360-362 egunak: Lehen Mundu Gerra
360. eguna: Verdun (Deskantsua)
10 etapa egin ditut jarraian, bidaia osoko segidarik luzeena. Ondo aurkitzen banaiz ere, komeni zait deskantsua hartzea bizikletaren egunerokotik deskonektatu eta indarrak berreskuratzeko. Gainera, eguraldi umela iragarri dute, gau eta egun. Babesean egoteko giroa. Hala ere, atsedena hartzeko arrazoi nagusia, historikoki oso interesgarria den hiri hau bisitatzea izan da.
Verdunen historia oso iluna da tamalez, lehen mundu gerrako gudurik luzeena eta odoltsuena hemen eman zelako baita ezaguna. Ia urtebete iraun zuen guduan milioi bat pertsona hil ziren. Erraz esaten da, baina ezin dut imajinatu ere egin gertaera honek milioi bat familiatan eragin zuen mina. Atzo, Verdunera gerturatzen ari nintzela, konturatzen hasi nintzen gertakari honen handitasunaz, milaka lagunez osaturiko hiruzpalau hilerri erraldoi gurutzatu bainituen basoaren erdian.
Memoria monumentuak daude nonahi, gerra sufritu zuten guztiak omentzeko eta gertaturikoa ez ahazteko. Aspaldiko kontuak dirudite gazteontzat, baina ez da hala. Ezinezkoa egiten zait hau guztia duela 100 urte soilik, gure aiton-amonen garaian, gertatu zela buruan sartzea. Nola da posible gizakia maila honetako krudelkerietan ibiltzea? Garrantzitsua da gertaturikoa gogoratzea berriz halakorik gertatu ez dadin.
361. eguna: Verdin – La Chemin (46km, +489m)
Eguraldiak ez du hobera egin eta euripean egin behar izan dut etapa. Hankak ez busti eta izozteko, polaina moduko batzuk sortu ditut plastiko zati batekin eta aurrera. Blai eginda eta hoztuta iritsi naiz Le Cheminera. Zorionez, Wormshowers-eko Yann bertan dut zain, sutondoan. Hau bai oparia.
Gizon oso interesgarria da Yann eta arratsalde osoa solasean igaro dugu, bueno, bera hizketan eta ni entzuten. Milaka istorio kontatu dizkit dardotan jolasten genuen bitartean, baina bere aitaren esperientzia iruditu zait deigarriena.
Yannen aita, gaztea zela Verduneko gudura joan behar izan zuen, bere nahien kontra, behartuta. Bertan zela, batalioieko kapitainarekin liskarra izan zuen gau batean. Odol berokoa omen zen nonbait eta kapitainari berari zaplaztekoa eman zion haserreak hartuta. Zigor moduan, datorren goizean fronteko lehen lerrora bidali behar zuen kapitainak, heriotza-epaia. Gau hartan bertan musika talde bate agertu zen kanpamenduan, urgentziaz tronpeta-jole bat behar zutela Parisera joateko. Yannen aita bitan pentsatu gabe boluntario aurkeztu zen, tronpeta bat esku artean inoiz izan gabekoa baldin bazen ere. Trikimailua ondo atera zitzaion nonbait eta lortu zuen Verdunetik alde egitea. Parisera iritsitakoan ere, nola ez, alde egin behar izan zuen. Pelikula bat egiteko moduko historia alajaina!
362. eguna: Le Chemin (Deskantsua)
Lehen Mundu Gerrari buruz asko daki Yannek, eta erakutsi dudan interesa ikusita, basora joan gara, gerrateak utzitako orbainak ikustera. Frontea honela zegoen banatua: frontearen alde bakoitzean alemaniarrak eta frantziarrak lubakietan bizitzen. Erdian berriz, “inorena ez den lurra” bezala ezagutzen den infernua.
Gaur egun zuhaitz eta sastrakek hartutako basoa da, baina gerrate garaian lokatzezko desertua besterik ez omen zen. Milioika lehergailuk sorturiko paisaia. 100 urteren ondoren, lehergailu bortitzenek eragindako zulo eta lubaki labirintoen arrastoak ikusgai daude oraindik.
Metal detektagailu batekin etortzen omen da noizean behin inguru hauek esploratzera. Lehen Mundu Gerrako materiala soilik ez, Napoleonen garaiko kanoi bolak ere aurkitu izan ditu, baita Erromatarren garaiko txanponak ere! Historia askoko lurrak dira nonbait.
Gezurra dirudi basamortua zen eremu hau zeinen baso aberatsean bihurtu den. Gaztainondo, hurrondo, eta batez ere, haritza. Udazkena da, eta bi egun euritsuren ondoren eguzkia eta giro epela izan dugu gaur. Baldintza egokiak onddoentzat. Badaezpada basoan murgildu gara, saskia eskutan, zerbait topatzeko esperantzarekin. Afaltzeko lain bildu dugu. Egun borobila.