236-240 egunak: Albanian gozatzen
236. eguna: Zitsa – Klos (145km, +803m)
Bizikletan ibiltzeko ametsetako baldintzak izan ditut. Eguraldi eguzkitsu eta epela, etaparen gehiengoa ordekan edo aldapa behera, trafiko gutxiko errepide ona, eta garrantzitsuena, haizea alde. Ez dakit egoera paregabe honek lagundu duen, baina bidaiako paisaia ikusgarrienetako bat iruditu zait gaurkoa. Bailararen errekari jarraika, mendiak bi aldeetan, gozatu besterik ez dut egin. Eguna amaitzeko, erreka bazterrean, tabernariaren onespena jasota, txoko paregabean igaroko dut gaua. Ez dago ezer gehiago eskatzerik, ondo baino hobeto atera da guztia.
237. eguna: Klos – Tirana (148km, +798m)
Betiko legez, pare bat orduren ostean, atsedena hartzeko geratu naiz itzal baten babesean. Ondo hidratatu eta jan gabe ez dago aurrera egiterik. Bertan, ni bezalaxe, indarrak berreskuratzen zebilen zikloturista batekin egin dut topo. Turkian hasi zuen bidaia eta etxean, Frantzian, amaitzea du helburu. Norabide berean goazenez, batera ekin diogu deskantsu osteko saioari. 50km inguru batera ibili ondoren, bakoitzak bere bidea hartu du. Berak Tirana hirian lo egiteko hostatua erreserbatuta zuen dagoeneko, nik, ohiko moduan, edozein txoko aurkituko dut kanpina jartzeko.
Topatzen ditudan zikloturista gehienak gizonezkoak izan dira, bakarrik bidaiatzen normalean. Binaka ibiltzen diren gehiengoak bikotekideak izaten dira, eta topatu ditut taldean bidaiatzen dutenik ere. Adinari dagokionez, ez dut ni baino gazteagorik ikusi… gaur arte. Ezagutu dudan Noemie, 24 urteko neska frantziar bat da. Estereotipoak apurtuz balentria galanta egiten ari dena, bejondeiola!
238. eguna: Tirana – Shkoder (98km, +251m)
Ez dira urte asko pasa Albanian azken gerra zibila bizi izan zutenetik, 25 zehazki. Gatazka armatu honen arrastoak ikusgai daude, oraindik ere, estatuko bazter ezberdinetan. Bunker bat ikusten dudan bakoitzeko tripak nahasten zaizkit, gerrarekin loturiko edozein pentsamendu etortzen zaidanean nahasten zaizkidan moduan. Eraikin militar hauetan sufrimendua besterik ez dut ikusten islaturik. Barruan tiroka ibili zenaren sufrimendua, kanpoan tiroak jasotzen zebilenarena, eta baita bunkerretatik urrun, etxekoena.
239-240 egunak: Shkoder (Deskantsua)
Bi egun euritsu, beraz, atsedena tokatzen da. Wormshowers bidez lorturiko aterpea berriz ere, kasu honetan baserri batean. Ez naiz bakarra izan bi eguneko deskantsu hau planifikatu duena, eta herritartasun anitzeko 20 lagun inguruko zikloturista talde bat bildu gara baserrian. Bakarrik egon naizen denbora guzti honetako isiluneak konpentsatuta geratu dira, hitz egin beharreko guztiak eginda. Gau eta egun solasean eta jolasean, barre eta algara. Egonaldi biribila!