253-301 egunak: Radebenhof baserria
Italiar Alpeetako Venosta bailaran aurkitzen den Radebenhof baserrian 48 eguneko egonaldia egin dut. Goizetan lan egitearen truke lotarako txokoa eta otorduak eman dizkidate. Geldialdi hau egiteko arrazoi nagusiak bi izan dira: (i) zikloturismoaren bizimodu nomadatik deskonektatzea, eta batez ere, (ii) esperientzia berriak bizi eta ikastea.
Baserriz josita dago Euskal Herria, baina hauekiko ez dut gertutasunik inoiz izan, kale-kumea izan naiz oso. Azken urteetan hauekiko piztu zaidan jakin-minak bultzatuta, bizitza eredu hau barrutik ezagutu nahi izan dut.
Baserri familiarra da Radebenhof, ez dute kantitate handietan ekoizten. Produktuen gehiengoa etxean kontsumitzeko izaten dira, eta sobratzen dena, gertuko bezero batzuei saltzen diete. Horrez gain, baserri ekologikoa da, hau da, ezin dute ingurumena kaltetzen duten produktu kimikorik erabili.
Denetariko lanak egin behar izan ditut: garbiketa lanak ukuiluan, sasi-garbitzeko makinarekin ibili, eta batez ere, lastoa bildu, egurra moztu eta abrikoten uzta jaso.
Lastoa bildu
Ekainaren bigarren erdian ailegatu naiz baserrira, lastoa biltzeko garaiaren bihotzean. Iritsi eta lehen egunean eskuarea eta sardea lehen aldiz sorbaldan jarri eta banoa sorora lanera.
Teknika ikasi bitartean behar baina esfortzu eta izardi gehiago bota ditut. Kontuan izan bizikletan ibiltzetik natorrela, beraz, hanka gihartsuak, baina beso ziztrinak. Segituan ikasten den zerbait da eta egun batzuen buruan eroso ibili naiz belarretan.
Gainera, lanaren gehiengoa makina bidez egin dugu. Segarik ikusi dut baserriko biltegian baina apaingarri gisa. Belarra mozteko makinek hartu dute bere lekua zelaietan. Eskuarearen bidez lasto pilak sortzen ditugu, baina traktorea arduratzen da guztia biltzez. Izerdi asko aurreztu digute makina hauek.
Mendi magalean aurkitzen da baserria, eta pentsa dezakezuen bezala, zelaiak ez dira lauak. Leku batzuetan malda oso pikoak daude, lan egiteko deseroso egiten dutena. Hori soilik ez, arriskutsua ere bihurtzen da traktorea bertan sartzen duzunean. Urtero hiruzpalau hiltzen omen dira Hego Tiroleko baserrietan traktorearekin maldan behera joanda… Ez da txantxa gero.
Egurra moztu
1000m inguruan aurkitzen da baserria, Alpeen bihotzean, esan beharrik ez dago neguan hotz handia egiten duela. Etxea berotzeko egurra erretzen dute eta orain izaten da garaia mozteko. Beraien baso propioa dute baserritik gertu, pinua bereziki, eta bertatik mozten dituzte zuhaitzak motozerrarekin. Egur zati handiak etxera ekartzen dituzte, ondoren, enbor-zatitzailearen bitartez enbor lodienak txikitu, eta azkenik, zerra elektrikoaren bidez sutondorako tamainara egokitu. Lastoa biltzea baina lan eramangarriagoa da, baina baita aspergarriagoa ere.
Abrikoten uzta jaso
Egonaldiaren azken etapan etorri da interesgarriena, baserri honen produktu izarra den abrikoten uzta alegia. 400 abrikotondo inguru izanda, ez da lan xamurra izan fruta guztia biltzea. Azken urteetan zuhaitzak akabatzen ari den gaixotasun baten inguruan ikasi dut, baita frutarekin egiten dituzten post prozesaketak ere (marmelada eta edari destilatua). Guzti honen azalpenekin artikulu hau luze geratuko denez, “Abrikotak” artikuluan azalduko dut guztia xehetasun handiagoz.