259, 265, 274, 280 eta 290 egunak: Mendi irteerak Alpeetan
Baserriko egonaldia Alpeen bihotzean, zehazki Hego Tiroleko Venosta bailaran, egiteko arrazoi nagusia menditzarren gertutasuna da. Mendiak bazter guztietan daude, aski eta sobera. 3000m-tik beherako gailurrak txiki geratzen dira ia 4000m-ra ailegatzen diren anaien alboan.
Astean behin libratzen naiz baserriko lanetatik, eguna libre. Inguruko Merano edo Bolzano hiriak, edo bailarako gazteluak (mordoa aurkitzen dira) bisitatzeko baliatuko lituzke nork edo nork, nik ez. Alde ederrean nago goi lurretan. Gailurretan izan ditudan bistek ez dute preziorik!
Plana beti izan da antzekoa: bizikletarekin mendiaren magalera gerturatu eta gailurretara oinez igo. Egun guztiko irteerak izan dira, goizean goiz etxetik atera eta iluntzerako bueltan etorri. Mendiez ahalik eta gehien gozatzea izan da helburu bakarra, presarik ez.
Irteerak antolatzeko mugikorrean ditudan mapak eta sarean dauden blog ezberdinak erabili ditut. Distantzia, gogortasuna eta zailtasun teknikoen arabera baloratzen dut egun bakarrean igotzea ea posible den edo ez. Dudan materialarekin, gainera, glaziar edo elurtegi handietan sartzea guztiz baztertuta geratu da.
Mendian xahutzen diren indarrak berritu beharra daude nola edo hala. Nik beti estrategia berdina erabili izan dut: fruitu lehorrak eta makarroiz betetako tuper bat. Gehiago ere jango nuke, baina hemen daukadan motxilatxoan ez da askoz gehiago kabitzen. Egun guztiko esfortzuaren ostean askorik jan gabe etxera iristean, pentsa dezakezue nolako afariak egin ditudan.
259. eguna: Muttegrub mendi irteera
32km, +1964m (oinez: 18km, +1000m)
Lehen irteera baserritik gertuen dagoen mendira egin dut, irteera errazena izango da. Bizikletaz denbora luzez ibil naiteke neke gehiegirik pilatu gabe, baina oinez ibiltzeko ez nago hain prestatuta, entrenatu beharrean nago.
Mendian gora egiteko muskuluak bizikletan lantzen direnen antzekoak dira, beraz, arazorik ez. Beherakoan erabiltzen direnak berriz ezberdinak dira, eta nabarmen nabaritu dut. Datozen egunetako agujetak ez dira xamurrak izango…
265. eguna: Zerminiger mendi irteera
60km, +2968m (oinez: 20km, +1268m)
Azpimarratzekoa izan da zeinen ongi zainduta zegoen mendi-bidea. Amildegiak eta malda pikoak dituen mendiaren hegaletik izan da igoeraren gehiengoa. Bidea egoera txarragoan aurkitu izan balitz arriskutsua izango litzateke eta ez nintzateke gailurreraino iritsiko. Bakarrik nago eta ez dut arriskua hartzeko inolako beharrik.
Egunaren une gogoangarriena ez da gailurrera iritsi naizenekoa izan (mendi irteeretan izan ohi den moduan), ahuntz talde batekin egin dudan korrika saioa baizik. Artzain itsura hartu didate dirudienez eta kilometro batez jarraika izan ditut. Aspaldian ez bezala egin dut barre eta algara.
274. eguna: Finalespitze mendi irteera
67km, +3467m (oinez: 15km, +1667m)
Lehen mendi irteera “serioa”. Gailurrera iritsiko ote naizenaren zalantzak sortzen dizkidana zailtasun teknikoa da. Irakurri dudanaren arabera, gailurrera iristeko azken metroak delikatuak omen dira, tentuz ibiltzekoak. Neure begiekin ikusi arte, ordea, ezin jakin niretzako gehiegi den edo ez. Joatea erabaki dut, baina garbi daukat, arrisku txikienarekin batera emango dudala buelta.
Iritsi naiz aipaturiko azken zatira, eta espero bezala, kontuz ibili beharra izan dut. Zorionez, ez dut arriskurik sentitu eta goraino iritsi ahal izan naiz. Zailtasun berezirik ez badu ere, edozein hutsegitek ondorio larriak ekartzen ditu horrelako lekuetan, ez da txantxetarako unea.
280. eguna: Plattenspitze eta Schildnspitze mendi irteera
86km, +3394m (oinez: 16km, +1394m)
Irteera gogorrena, datuei begiratu besterik ez dago. Teknikoena ere izan da. Mendi batetik bestera mendiaren gandorretik egindako tartean, azken irteeran baina arreta gehiago jarri behar izan dut zailtasunak hala eskatuta. Altuerekiko bertigoa sentitzen duenentzat ez da batere gomendagarria gandor hau.
Fisikoki ez ezik, mentalki ere nekaturik iritsi naiz gaur. Exijentzia oso altuko irteerak izaten ari dira eta geldialdi bat behar dut. Irteera batetik bestera dagoen tartean baserriko lanetan ibiltzen naiz eta ez pentsa xamurrak izaten direnik. Errekuperatzeko tarterik ez.
Bai, azken argazkia editatua dago. Ez dut halako banderarik mendi puntara igo, nahiko lan nire arima hutsa igotzearekin. Baina Mokela kuadrilla gailurrera eraman nahi izan dut, jada faltan botatzen dudan kuadrilla.
290. eguna: Kirchbachspitze mendi irteera
33km, +2800m (oinez: 15km, +2400m)
Baserritik gertu bada mendi bat gainerakoengandik ezberdintzen dena, eta ez, ez da garaiena delako, igotzeko egin behar den desnibela izugarria delako baizik. Mendira igotzeko bada bide bat bailararen sakonetik hasten dena: 7,5km-tan 2400m egiten da gora. Larraitzetik Txindokira dagoen desnibela ia hiru bider… bada zerbait. Horrelakorik ezin da aurkitu ez Euskal Herrian ezta Pirineotan ere.
Ni bezalako erronkazale batentzat tentagarriegia. Mendi hau igotzeko zenbat denbora behar dudan jakin gabe ezin jarraituko dut bidaiarekin. Beraz, hortzak estutu, kronometroa martxan jarri eta egurra. Nire kalkuluen arabera 2 ordu eta 15 minuturen bueltan izan behar naiz goran, beraz, marka hori gainditzea da helburu. Ez da hala izan. 2 ordu 20 minutu eta 50 segundoren ostean ikutu dut gailurreko gurutzea. Ez da marka txarra aizu!
Bada egun guzti hauetan miresmena sortu didan eta bihotzez eskertu nahi dudan zerbait: oinetakoak. Urtebetetik gora duen oinetako pare honek Afrikako baldintza latzak pairatu aurretik, mendi-lasterketa batzuk zituen bere historialean. Ez dira egoerarik onenean iritsi Alpeetara, eta egia esan, beldur nintzen ea mendi hauetako lur latzetan arazorik emango zidan, baina ez. Txikituta bukatu badute ere, eutsi dute, eta eskerrak.