Zer da Biziz?
Bizikleta gure etxe bihurtu eta mundua zeharkatuko al dugu?
Lagun arteko afarietan, erdi brometan, hasitako kontu hori gauzatu dela dirudi. Pello Alberdi (Hernani) eta Jon Rodriguez (Ordizia) gara eta Biziz proiektua zer den kontatzera gatoz. Ingeniaritza mekanikako graduak batu gintuen duela sei urte. Ikasketek teknikoki garatu gaituzten moduan arlo pertsonalean haziko gaituen esperientzia baten beharra sentitu genuen azken urteetan.
Zerbait ezberdina nahi genuen, munduko toki ezberdinak bisitatu eta ezagutu baino gehiago, horiek bizi. Eta zer modu hobea hau bizikletaz egitea baino? Bizikletaz bizi, Biziz.
Nahiak ala, kanpin denda eta sukalde txiki bat hartu eta urte betez Afrika eta Asiako herrialde batzuk bisitatzea erabaki genuen.
Afrika da bidaia honetan zeharkatuko dugun lehen kontinentea. Hegoafrikako Johannesburgo hirian hasi eta Kenyako hiriburu den Nairobira iristeko asmoa dugu. Tartean, Zimbabwe, Mozambike, Malawi eta Tanzanian barrena ibiliz.
Indiako ozeanoa zeharkatuko dugu ondoren Thailandiara iristeko. Bangkoken hasi eta Kirgizistaneko Biskek hiribururaino. Gurutzatuko ditugun herrialdeak hauek: Myanmar, India, Nepal, Pakistan, Txina eta Tajikistan.
14.000 km egiteko asmoa dugu: Afrikan 4.500 eta Asian 9.500. Hori da asmoa, baina auskalo zer aterako den!
Nolanahi ere, gure asmo bakarra ez da bizikletaz bidaia egitea. Zeharkatuko ditugun herrialdeetan GKE (Gobernuz Kanpoko Erakunde) askok lan egiten dutela ikusita, interesgarria iruditu zitzaigun egiten duten lana ezagutzea eta ezagutaraztea.
Blog hau bidaiaren antolaketa, bidaian zehar biziko ditugun esperientziak eta bisitatuko ditugun GKE horien ekarpenak zuekin partekatzeko ideiarekin sortu dugu. Zuen gustukoa izatea espero dugu!