221-223 egunak: Abentura Taigeto mendian
221. eguna: Trahila – Kalamata (53km, +562m)
Bart Wormshowers plataformaren bidez aurkitu nuen lotarako txokoa Konstantinosen eskutik. Trahilakoa bigarren etxea omen du, Kalamata hirian du etxebizitza nagusia. Txirrindularitza zale amorratua izanik, bizikletaz egiten ditu normalean bi etxeen artean dauden 53 kilometroak. Nire ibilbidea ere Kalamata bertatik pasatzen denez, elkarrekin egin dugu gaurko saioa eta bertako etxean ere lotarako txoko bat utzi dit. Jatorra gizona.
Beste gau batez geratzeko proposamena ere luzatu dit nahi izanez gero. Beraz, burua segituan jarri dut martxan plan alternatibo bat prestatzeko. Eguraldi paregabea iragarri dute bihar egun osorako eta etxetik gertu mendi kate mardul bat aurkitzen da. Ez dut gehiago behar egun-pasa interesgarri bat antolatzeko.
222. eguna: Kalamata – Taigeto mendia – Kalamata (102km, +3559m)
Eguzkiaren lehen izpiekin jarri naiz martxan, egun luzea dator aurretik. Bizikletaz 40km inguru egin behar ditut lehenik, eta ondoren, azken 10 bat kilometroak oinez mendiaren gailurrera iristeko, eta nola ez, gailurretik etxera beste hainbeste. Erronka latza, ez da lan erraza izango.
Dena ustekabekorik gabe zihoan etxera itzultzeko bizikleta hartu dudan arte. Hasi eta berehala aldagailua hautsi egin da (dut). Mugikorrak ez du estaldurarik eta gertuen dagoen herria 20 kilometrora aurkitzen da. Hasieran kezkatu egin naiz, salduta sentitu bainaiz. Zorionez, matxura ez da larriegia eta bizikletaz egin ahal izan dut bueltako bidea. Arazo bakarra katea ezin izan dudala piñoiez aldatu eta aldapa gogorrenetan bizikleta bultzaka igo beharra izan dudala. Izerdi gehiago isurtzea eskatu dit matxurak, besterik ez. Iluntzearekin batera iritsi naiz etxera, abentura gogoangarria.
223. eguna: Kalamata (Deskantsua)
Atsedena hartzeko bi aitzakia ditut: agujetak eta aldagailu matxuratua. Konstantinosek gomendatu didan tailerrera gerturatu eta arratsalderako lana eginda izango dela zin egin badit ere, azken orduko ezusteko bat dela eta, bihar arte ez dut bizikleta eskuragarri izango.
Nahi bezainbeste egun har ditzala mekanikariak, nire hankek eskertuko dute atzerapena. Bizikleta soilik ez, nire hankak ere konponketa lanetan daude atzoko jipoitik erabat osatzeko!