376-379 egunak: Ametsetako amaiera
376. eguna: Bordele – Mimizan (132km, +148m)
Gaur eguraldi ona, baina negu-giroa iragarri dute datozen egunetan. Ahalik eta kilometro gehien egitea izan da gaurko helburua. Eguna argitu duenetik iluntzeraino astiro-astiro, baina etenaldi luzerik gabe ibili naiz bizikletan. Bi arrazoi nagusi izan ditut bidaiatzeko modu hau hautatzeko:
- Azaroa da dagoeneko. Gau luzeen ondoren egunak labur geratzen dira. Kilometro asko egin nahi badira ez dago luzaroan gelditzerik.
- Ateri baino eguraldi hotza. Jan eta edateko beharrezkoak diren geldialdiak laburrak baina maiz. Izardia, hotza eta haizearen konbinazioa txarra izaten da, ez da komeni luzaroan geldirik egotea hoztu nahi ez bada.
Iluntzearekin batera iritsi da euria. Ordurako parke bateko etxola batean babesturik nago. Ezin nuke leku hoberik eskatu gaua igarotzeko.
377. eguna: Mimizan – Baiona (91km, +141m)
Landak iparretik hegora gurutzatu ditut. Zuzen. Bihurgunerik ez. Paisaia ere monotonoa, pinudiak, area eta itsasoa besterik ez. Goiz osoan ez dut pertsona bakar bat ere ikusi bidegorri honetan. Sudaneko Sahara basamortua ere ez zen horren bakartia!
Baionara gerturatzearekin batera hara non agertu den “Ene Amets” baserria. Euskarazko lehen hitzekin elkartu naiz etxean naizela sentitzeko, ene ametseko bidaia amaitzear dago.
Guillaume eta Celiaren etxean egin dut lo Warmshowers-en eskutik. Celia Baionakoa da baina bere familia ez zen euskararen jabe. Guillaume berriz Frantzia erdialdetik etorri zen Baionan familia osatzera duela bost bat urte. Hala ere, gutxi ezagutzen ditut hauek baina euskaldunago direnik. Semea ikastolan sartu zuten eta biak euskara ikasten dihardute. Jaioterriak edo iragana ez da euskaldun egiten gaituena, euskara baizik.
378. eguna: Baiona – Donostia (69km, +804m)
Iragarpenek ez dute hutsik egin. Eguraldi gorria lehen pedalkadatik azkeneraino. Kuadrillako Julen Donostian zain dudala jakiteak eman dit eguna ateratzeko indarra.
Biarritz, Donibane Lohizune, Hendaia, Irun, Errenteria eta Donostia. Denbora asko igaro da, baina ez naiz espero nuen bezain arrotz sentitu. Ea bihar nola sentitzen naizen, zain daukat nire etxeko ohea.
379. eguna: Donostia – Ordizia (48km, +264m)
Etxera bidean kuadrillako bi lagun elkartuko zaizkit Tolosan eta ondoren afaria izango dut Mokela kuadrillarekin. Hau da eguna hasitakoan nekiena. Ezin nuen usaindu ere egin lagunek ezkutuan antolatu duten guztia.
Bidaia osoko eguraldi txarrena izan da gaurkoa zalantzarik gabe. Euria goitik behera, mardul, gelditu gabe. Hala ere, hitz eman bezala zintzo azaldu dira Tolosan bi lagunak. Hortik aurrera hasi dira etortzen ezustekoak, bata bestearen atzetik.
Alegian dozena bat lagun nituen euripean zain, dardarka, azken kilometroak nirekin partekatzeko. Itsasondon bozgorailua topera jarrita zeraman furgoneta bat jarri da aurretik. Ordizian sartzearekin batera Pello gehitu da tropeltxora. Hasi naiz lehen malkoak isurtzen. Bidaia berarekin amaitzea gauza haundia izan da. Herriko frontoira bideratu nau furgonetak. Ezin dut sinetsi bertan bildu den jende andana! Maite dudan jendea. Emozio asko.
Bazkaltzera animatu diren guztiak sartzeko Martinez jatetxeko jangela osoa behar izan dugu. Familia, Mokela kuadrilla, ikastolako zein unibertsitateko ikaskideak, futbolean izandako taldekideak eta herriko lagunak. Bazkalostean txapel bana jaso dugu opari eta katu giroa nagusitu da ondoren. Aurrez prestatu dituen bertso batzuk abesten ibili gara lehenik eta inprobisatzen ere animatu gara ondoren. Azkenik, eguna borobiltzeko, parranda.
Ametsik onenean ere ez nuen horrelako harrerarik espero. Jende onez inguratua nago eta maitatua sentitzen naiz. Ez dago gehiago eskatzerik. Zoriontsu naiz.
2 Replies to “376-379 egunak: Ametsetako amaiera”
Bejondaizuela Jon!! Zorionak eta eutsi goiei!!
Zorionak kanpeon! Eslerrikasko horren bidaia zoragarria konpartitzeagatk.