Bide berriak kontinente zaharrean
Bidaia hau nola hasiko genuen bai, baina nola amaituko genuen ez genekien. Hasi aurretik bagenekien inprobisaziorako burua zabalik izan beharko genuela. Horren adibide da, esaterako, Asiara ez joan eta etxera bizikletaz iristearen kontua.
Gaurko artikuluan beste aldaketa bat kontatzera gatoz! Afrikan barrena, 210 egun, batera aritu ostean, bakoitzak bere bidea hartzeko ordua iritsi dela sentitu dugu. Elkarrekin ordu asko pasa ditugun arren, eta bata bestearen tontakeriak entzuteaz ere batzuetan nazkatu ere egin garen arren, banatzearen arrazoiak ez dira konbibentzia arazoengatik izan.
Pellok Jonek baino zertxobait lehenago iritsi nahi du etxera, udara hasierarako, zehatz esateko. Jonek, oreda, beranduago, irail edo urri aldera. Horrekin batera, Euskal Herrira bizikletaz iristeko helburua aspaldi jarri genuen eta hilabete gutxitan Pellok etxera iritsi nahi badu, Jonek baina azkarrago egin behar ditu kilometroak.
Jonen kasua guztiz kontrakoa da. Helburu bat finkatu eta denbora horretan ibilbide hori burutu baino, nahiago du eguneroko inprobisazio bat, hau da, eguneroko sentsazioen arabera mugitu, hauek nora eramango duten jakin edo axola gabe.
Horregatik, bakoitzak bere nahiei jarraitu ahal izateko aukera onena banatzea dela iruditu zaigu eta Europan barrena bakoitzak bere ibilbidea sortzea! Dagoeneko bizimodu honek zertan datzan ikasi dugu eta Europan bakarrik moldatuko garela espero dugu.
Batera ateratako azken argazkia erakusten dizuegu! Ikus dezakezuen moduan maillot berria estreinatzeko aukera ere izan dugu. BERRIAko lagunek opari eman digute beren maillota. Mila esker!