233-235 egunak: Gogoetetak eta bitxikeriak Greziako azken egunetan
233. eguna: Kallitea – Loutro (87km, +564m)
Mendiaren magalean egotetik itsasbazterrean lo egitera pasa naiz berriz ere. Mendiak eskaintzen dituen ur gezako iturburu edangarrietatik itsasoaren ur gazietara. Makina bat aldiz egin dut hari bereko ibilbidea eta errepikakortasun sentipen batek hartu nau. Bizimodu ero hau errutina bihurtu dela sentitu dut. Lehen egunetan hondartza batean lo egiteak ekartzen zuen zirrara ez da hain sutsua, apaldu egin da.
Ikuskizun hutsa izan den ilunabarrarekin batera emozio kontrajarriak izan ditut. Esperientzia pilatuz doa eta bizimodu honen egunerokotasuna kontrolpean dut dagoeneko. Horrekin batera, ziurgabetasunak ekartzen duen tentsio edo adrenalina puntu hori desagertu egin denez, bakea eta edozer gauza egiteko askatasuna sentitu dut.
Bestalde, behin eguneroko arazoen kontrola izanda, buruak badu beste zertan pentsatu eta etxera joan da zuzenean. Etxekoak, lagunak, herriko giroa, euskal paisaiak… Herriminak bete-betean jo nau, bere tristura puntuarekin. Zorteko sentitu naiz halere. Herria faltan botatzea seinale ona da, maite duzunaren eta bertan maitatua sentitzen zarenaren seinale alegia.
234. eguna: Loutro – Zitsa (126km, +1744m)
Berriz mendira. Normalean baina etapa luzeagoa eta gogorragoa egin dut, baina bada arrazoia. Aurretik aipatu izan dudan Wormshowers plataforma bidez, Zitsa herrian lo egiteko txoko bat eskaini didate, eta horrelako aukerak ezin dira galdu. Helmuga jakin bat izatea motibazio iturri ikaragarria izan da, hanketako mina arinagoa izaten da ohean lo egin behar duzula dakizunean!
235. eguna: Zitsa (Deskantsua)
Etxeko ateak zabaldu dizkidan familiarekin gustura nago eta egun bat luzatu dut egonaldia, oso atseginak dira. Anekdota ugari kontatu dizkidate eta batzuk aipatuko ditut, bitxikeria interesgarriak benetan:
- Duela hogei urtetik gora ezagutu ziren Anna estatubatuarra eta Kostas greziarra Couch Surfing plataformareneskutik (Wormshowers-en antzekoa) eta orain senar-emazte dira.
- 2008tik eskaintzen dute aterpea Wormshowers bidez, eta ordutik, ni kontuan izanda, 1140 pertsona izan dira beraienean. Badute meritua. Kostasen okindegiko arbelean aurkitzen da zerrenda.
- Hainbeste bidaiariren artean bazen frantziar bat benetan historia harrigarriarekin. Egun berean lana galdu eta neska-lagunak berarekin utzi zuen, hondoa joz. Ohiko bizimoduak eragin zion mina ahaztu nahian, bizikleta zakutoz hornitu eta tximino baten konpainiarekin (ez dakit nondik aterako zuen tximinoa) pedalei eragiteari ekin zion, norabiderik gabe. Urteak igaro dira eta ez omen da etxeratu oraindik. Hamaika entzuteko jaioak gara!