211-214 egunak: Lehen pedalkadak bakarrik
211. eguna: Atenas – Peristeria (38km, +432m)
Iritsi da eguna, etapa berri bat. Azken besarkadaz elkar estutu eta zorte ona opa ostean, bakoitzak bere bideari ekin dio. Zazpi hilabetez une oro alboan izan dudan Pelloren hutsunea sentitzea saihetsezina izango da, bizipen eta anekdotak berarekin ez partekatzea faltan botako dut, ez dut zalantzarik. Hala ere, motibazioz gainezka heltzen diot fase berri honi. Ez dut plangintza espezifikorik, ezta nahi ere. Sentsazioak izango dira bidaiaren gidari, ea nora eramaten nauten! Seguruenik Ordizian bukatuko dut, etxean, baina… hala izango al da? Nork daki!
Peristeriako itsasargiaren alboan aurkitzen den kala batean igaroko dut gaua arrain artean igeri saio freskagarri bat izan ondoren. Ilunabarrak ez du hotzik ekarri, beraz, kanpina muntatu beharrik ere ez gaua igarotzeko. Izarrak izango dira nire sabai. Ez gara gaizki hasi!
212. eguna: Peristeria – Korinto (76km, +840m)
Geldialdietan bizikleta aparkatzeko euskarri bat aurkitzea ez da beti lan erraza izaten. Normalean beti izaten da inguruan pareta, zuhaitz edo antzekorik, baina ez beti. Kasu horietan bizikleta lurrean utzi behar, zakutoetako gauzek eskuragarritasuna galtzen dutelarik. Irtenbidea eman behar zaio arazo honi, baita eman ere.
Funtzio hau betetzen duten bizikleta hankak komertzializatuta daude aspalditik, nagi naiz ordea denda bat bilatzen jartzeko. Ekonomikoagoa eta xarma handiagoko produktu bat okurritu zait, leku guztietan aurkitzen dena: makil bat. Basoan paseotxo bat eman, egokiena aukeratu, labanaren bidez txukundu eta kitto! Arazo bat gutxiago. Argazkietarako modelo berri bat ere bilakatu da bizikleta makilarekin. Bi txori tiro bakarrean, alajaina!
213. eguna: Korinto – Epidavros (42km, +862m)
Gaurko egunak euria ekarri du. Udaberria da eta ez da harritzekoa. Nahiz eta euskalduna izan, Sudan eta Egiptoko basamortutik etorrita, euria erabat arrotza egiten zait oraindik. Ordubete inguruko zaparrada izan behar zuenak ez du gelditzeko imintziorik egin sei orduren ostean, beraz, alferkeriak alde batera utzi eta euripean ekin diot etapari.
Goiza tabernan sartuta igaro dut tabernari eta bertako bezeroekin kontu kontari. Epidavros izeneko herrian aurkitzen den hondartza bakarti bat iradoki didate gaua pasatzeko. Zoragarria omen da eta ez da jenderik ibiltzen. Bete-betean asmatu dute, leku ezin hobea da gaua igarotzeko. Iristearekin batera atertu eta eguzkia atera da, momentu magikoa izan da.
214. eguna: Epidavros (Deskantsua)
Gaurko intentzioa beste etapa bat egitea bazen ere, ezin izan du hondartza perfektu honetatik alde egin. Esan bezala, nire sentsazioak dira bidaiaren gidari. Hemengo lasaitasunaz eta paisaiaz gozatzen igaro dut eguna, bake-bakean.
Horrez gain, herri honek duen altxor historikora txangoa egin dut, antzinako antzokira. Antzoki honek berezitasun bat omen du: akustika onena duen azpiegitura da Greziako antzinako teatro guztien artean. Atzo goizean, tabernan, gizon heldu batek emandako datua da, eta ardo tragoz pasata zebilen arren, sinetsi egingo dut.