241-244 egunak: Lau estatu hiru egunetan
241. eguna: Shkoder – Obzovica (84km, +1924m)
Goizean goiz Albaniatik Montenegrora egin dut salto, edo Mendibeltz-era literalki euskaratuta. Ez dut ideiarik ere estatuaren izen honen benetako jatorriaz, baina gaur bizitakoarekin nik nire hipotesia sortu dut.
- Zergatik Mendi? Hau da zati errazena. Lurralde guztia mendiz josia dago, ez dago metro lau bat bera ere.
- Zergatik Beltz? Alde batetik bestera mugitzeko beltzak ikusi behar direlako!
242. eguna: Obzovica – Grahovo (87km, +1695m)
Gaurkoa etapa ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izan. Estatuaren izenaren sortutako hipotesia baieztatua geratzen da. Izerdi tanta bakoitzak merezi izan du ordea, a zer nolako parajeak! Ibilbide guztia zoragarria izan bada ere, Kotorreko badia azpimarratu nahiko nuke. Naturak mila metroko mendi garaiak eta itsasoa baliatuz sortu duen gotorleku, babes egitura paregabea. Garai batean babes hau nahikoa ez, eta amildegietan eraikitako gaztelu eta harresi ikusgarriak ere aurkitzen dira. Ez zen lan xamurra izango, edo beste modu batera esanda, beltzak ikusi behar izango zituzten… Mendibeltz!
243. eguna: Grahovo – Dubrovnik (95km, +1063m)
Bitxikeriak pilatzea gustatzen zait eta gaurko eguna ezin nuen alferrik galdu. Dubrovnikera iristeko bide laburra har nezake, bizikleta gainean bizpahiru ordu aurreztuz, baina nahiago izan dut bide luzea hartu. Arrazoia bakarra: nire ibilbidearekin hiru estatutan ibili naiz bizikletan egun bakarrean (Montenegro, Bosnia eta Herzegovina eta Kroazia) eta bide laburrarekin bi soilik izango lirateke (Montenegro eta Kroazia).
Europan estatuak gurutzatzea minutu gutxiren kontua da, nortasun agiria erakutsi eta aurrera. Mugetan Afrikan bezalako komeriak izango banitu, beste kuku batek joko luke. Ehunka kilometro estra egiteko prest nago muga korapilatsu horietako batekin topo ez egitearren!
244. eguna: Dubrovnik (Deskantsua)
“Game of Thrones” telesail ospetsuko jarraitzaile sutsua izanik egun bat hartu beharra neukan Dubrovniken. Ezin ukatu hautaketa ona egin zutela zuzendariek grabaketak egiteko, harresi, gaztelu, eliza eta alde zaharreko bide zidorrek sekulako xarma dute.
Telesail honen aurretik jomuga turistiko ezaguna zen Dubrovnik, baina ez dago zalantzarik telesailaren arrakastarekin batera, turista kopurua ere areagotu egin zela, bertako ostalari batek berretsi didan moduan. Ekainak bi egun ditu soilik eta jendez gainezka izan da alde zaharra eguna hasi eta buka. Ez dut pentsatu ere egin nahi abuztuan hau nola izaten den…
Ez dago Kroaziaraino etorri beharrik esaten ari naizenaz jabetzeko. Etxetik gertu dugun Gaztelugatxen gertatu denaren ispilua da Dubrovnikekoa.