356-359 egunak: Abenturaren esentzia bete-betean
356. eguna: Neuf Brisach – Ruisseau lakua (166km, +250m)
Komertzioak eta behar ekonomikoek bultzatuta, Europako ibai nagusien arteko konexioa gauzatzen duen milaka kilometroko ur-kanal sare bat osatu zuten. XV. mendean hasi ziren lehen ur-kanalak sortzen, baina kilometro gehienak XIX. mendean eraiki ziren. Sarearen gehiengoa Frantzian kokatzen da, eta zati txiki bat ezagutzeko aukera izan dut gaur.
Gaur egun, ordea, ez da ia komertziorik egiten eta hauen erabilpena oraingo beharretara egokitu da: aisia eta turismoa. Alde batetik, ur-kanaletan bertan nabigatzen dutenak daude. Bestetik, nire kasua, urertzeko bideetatik kanalek eskaintzen duten paisaia naturala eta lasaitasunaz gozatzen dutenak.
Estrasburgo ezagutzeko egin dudan desbideraketa kontuan izan gabe (bertan azaldu dit emakume batek ur-kanalen historia), eguneko kilometro guztiak urertzeko bide hauetatik egin ditut. Bidean, ekosistema honetako bizilagun den igaraba ugari ikusi ditut. Normalean erraz izutzen den animalia da, baina hauetako batek ez du lotsarik erakutsi kameraren aurrean!
357. eguna: Ruisseau lakua – Silwingen (128km, +239m)
Eguneko lehen izpiekin batera esnatzen naiz eta eguneko momentu okerrena izaten den prestaketari ekiten diot: gosaldu, jantzi, material guztia zakutoetan sartu, kanpin-denda bildu eta martxa. Eguneko momentu okerrena da, Aostatik atera nintzenetik, goizero, 5 eta 10 gradu bitarteko tenperatura hotzarekin egin behar izan dudalako.
Gehien sufritzen den unea kanpin-denda jasotzearen lana izaten da. Hotza eta gauean zehar sorturiko ihintzaren konbinazioa zitala da. Azkar egin behar da, di-da. Egunero hatzetako sentimena galtzen dut, txalo eta hats beroaren bidez berreskuratu behar izaten dut ondoren. Gosariko te beroa ezinbestekoa izaten da prozesu honetan guztiz ez izozteko!
Egunean zehar, hamaiketakoaren edo meriendaren orduan normalean, kanpin-denda lehortzen jartzen dut. Ahaztu behar ez den ohitura gaua epel igaro ahal izateko!
358. eguna: Silwingen – Beech basoa (97km, +582m)
Luxenburgo herrialde zoragarria iruditu zait, batez ere, hiriburua. Ez dakit zergatik, Milanen antzeko paisaia bat espero nuen, hiriaren kanpoaldeko ingurua guztiz industrializatua alegia. Baina ustekabeko ederra hartu dut. Garbia eta zaindua dagoen basoan barrena ibili naiz bidegorriz bidegorri. Hiriburuaren arkitektura eta harresi historikoak ere oso ondo kontserbatzen dituzte. Lurraldeko amildegiak baliatzen zituzten, eta dituzte, etxebizitza eta babes egiturak egiteko.
Informazioaren garai honetan, oporretara goazen lekua joan aurretik zehatz-mehatz ezagutzen dugu askotan, ezustekoentzat ez dugu lekurik uzten. Hala ere, zer aurkituko dugun ez jakiteak ere badu bere xarma.
359. eguna: Beech basoa – Verdun (91km, +949m)
Ardenetako basoan esnatu naiz, eta bertan eman dut egunaren gehiengoa. Inguru hau ezagutzen duenak badaki nola ibili naizen. Gora eta behera. Mendateak oso laburrak dira, kilometroaren azpitik gehienak, baina aldapa pikoa dute eta ez dago lautadarik.
Belgikako Ardenetan sakon murgiltzeko asmoa nuen, baina eguraldi iragarpenak oso makurrak dira datorren asterako. Beraz, bidaia osoan zehar izan dudan joera aldatzeko garaia da, norabidez aldatzeko garaia alegia. Bidaiako punturik iparrena izan da gaurkoa, hemendik aurrera hegoalderantz joko dut, etxera iritsi arte. Hala ere, Ordizia urrun da, hamaika esperientzia ditut bizitzeko aurretik.
Iritsi berri naizen Verdunen Lehen Mundu Gerrako gudu odoltsuenetako bat eman zen. Ea datozen egunetan inguruko gertaera historikoen berri izateko aukera izaten dudan.