaneko hormetara igoarazten naute
bazoazela erauzten dute bazka mihiaz.
zure biolinak ukitzeak etengabeko negarra eragiten dit
eta ia ezin dut eraman zure eskuek ni laztantzea
amak ume nintzela egiten zizkidan jertseek bezala.
baina nire azalaz
nire azalaz sagarrondoak txerta ditzakezu.