373-375 egunak: Bidaiako azken geldialdia Bordelen
373. eguna: Cantenac – Louens (16km, +41m)
Leku bakoitzak izaten du besteengandik bereizten duen ezaugarri bat, leku hori ezagun egiten duen zerbait. Alde batetik, naturaren opari geologiko bat izan daiteke, bidaian zehar bisitatu ditugun Victoria ur-jauziak edo Kilimanjaro sumendia esaterako. Gizakiaren ondare historiko bat ere izan daiteke Egipton eta Grezian bisitatu ditugun museo eta monumentuen antzera. Tradizio gastronomiko konkretu batek ematen dio, ordea, fama internazionala Bordeleri: ardoak.
Gaur egun, bereizgarri den ezaugarriari, edozein dela ere, ahalik eta zuku ekonomiko gehien ateratzen saiatzen dira herrialde, eskualde eta hiri guztiak. Eskualde hau ez da salbuespena. Ardoaren izenean museoak ireki dira, ekitaldiak antolatu eta milaka ardo-dastatze zirkuitu diseinatu. Harrigarria mahatsak zenbateraino eman dezaken!
374. eguna: Louens – Bordele (36km, +124m)
Aurrez egondako hiri bat pentsatu eta parke bat, museo bat, auzo batean zegoen giroa edo bertan jandako zerbait etortzen zaigu gogora. Ez dakit urtebetez bidaiatzen igaro dudalako den, baina ez da batere ohikoa Bordelek nire memorian utzi duen arrastoa. Etorkizun batean Bordelen pentsatzean bi gauza etorriko zaizkit burura.
- Eguraldi txarra izanda ere zenbat jendek erabiltzen duen txirrindua garraiorako. Inbidia sentitzen dut. Nahiko nuke gurean ere halako ohitura erroturik bagenu.
- “Donostia” taberna. Euskal Herriaren gertutasunaren seinale.
375. eguna: Bordele (Deskantsua)
Aurretik egon naizen hiri gehiengoetan bezala, Warmshowers-en eskutik aurkitu dut lo egiteko txokoa. Pierre eta Chloe bikotearen etxean igaroko dudan bigarren gaua izango da gaurkoa. Baina aurretik, egonaldian zehar ezaguturiko bi bidaiari alemaniarrekin batera tabernara joan gara garagardo pare bat edan eta tertulian aritzera.
Hasieran arrotza egin zait taberna barruan zegoen iskanbila. Izan ere, azken hilabeteetan taberna gutxi zapaldu dut gaueko lehen orduetan. Denbora dezente igaro bada ere, ohartu naiz askorik ez dela aldatu tabernako zuloan. Alkohola, futbol partiduak telebistan, musika topera eta ondokoak zer dioen entzuteko arazoak. Alpeetako etapa batek bezainbeste nekatu nau egoera honek, ezin dut sinetsi bidaiaren aurretik larunbatero horrela ibiltze nintzenik!