207-210 egunak: Azken egunak elkarrekin Atenasen
207. eguna: Aireportua – Atenas (32km, +310m)
Hegaldia goizeko hiruretan izanik gaupasaz iritsi gara Atenaseko aireportura. 32 kilometrora aurkitzen gara Atenaseko zentroan lau gau igarotzeko alokatu dugun apartamentutik. Bizikletak aireportuaren atarian muntatu eta bideari ekin diogu.
Etxera metro bidez ailegatzeko aukera badago ere, Jonek bizikletaz joatea erabaki du. Badira ia bi aste pedalkadarik eman ez dugula eta gaupasa batek ez dizkio bizikletan ibiltzeko gogoak itzali. Pelloren kasuan hegaldiaren nekea gailendu da balantzan eta metroz joan da. Zalantzarik egin gabe partekatu duguna bazkalosteko siesta izan da.
208. eguna: Atenas (Deskantsua)
Eguna kalerik kale ibiltzen igaro dugu. Hilabete dezenteren ostean, gure etnia bereko jendartean murgiltzea arraroa izan da, ohituta baikaude dagoeneko arrotzak izatera. Horrez gain, orokorrean txukuntasun eta garbitasun maila hobea ikus daiteke bai kaleetan eta bai arlo guztietako dendetan zein zerbitzuetan. Orokorrean, Afrikako hiriek kaos sentsazio gehiago transmititzen dute.
Ilunabarra ikusteko hiriaren bihotzean aurkitzen den muino batera igo gara. Eguraldia lagun, bista panoramiko zoragarriak izan ditugu gure gozamenerako. Ederra da Atenas.
209. eguna: Atenas (Museoak)
Antzinako zibilizazio eta gertakari historiko nabarmenen kokaleku izanik, museo nagusiak bisitatu gabe ezin alde egin Atenasetik. Egia aurretik, ezer gutxi dakigu historiaren inguruan, oinarrizkora justu-justu iristen gara (iritsiko ote gara?). Museo hauetan aurkitzen den informazio jasa gehiegizkoa izan da guretzat, ez dakigu zenbat iraungo duen gaur ikusitako guztiak gure memorian. Hala ere, bertan aurkitzen diren eskultura eta bitxi bildumen edertasunaz asko gozatu dugu. Ikaragarria da eskulanetarako garai batean zuten abilezia.
210. eguna: Atenas (Akropolira bisita)
Bereziena azken egunerako utzi dugu: demokraziaren sehaska den akropolia. Atzoko legez, xehetasun gutxirekin dakigu leku honek historikoki izan duen garrantzia, baina ez da halakorik behar Partenoiaren edertasun arkitektonikoa miresteko. Ez da erraza izan tarte bat aurkitzea monumentu honekin argazki bat ateratzeko, hori da jende andana!
Hala ere, bisita hau ez da izan egun hau berezi egingo duena. Elkarrekin igaroko dugun azken eguna izan da. Datorren artikuluan azalduko ditugun arrazoiak direla medio, bakarkako abenturan zeharkatuko dugu Europa etxera iritsi arte. Faltan sentituko al du batak bestea? Seguru gaude baietz.