224-226 egunak: Errekuperazio egunak paradisuan
224. eguna: Kalamata – Messini (21km, +69m)
Agujetak kuriosoak dira. Nabarmenak direnean, lehen egunean ez, bigarrenean izaten dira mingarrienak, eta halaxe izan da nire kasuan ere. Taigetos mendi irteeraren ondorioak ez dira xamurrak izaten ari.
Bizikletaren aldagailua konponduta, aurrera jarraitzeko unea da, baina estutu gabe. Ordekan arrabola pixka bat egin hankak askatzeko, eta hiritik kanpo aurkitu dudan lehen hondartzan muntatu dut kanpamendua. Eguna amaitu aurretik, nola ez, igeri saioa. Ohitura bihurtu da itsasertzean lo egiten dudan aldiro bainua hartzea. Ohitura ona inondik ere.
225. eguna: Messini – Koroni (43km, +433m)
Etapa laburra gaur ere. Giharretako mina arindu bada ere, nekeak hanketan jarraitzen du. Beraz, errekuperazioak du lehentasuna. Egunaren gehiengoa jaten eta erlaxatzen igarotzen dut alegia. Hau da hau mauka!
Otorduen gehiengoa nire sukalde eramangarriaren bitartez prestatzen baditut ere, gehien aurrezten delako eta kantitate handiak jateko gehienbat, jatetxeetan ere bazkaltzen dut tarteka. Greziak eskaintzen duen gastronomia bikaina da, besteak beste oliba-olioa, oreganoa eta Feta gazta osagai tradizional dituelarik. Bestalde, plater izarra nire iritzitan, dudarik gabe: kebaba. Herri guztietan aurki daitekeen zerbait da eta oso merke, 3€ ingururen truke pieza duin bat eskaintzen dute. Ez dakit kirola egiten dudalako den, baina ezinezkoa egiten zait bakarra jatea… Eserialdi bakoitzeko bi jaten ditut gutxienez!
226. eguna: Koroni – Voidokilias hondartza (58km, +902m)
Voidokilias hondartza ezaguna da turisten artean eskaintzen duen edertasunagatik. Ondo irabazitako fama inolaz ere. Eskala txikiagoan, baina Donostiako Kontxaren antza hartu diot lehen begiratuan. Nola ez da ba ederra izango.
Turisten gehiengoa uztailean edo abuztuan etorriko da beraien toalla, itzalkin eta mota guztietako hornidurekin. Ez da giro izango! Oraindik maiatza da ordea eta ez da arimarik aurkitzen hondartzan, dena niretzat. Gainera, hodei bakar bat ere ez zeruan eta ametsetako ilunabar bat eskaini dit naturak eguna amaitzeko. Bakea nagusi, bai hondartzan eta bai nire baitan.