302-307 egunak: Emozioz jositako egunak Italiar Alpeetan
302. eguna: Ciardes – Bormio (72km, +2216m)
Ia bi hilabeteren ondoren nomada berriz ere: zakutoak, bizikleta eta ni. Egun honek ez zuen gehiago behar berezia izateko, baina Stelvio mendate mitikoak bidaia osoko egun gogoangarrienetako batean bihurtu du gaurkoa.
Baserriko egonaldiaren aurretik nuen sasoia desagertu egin da, zakutoen zama bikoiztu egin dela dirudi. Zorionez, motibazio iturri ugari izan ditut mendatean zehar, hanketan sentitu dudan indar gabezia konpentsatu dutena.
- Ilusioz gainezka. Lehen eguna, mendate mitiko bat eta, batez ere, etapa hauen ostean gurasoekin elkartuko naizela jakitea.
- Mendateak eskaintzen dituen paisaia izugarriak: erreka, amildegi, glaziar eta mendiaren magaletik sigi-saga, sugea bailitzan, gora doan errepidea.
- Duela bi hilabete Dolomitetan ezagutu nuen bikotearekin, Michele eta Valerinarekin, mendatean gora topo egin izana.
- BERRIAko maillotarengatik errekonozitu nauten bi txirrindulari euskaldunekin berriketan egon izana. Arraroa egin zait euskarazko elkarrizketa bat mantentzea!
- Musika. Hanketako mina ahazteko erremediorik onena.
303. eguna: Bormio – Morbengo (93km, +132m)
Ekaitzaren osteko barea. Etapa guztia Adda erreka jarraituz doan trafikorik gabeko bidegorri zoragarri batetik aldapa behera gozo-gozo, eta eskerrak, malda txikienek ere gorputz osoan ditudan agujetak esnatzen baitituzte. Errekuperatzeko asko jan, errekan bainu fresko bat eta goiz lotara.
304. eguna: Morbengo – Delvio (35km, +95m)
Stelvion jasotako jipoia ez da agujeta soilean geratu. Gorputzaldi txarra, oso ahul sentitu naiz eguneko lehen pedalkadatik. Bi aukera ditut:
- Aurrez pentsatuta nituen 100km-ak egin. Ibilbideaz gozatu gabe, gorputza gehiago ahuldu eta gaixo jartzeko arriskuaz.
- Geratu, deskantsatu eta errekuperatu.
Bigarren aukeraren aldeko apustua egin dut. Kanpin batean sartu eta bertako jabeari Biziz Proiektuaren nondik norakoak azaldu dizkiodanean, eskuzabaltasun osoz, gaua dohainik igarotzeko gonbitea luzatu dit. Erabaki ona hartu dudanaren seinale zalantzarik gabe.
305. eguna: Delvio – Pineta basoa (62km, +821m)
Errekuperatuta, osasuntsu, Como laku zoragarria zeharkatu dut gaur. Lombardia, batez ere Milan ingurua, ez da probintzia erraza kanpin-dendan gaua igarotzeko, oso eremu industrializatua eta eremu pribatuz josia baitago. Hala ere, Pineta Parke Naturaleko basoan amaitu dut eguna, leku perfektua lotarako, ustez.
Basoaren erdian, errepide nagusitik baztertuta eta propietate pribatu orotik urrun, kanpina muntatzeko leku egokia bilatzen ari nintzela zuhaitz artetik gizon bat gerturatu zait zertan nenbilen galdetuz. Berriketa asmoz berarengana hurbiltzen ari nintzela izutu egin da eta makil bat hartu du lurretik. Azalpenik eman gabe bertatik alde egiteko esan dit, pare bat kilometro aurrerago joan eta bertan lo egiteko, baina ez hemen. Usain oso txarra hartu diot egoerari eta ziztu bizian ospa egin dut bertatik.
Berak esan bezala pare bat kilometro urrundu naiz, gehiago ere urrunduko nintzateke, baina iluntzen ari du eta basoan bertan geratu behar. Ez da hasieran uste nuen bezain gau lasaia izango.
306. eguna: Pineta basoa – Viverone lakua (106km, +498m)
Bart iluntzeko sustoa ez da nahikoa izan gau osoa lo seko igarotzeko eta indartsu esnatu naiz. Egun zoragarri baten ostean ilunabar zaila berriz ere, eta gaurkoan, gaua infernu bilakatu da, literalki.
Alpeetako goi-lurretan ilunabarrarekin batera etortzen den freskotasunik ez da hemen. Ilundu ondoren, berandu, jabetu naiz lakuaren hertzean gaua igarotzea ez dela ideia ona izan. Hezetasunak beroa jasangaitzagoa bilakatu du (jakin nahiko nuke zenbat litro ur joan diren izerditan), eta gainera, odol egarriz dauden milaka moskito aireratu dira iluntzearekin batera. Bi aukera ditut:
- Kanpin barrura sartu. Moskitorik ez, baina nire izerditan egosi eta deshidratatu.
- Kanpin kanpoan gaua igaro. Freskoago baina moskitoentzako afari bihurtu.
Bigarren aukerarekin geratu naiz, ez gustatzen zaidalako, lehena ezinezkoa delako baizik. Gainera, ez dut ur iturririk inguruan eta ur gutxi dut gaua igarotzeko. Dena dela, izerditan blai, deshidratatuta eta moskito ziztadez josita esnatu naiz egin dudan lo apurretik. Bidaiako, eta bizitzako, gaurik okerrenetarikoa izan da.
307. eguna: Viverone lakua – Cervinia (58km, +516m)
Segituan ahaztu dut infernuan igarotako gaua. Arrazoia ez da nolanahikoa: gurasoekin elkartzekoa naiz gaur eguardian. Bisitan etorri dira Aosta bailarara eta hamar egun igaroko ditugu oporretan. Esan beharrik ez dago zeinen berezia izan den elkartzea. Egun politak datoz aurretik.