245-247 egunak: Ezustekoekin jolasean
245. eguna: Dubrovnik – Racise (126km, +1582m)
Greziako freskura eta katarro kontuak atzean geratu dira eta badirudi uda iritsi dela Balkanetara. Berotan sartzeko edaten nituen te eta kafeak izozkiengatik ordezkatu ditut dagoeneko, garaian garaikoa. Desagertu dira bainuen osteko hotzak eragindako dardarak ere.
Afrikako udatik Europako udaberrira egin nuen salto, baina pare bat asteren ostean, bueltan naiz berriz uda giroan. Hozbera izanda, neurrira eginiko bidaia izaten ari da.
246. eguna: Racise – Prgomer (76km, +1087m)
Goizeko lehen orduetan iritsi naiz Kroaziako Korcula uhartearen mendebaldeko muturrera. Bertan hartu dudan ferryak Split hirira eraman nau. Herri historiko honetan bada zer ikusi, halere, ez dut geldialdirik egin. Nahikoa turismo egin dut Dubrovniken, ez dut beste hiri batean murgiltzeko gogo izpirik ere.
Eguzkia sartu eta eguneko azken argi minutuetan nengoela gertatu da ezbeharra. Berriz ere atzeko parrila, nola ez. Parrila eta koadroaren arteko loturan eman da arazoa, bi piezak elkartzen dituen torlojua bitan zatitu da. Torlojuaren zati bat zulo hariztatuan geratu da ez aurrera ez atzera, eta hau atera ezean, ezin ordezko torlojua jarri.
Iluntzean hasia da eta mendi portu baten erdian nago, ez da lekurik aproposena gaua pasatzeko. Bertan arazoa konpondu ezin nuela ikusita, zakutoa aurreko parrilan jarri eta, nola edo hala, lortu dut aurrera egitea baserri batean artatu nauten arte. Bertan zulagailu elektriko batekin aise atera dugu trabatutako torlojua.
Dagoeneko ilunduta, ondoko belardian muntatu dut kanpina. Afaria prestatzen ari naizela irribarrea dut aurpegian marrazturik. Ezusteko hauek sortzen duten adrenalinaren ostean, arazoari irtenbidea ematerakoan sentitzen den lasaitasunak sorturiko irribarrea da.
Bidaia honen ardatzetako bat da ezustekoei irtenbidea aurkitzea. Batzuetan estutasun uneak bizitzen diren arren, asko ikasten da prozesu hauetan, eta muinean, baita gozatu ere.
247. eguna: Prgomer – Zadar (116km, +721m)
Ferryen webgunean argi jartzen du: Zadarretik Cres uhartera doan Ferrya gaurko arratsaldeko lauetan irteten da portutik. Ordubete lehenago han naiz, edozein ezusteko gertatzen dela ere lasai ibiltzeko. Espero bezala bada zerbait, eta denbora falta ez da arazoa izan. Gaurko ferrya bertan behera geratu omen da eta bihar goizeko bederatzietan irtengo da hurrengoa.
Hiririk ez dudala bisitatuko esan nuen duela bi egun, turismo gehiago ez bolada batean. Bada hemen naukazue, Zadar hiriko kaleetan, izozki bat eskuan, alde zaharreko monumentu ezberdinak bisitatzen… Ez gehiegi hitz egin, nahi ez bada huts egin!