363-366 egunak: Paris
363. eguna: Le Chemin – Mezy (130km, +174m)
Bidaia honetako erronka nagusietako bat higienea izan da. Ohituta gaude izerdia eragiten duten ariketa fisikoen ondoren, erabili dugun arropa garbitzera bota, dutxa on bat hartu eta arropa garbia janztera. Oinarrizkoa deritzogun erosotasun bat da. Bizikleta zure etxea denean ordea, ez da horrelakorik.
Asteburu pasa mendira akanpatzera askotan joan izan naiz eta higienea inoiz ez da arazoa izan. Zerri eginda bukatzen nuen, baina banekien bi egun barru etxeko erosotasun guztiak izango nituela. Urtebeteko bidaia batean ordea, estrategia hau ez da bideragarria. Zer egin garbitasun minimoa mantentzeko?
Alde batetik, kirolerako erabiltzen dudan arropa eta ondoren janzteko arropa ondo bereizten ditut. Kirola egiteko pare bat maillot eta praka besterik ez ditut, eta hauek egunero berrerabili behar izaten ditut. Etapa bukatu eta berehala erabilitako arropa zintzilikatu egiten dut ondo aireztatu eta lehor dadin. Onartu beharra dago ez dela guztiz atsegina hurrengo goizean arropa hau berriz janztea, baina ez da jasangaitza.
Bestetik, etapa ondorengo “dutxa”. Udan, beroa lagun, erreka edo itsasoan hartzen nituen garbitze bainuak ezinezko bihurtu dira hotzarengatik. Orain erabilpen bakarreko zapi heze higienikoak erabiltzen ditut izardia eta zikintasuna garbitzeko. Ez da dutxa bat bezain atsegina, baina bai eraginkorra. Azkar egin beharreko lana izaten da prozesuan ez izozteko!
Bihotz oneko baten batek bere etxeko ateak irekitzen dizkidanero asko estimatzen ditut oinarrizkotzat hartzen ditugun etxeko higiene erosotasunak. 11 etaparen ondoren, Yannen etxean arropa guztia garbitu eta dutxa on bat hartu ondoren, zerotik hastea bezala izan da gaurko etapa.
364. eguna: Mezy – Paris (99km, +947m)
Klima eta eguraldi mota guztiak ezagutu ditut bidaia honetan, baina goizetan Euskal Herrian hain ohikoa den behe-lainoa, gaurko egunez izan dut lehen aldiz. Behe-laino itxiarekin Champagne-Ardenne eskualdeko soro amaigabeetan trafiko oso gutxirekin bizikletan ibiltzeak, Sudango basamortuan izandako harea-ekaitza gogorarazi dit, nahiz eta antzekotasunak baino, desberdintasunak gehiago dauden bi egoeren artean. Behe-lainoa harea-ekaitza baina xamurragoa da ezpairik gabe!
365. eguna: Paris bisita (58km, +188m)
Gaurko eguna Paris bisitatzeko erabili dut, deskantsu eguna teorian. Bizikletarekin hiriburuko txoko eta monumentu ezagunenak ezagutu ditut: Eiffel dorrea, Notre-Dame katedrala, Eliseo Zelaiak etorbidea, Louvre palazioa… Hiriaren edertasunak baino, hiriaren hedadura erraldoiak harritu nau gehien. Etapa egun batean adina kilometro egin ditut hiriburuan barrena!
366. eguna: Paris (Deskantsua)
Familia batek eskaini dit ostatua Parisen egon naizen bi egun hauetan. Otorduak elkarrekin egin ditugu eta, oraingoan ere, Suitzan gertatu zitzaidanaren antzera, Frantziar gastronomiaren estereotipoak baieztatu ahal izan ditut: gazta zale amorratuak dira eta maisuak dira gozogintzan. Ez naiz oroitu ere egiten zenbat gazta mota dastatu ditudan bi egun hauetan, eta gosaltzeko, konfiantzazko okindegian erositako croissant egin berriak. Ni baino hobe bizi dena…