218-220 egunak: Katarroa
218. eguna: Skala – Mavrovouini (15km, +175m)
Afrikako egonaldiaren gehiengoa bero sargoritan igaro dugu, batez ere azken hilabetea, egunero termometroek 40ºCren langa aise gainditzen zuten. Greziako udaberrian hotz egiten duenik ezin esango dut, baina tenperatura ez da 20 gradu zentigradutatik igotzen, fresko. Gainera, euria egin duen egunetan hoztuta, ezin berotan sartu ibili naiz. Guzti honen ondorioa esperotakoa izan da: katarroa. Atsedena denez erremediorik eraginkorrena, kanpin batean sartu naiz dutxa bero bat hartu eta ondo deskantsatzeko. Gorputzak eskertuko du.
219. eguna: Mavrovouini (Deskantsua)
Lozakuko goxotasunetik sukaldera eta sukaldetik lozakura. Hauxe izan da nire gaurko eguna. Hala ere, uste daitekeenaren kontra, beste egunak bezainbeste disfrutatutako eguna izan da. Nork ez du gogoko noizean behin ezer ez egitea?
Turismoaren goi-denboralditik at, kanpineko bezero bakanetako naiz, eta momentu honetan behar dudan bakea da nagusi. Inguru hauetan hain ospetsu eta enblematikoak diren olibondoetan hartu dut babesa. Leku paregabea katarrotik sendatzeko. Zorionez gaixoaldia laburra izan da eta gorputzaldi ona bueltan da. Deskantsu egun bakarra nahikoa izan da errekuperatzeko, gaztea izatearen abantailak.
220. eguna: Mavrovouini – Trahila (52km, +696m)
Zikloturistei aterpea musu-truk eskaintzen dien bihotz oneko pertsona eta familiak aurkitzen dira Europako herrialde gehienetan. Bueltan eskatzen duten bakarra esperientziak partekatzea, elkarrizketa interesgarri bat. Wormshowers plataformaren bidez egiten da kontaktua ostalari boluntario hauekin. Gaurkoa nire lehen esperientzia izan da, eta espero bezala, errepikatzeko modukoa.
Kanpin-dendan astebete lotan igaro ondoren ohean lo egitea bezalakorik ez dago, are gehiago katarro baten osteko egunean. Gehien eskertu dudana afaria izan da hala ere, dagoeneko faltan botatzen nituen otorduetako elkarrizketak eta luze aritu gara tertulian, nekeak lotara bidali gaituen arte.