252-254 egunak: Dolomiten edertasunaz maiteminduta

252-254 egunak: Dolomiten edertasunaz maiteminduta

252. eguna: Germona del Friuli – Giralba (99km, +1585m)

Zerua oskarbi, giro freskoa, gorputzaldi ona eta motibazioa gainezka. Dolomiten gogortasunaz gozatzeko baldintza paregabeak. Espektatibak oso altu jarrita nituen, mendizale amorratua izanik, paisaia hauek ikusteko irrikan egon naiz azken egunetan. Espektatiben langa gainditu du ikusitakoak.

Baserriz baserri haranean gora doan errepideak bertako soro berdeak bitan zatitzen ditu. Haranaren bi albotan berriz, amildegiz osaturiko mendi zorrotzak, sekulako harritzarrak zerura iritsi nahian. Ametsetako paisaia, besterik gabe.

253. eguna: Giralba – Corbara (90km, +3048m)

Italiako Giroko Passo Giau mendate mitikoan nire alderdi lehiakorrarekin bat egin dut aspaldiko partez. Mendate gogorra da, 15km inguru eta mila metrotik gorako desnibela igo behar da suge baten itsura duen errepidean gora, ez da lan makala.

Hasi eta berehala, bikote italiar batek aurrea hartu dit. Nire buruak segituan sortu du erronka: baietz beraien erritmoan goraino iritsi. Esan eta egin. Hauspoa ondo berotuta iritsi naiz, baina beraiekin.

Mendatean gora elkarrekin igaro dugun ordu eta erdi honetan adiskidetu ere egin gara. Erronkaren motibazioak eta konpainiak amaiezina izan zitekeen mendatea dibertigarri bihurtu du. 

Passo Giauz gain, gogortasun berdineko beste bi mendate igo behar izan ditut, hauek lasaiago. Biharko egunera bizirik ailegatu nahi dut!

254. eguna: Corbara – Ciardes (141km, +1990m)

Mendate mitiko hauetan txirrindularitza zaletasun handia dago. Errepideko bizikletekin ibiltzen da gehiengoa, zakutoekin horrelako mendateetan ibiltzea ez da oso normala dirudienez. Nobedadea izanda, nire bidaiarekiko interesa erakutsi dute txirrindulari askok. Noizean behin egindakoa partekatzea eta jendeak zeinen ondo hartzen duen ikustea atsegina da egia esan.

Gaurko etaparekin amaitu dut Europako lehen blokea. Venosta haraneko mendi magalean aurkitzen den Radebenhof baserrira iritsi naiz. Wwoof plataformaren bidez egin nuen kontaktua beraiekin eta datozen bi hilabeteak hemen igaroko ditut lanean. Goizero lan egitearen truke, aterpea eta jatekoa eskaintzen didate. 

Urte honen helburu nagusia esperientzia berriak bizi eta ikastea da, horregatik naiz hemen, ilusioz beterik. Ea baserriko lana ez zaidan bizikletan ibiltzea baina gogorragoa egiten!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude