353-355 egunak: Suitzaren estereotipoak baieztatzen
353. eguna: Saint Maurice – Berbereche (85km, +1146m)
Muturreko tenperatura beroek eta lehorteek gogor astindu dute Europa uda guztian zehar. Baso zein zelaietan hain ederra den kolore berdea ia guztiz desagertu da txoko askotan, tristeagoa den kolore marroia jantziz. Suitza kontinentearen erdian kokatzen bada ere, salbuespena izan da zorionez.
Eguna hasteko, Geneva laku ezaguna bixitatu dut. Ur, mendi eta gazteluz osaturiko paisaia ikusgarria. Etaparen gainontzekoan Suitzan berezkoa duten arkitektura ederreko baserriak, soro berde-berdeak eta zeru urdina nagusi trafikorik gabeko errepide estuetan. Herrialde honen inguruan nituen estereotipo guztiekin bat dator ikusitakoa… Baita prezio garestiak ere! Ogi barra xume baten truke 3€, Italian euro bakarraren azpitik ordaintzen nuenean.
Emoziorik gabe baina, ezin eguna amaitu. Basoan, guztiz egokia iruditu zaidan lautada batean kanpina muntatu eta eguneko azken izpiekin lasai-lasai afaltzen ari naizela, zuhaitz artetik gizon susmagarri bat agertu da. Momentuko sustoa ezkutatu nahian lasai agurtu dut eta niregana gerturatu da. Gerturatzen ari dela nire urduritasuna areagotu duen eskopeta ikusi dut bere sorbaldan zintzilik. Ehiza garaia da. Leku seguruan omen nago gaua igarotzeko, baina badaezpada, kolore biziko arropa janzteko eta animali batek egingo lituzkeen mugimendurik ez egiteko gomendatu dit. Nola egiten dira animalia baten mugimenduak? Ez dakit. Ni kanpin barrura noa berehala.
354. eguna: Berbereche – Solothurn (60km, +403m)
Gaurkoa egun berezia da. Gran San Bernardo mendatean ezagutu nuen Jorgeren etxean egingo dut lo. Bera ere zikloturista izanik, ilusioz gonbidatu ninduen bere etxean gaua igarotzera duela hiru egun, eta hemen naiz.
Suitzarren beste estereotipoetako bat da teknologia arloan aurreratuak izatearena. Honetan ere ez du hutsik egin Jorgek. Bidaiatzeko erabiltzen duen bizikleta oso berezia iruditu zait, batez ere transmisioa. Lehen begiratu batean bizikleta elektrikotzat jo dut, baina ez. Alde batetik, motorra dirudien hori engranaje-kaxa bat da, ohiko bizikletetan piñoi eta plateraren funtzioa betetzen duena. Beste aldetik, betiko altzairuzko katerik ez, plastikozko uhal bat erabiltzen du indarren transmisiorako. Lehen ezberdintasuna efizienteagoa omen da; bigarren aldaketarekin, lubrikazio arazoak eta mantenu lanak ekidin, eta katearen biziraupena laukoizten omen du. Interesgarria.
355. eguna: Solothurn – Neuf Brisach (124km, +521m)
Goxo-goxo gosaldu, egunsentiaz gozatu eta dena prest beste egun bati ekiteko. Etxetik alde egitear nengoela atera dugu, nola edo hala, Jorge eta biok argazkia. Ez da bidaiako argazkirik onena izango, baina oroitzapen ederrak ekarriko dizkidan argazki horietarikoa bai.
Basilean Suitzako azken otordua jan ondoren Rhin ibaiarekin elkartu naiz. Behin Frantzian murgilduta, ur-kanalaren alboan doan eta zuzenbide amaigabe bat den bidegorriaz gozatuz amaitu dut eguna. Deigarria izan da arto-sailak besterik ez ikustea bide guztian zehar. Uzta biltzeko garaia da gainera. Jakin nahiko nuke zenbat tona arto biltzen diren Rhineko lautada honetan soilik.