248-251 egunak: Lau egunek askorako ematen dute
248. eguna: Zadar – Cres (61km, +805m)
Kroazia gurutzatzeko hiru aukera daude: kostaldetik, barnealdetik eta uharteetatik. Zikloturista askorekin gurutzatu naiz Balkanetan, gehienak Kroazia gurutzatu ondoren, Grezia norabidean doazenak. Horrela izan dut ibilbide ezberdinen abantaila eta desabantailen berri.
- Kostaldetik: Gutxien gomendatu didaten ibilbidea da. Nahiz eta paisaia aldetik ederra izan, trafiko handiko errepideetan ibiltzea beharturik zaude. Baztertuta.
- Barnealdetik: Gomendagarria oso. Trafiko aldetik lasaia eta paisaia izugarriak. Hori bai, mendate gogorrez josia. Nahikoa aldapa igo ditut Montenegron eta ibilbide lasaiago baten bila nenbilen. Ez ninduen askorik erakarri aukera honek.
- Uharteetatik: Trafikorik ez, paisaia ederrak eta aldapa gogorregirik ez. Guztietan gehien erakarri ninduen aukera izan zen eta hauxe egitea erabaki nuen. Cres uhartea ezagutu ondoren erabaki zuzena hartu nuela baieztatu dut gaur. Bilatzen nuen lasaitasuna topatu dut uharteetan.
249. eguna: Cres – Merece (99km, +1588m)
Esloveniara iritsi berri naiz, gauerako ekaitza iragarri dute eta arratsaldeko azken orduetan oraindik ez dut lotarako tokirik aurkitu. Mereceko autobus geltokian ea lo egiterik izango nukeen galdetu diot bertako bizilagun bati. Baietz esan dit, arazorik gabe, baina bere baserriko biltegian erosoago igaroko nuela gaua.
Bizikletari gainbegiratu bat eman dio eta atzeko parrila eta koadroaren lotura puntua puskatuta dagoela konturatu da (Grezian eginiko soldaketak egun gutxi iraun zituen, gaur arte brida bidez izan ditut bi elementuak loturik). Konturatzerako beste bizilagun baten lantegian gaude arazoa konpontzen. Bizkor eta ongi egindako lana izan da. Ziur naiz lotura honek ez didala luzaroan arazorik emango.
Horrelako egonaldi batek uzten duen ongizate sentsazioa izugarria da. Aterpea, laguntza, jatekoa eta elkarrizketa eman didan familia honi eskerrak eman besterik ez dago. Grisez margotzen diguten mundu honetan bada oraindik ilusioa pizten duten borondate oneko jendea, eta asko gainera.
250. eguna: Merece – Temnica (66km, +617m)
Ba al zenekien Esloveniatik Venezia ikusten dela? Temnicatik bai. Eslovenia mendebaldeko basoan murgilduta dagoen herri honetan egin dut lo Wormshowers-en eskutik. Lurralde honetako herri gehienak bezala txikia eta lasaia da. Bizitzeko leku paregabea iruditu zait.
Etxeko andrearekin berriketan ari naizela ea hartzaren batekin topo egin dudan galdetu dit. Europako hartz dentsitate handiena omen du Esloveniak eta, hartz batekin topo egitea arraroa bada ere, pentsatzen dena baina gertagarriagoa da. Izu aurpegia nabaritu dit eta lasaitu nahian urtean lauzpabost eraso bakarrik egoten direla esan dit… Gutxi irudituko zaio!
251. eguna: Temnica – Germona del Friuli (99km, +561m)
Egun goibela eta euritsua, desatsegina bizikletan ibiltzeko. Gainera, trafikoa saihestu nahian mendi bideetatik egin ditut kilometro gehienak, eta erabat lokaztuta bukatu dut. Eguraldi makurra ez da nahikoa izan ordea morala zapuzteko. Jarraian datozen egunak izugarriak izan behar dira, Dolomitetan murgiltzera noa.
Germona del Friulira iristeko Udineko lautada gurutzatu behar izan dut, Italian dagoeneko. Hasieran zerumugan ikusten nituen mendi txikiak handituz joan dira gerturatzen nindoan heinean. Mendilerroaren atarira iritsi naiz eta parez pare dauzkat menditzarrak. Oilo-ipurdiak eraginda, ileak tentetu zaizkit azalean.