367-372 egunak: Parisetik Bordelera ziztu bizian
367. eguna: Paris – Presnoy (152km, +329m)
Parisetik Bordelera dauden ia 800km-ak Donejakue Bidetik egingo ditut. Beste aukera interesgarri bat ere banuen eskuartean: Ozeano Atlantikora gerturatu eta itsasertzetik Euskal Herriraino “jaistea”. Jasotako informazioaren arabera zoragarriak dira ibilbideak, biak ala biak.
Ez dut balantza alde batera edo bestera desorekatuko duen arrazoirik, ezta erabakia hartzeko gehiegi pentsatzeko gogorik ere. Beraz, ez dago beste irtenbiderik korapilo hau askatzeko: zozketa. Txanpona airera bota eta Atlantikoko bidea tokatu da. Bat-batean deseroso aurkitzen naiz emaitzarekin, ez dakit zergatik den, baina barruan dudan zerbaitek Donejakue Bidea egiteko eskatu dit. Ez da espero bezala izan, baina txanponak erabakia hartzen lagundu dit behintzat!
368. eguna: Presnoy – Rilly sur Loire (153km, +351m)
Eguna joan eta eguna etorri bizikletan ibili behar denean, atseden egunik gabe, indarrak neurtu egin behar dira. Oreka aurkitzean dago giltza, ez motelegi eta ez azkarregi. Esfortzuaren puntu optimoa aurkitzeko bide bakarra dago: esperientzia. Dagoeneko 153 etapa egin ditut (7 Frantziako Tour baina gehiago) eta esan dezaket nire oreka puntua aurkitu dudala. Atzo eta gaurko egunen alderaketa da honen adibide. Antzeko ibilbidea izan dut bi egunetan, laua eta bidegorri lasaiak. Atzo 7 ordu eta 33 minutu behar izan nituen, eta gaur, 3 minutu gehiago soilik, bi egunetan abiadura batezbesteko berbera edukiz.
Oreka puntu hori erabat automatizatua dudanez eta bidegorri hauetan arrisku txikienik ere ez dagoenez, askotan nire pentsamenduetan galtzen naiz, bizikletan ibiltzen ari naizela ahazteraino ia. Bizikleta nire gorputzaren parte sentitzen dut dagoeneko, oinez ibiltzea bezala da, baina azkarrago mugitzearen abantailarekin.
369. eguna: Rilly sur Loire – Sorigny (67km, +366m)
Haizea kontra eta sufritzeko gogorik ez. Beraz, ohi baino lehenago, lotarako txoko bat aurkitzea tokatzen da. Mugikorreko mapetan (Mapy.cz eta Google Maps erabiltzen ditut) murgilduta nengoela gazte bat gerturatu zait, 23 urteko Willem Belgikarra, zikloturista baita ere. Gaurko sesioa amaitutzat eman du berak ere eta gaua batera igaroko dugu.
Belgikarra izanik, frantsesa ondo dominatzen du Willemek eta baserri batera gerturatu gara kanpin-denda jartzeko txoko baten eskean. Biltegian gaua igarotzen utzi digute eskuzabaltasun osoz. Gaueko ihintzetik babestuta, biharko goiza samurtu digute.
Arratsaldea eta afalordua kontu kontari igaro dugu Willem eta biok. Berak ere, ikasketak amaitu berri, lan-mundura salto egin aurretik bizikleta hartu eta bidaiatzea erabaki du. Lisboa du helburu. Oso konexio ona egin dugu hasieratik eta atsegina izan da elkarrizketa. Bizikletez, zakutoetan dugun materialaz, bidean aurkituriko zailtasunez… hitz egin dugu gehienbat. Badakizue, zikloturisten kontuak!
370. eguna: Sorigny – Baserri galdu bat (155km, +341m)
Willemek deskantsurako hartu du eguna, bakarrik naiz berriz ere. Atzoko esperientzia zoragarriak bultzatuta gaur ere baserri batean amaitu dut eguna. Komunikatzea ez da erraza izan, baina online itzultzailea baliatuta moldatu gara nola edo hala.
80 urteko Andrék bere baserriko belardia utzi dit gaua igarotzeko. Bizitza guztia baserrian igaro omen du eta ahoa bete hortz geratu da nire nondik norakoen berri izandakoan. Eskuak burura bota eta barrez hasten da bidean ikusi ditudan animaliak, basamortuko pasarteak edo bidaiako anekdotak kontatzen dizkiodan bakoitzean. Baita kanpin-denda jartzen edo gasarekin sukaldatzen ikusi didanean ere! Barre kutsakorra du eta ni ere barrez lehertu beharrean ibili naiz. Elkarrizketa ez da atzokoa bezain sakona izan, baina gogotik egin dugu barre, malkoak isurtzeraino!
371. eguna: Baserria– Trois Palis (128km, +1507m)
Beste egun luze bat bizikleta gainean, beste egun luze bat nire gogoetetan murgildurik. Nire gogoeta pertsonalez gain, bidaiako plangintzan zentratzen da nire burua tarte hauetan, orain arte behintzat. Gaur, ez dudala ezer antolatzeko konturatu naiz. Ondo aztertuta dut dagoeneko etxerako bidea zein izango den eta behar dudan guztia dut nirekin, ez zait ezer falta. Abenturaren amaiera parez pare ikusi dut lehen aldiz eta oilo-ipurdia jarri zait.
Emozio kontrajarriz osaturiko eztanda bat sentitu dut bat-batean. Poza eta tristura aldi berean. Etxera iristeko irrika, baina abentura amaitzeko pena. Abenturaren ostean datorren bizitzako etapa berria hasteko gogoa, baina bizimodu berrira ondo egokituko ote naizenaren beldurra…
372. eguna: Trois Palis – Cantenac (110km, +717m)
Mahasti-sail erraldoietan murgiltzearekin batera gertu sentitu dut Bordel. Azken gaua igaroko dut kanpin-denda barruan, datozen hiru egunetan aterpea izango dut Warmshowers-en eskutik.
Frantzian bi aste igaro ditut dagoeneko, 14 egun, 14 gau eta 14 afari. Estatu honetan igarotako lehen egunean supermerkatuan ia kilora iristen den fabada-pote bat aurkitu nuen, Cassoulet izenez ezagutzen dena. Ezin nuen imajinatu ere egin nire dietan zeinen garrantzitsua bihurtuko zen. Kontuak egin ditut eta 14 afaritik 10 izan dira Cassoulet delako hori. Babarrunak, saltxitxak eta haragi gisatua gauero barrura. Ez da dietarik orekatuena izan, baina bai eraginkorra! Ahaztuko ez dudan anekdota txoro horietako bat.