215-217 egunak: Peloponeson murgilduta
215. eguna: Epidavros – Astros (74km, +634m)
Nauplio hiria izan da protagonista eguzkipean eginiko etapa zoragarri honetan. Ordiziako asteazkenak gogorarazi dizkidan azoka jendetsu bat gurutzatu dut lehenik, eta ondoren, Donostiako Pasealeku Berrian sentitu naiz mendiaren hegalean sortu duten ibilbidean.
Iragarpenetan euria ageri da gauerako eta kanpin batean sartzea iruditu zait egokiena. Eguzkiaren azken printzekin iritsi naiz sarrerara itxita dagoela konturatzeko. Kilometro batzuk atzera abandonatutako ermita moduko bat ikusi dut eta hara joan naiz aterpe bila. Beldurrezko pelikula bat grabatzeko toki egokiagoa da gaua igarotzeko baino, zikintasun asko dago gainera. Baina tira, gau bat igarotzeko balioko dit.
216. eguna: Astros – Leonidio (60km, +961m)
Etaparen gehiengoa jubilatutako bi gizonekin egin dut. Erritmo parekatua izanik, konpainia egin diogu bata besteari. Nire kasuan zakutoetako kiloek mugatzen dute abiadura, beraien kasuan berriz, adinaren zamak. 70 urte bete berritan oraindik ez dute bizikleta baztertu, ongizate fisiko zein mentalaren ardatz omen dute txirrindularitza. Sasoiko daude eta hala izan bedi urte askoan!
217. eguna: Leonidio – Skala (79km, +1343m)
Etaparen lehen kilometroak ez dira xamurrak izan, mendate gogor bat igo behar baitzen. Kenyan Iten herrira iristeko portua igo genuenetik, ez dut halako esfortzurik egin. Zorionez, gora egindako guztia behera egin behar da itsas mailara berriz jaisteko. Gorenera iristeko lana hankek egin behar izaten dute, beherakoan berriz balaztek. Bigarrenarekin geratzen naiz.