201-203 egunak: Bisitaren amaiera Kairon
201. eguna: Luxor – Kairo (650km trenez)
12 ordu baina gehiago eserita eman dugun arren, nekagarria izan da gaurko eguna. Luxor utzi eta Kairora izan da egunaren helburu nagusia. Horretarako goizeko bederatzietan trena hartu dugu. Jendez lepo dagoen bagoi batean sartu gara, gehienak gazteak 18-20 urte bitartekoak. Turismo ekintzak, etxekoen bisitarekin gehituta egun aktibo samarrak izan ditugu eta bidaia lo, edo behintzat deskantsuan, pasatzeko asmoa genuen. Ezinezkoa egin zaigu, ordea. Inguruan genituen gazteek elkar ezagutzen dute eta parranda giroan, zalapartaka, aurrera eta atzera mugitzen eman dute bide osoa. Beraien kasuan egongo bagina, antzeko jarrera batean pasako genituen bidaiako denbora, baina bisitari moduan egonik lasaitasun pixka bat eskertuko genuke.
Hau dena gutxi ez eta trena uste baino mantsoagoa da. Teorian arratsaldeko zazpietarako iritsi behar zuen, baina azkenean bederatzietan iritsi gara Kairora. Zorionez, eguna modu dibertigarri batean amaitu dugu. Hotela tren geltokitik 12 kilometrora aurkitzen da eta Beñat eta Ekaitzek taxi bat hartu dute. Guk bizikleta sartzerik ez dugunez errepidetik joatea erabaki dugu. Kairon, ordea, uste baino trafiko handiagoa dago eta arriskutsua iruditu zaigu bizikletaz zeharkatzea. Honi soluzio bat emateko, taxi gidariarekin hitz egin dugu eta kotxearekin mantso joango zela esan digu, ezkutu moduko bat eginez, gu babesteko. Dibertigarria izan dira hiriburuko lehen orduak!
202. eguna: Kairo
Egiptora iritsi zenetik Ekaitz urduri egon da egun hau aipatu izan dugun bakoitzean. Tutankamonen sarkofagoa eta maskara bisitatzera joan gara Kairoko Egyptian museora. Dokumental batean ikusi omen zuenez, munduan dagoen objekturik preziatuena da eta horrek balio erantsi bat ematen dio bisitari.
Museoan barrena aurrera eta atzera ibili gara sarkofagora iritsi aurretik. Argi gutxiko gela batean aurkitzen da Tutankamon. Azken egunetan momentu honetaz hainbeste aldiz hitz egin dugunez, urduri samar sartu gara gelara. Iluntasuna da nabari gelan, eta atmosfera mistiko bat sentitu daiteke. Urrezko maskaraz gain, hilobian aurkitu zituzten pieza mordoa aurkitzen da gelan, guztiak ere urrezkoak. Bisita aprobetxatze aldera, bi aldiz sartu gara gela ilunera pieza preziatua ikustera. Azkenean, aspertu eta nahikoa genuela sentituta museotik irten gara. Munduko pieza baliotsuena den edo ez, hau ez dakigu, baina maskara ederra dela onartu behar dugu. Arratsaldea Kairoko kaleez eta bertako nahasmenaz gozatzeko erabili dugu.
203. eguna: Kairo
Egiptori buruz hitz egitean, ziurrenik, herrialdearekin lotura zuzenena duen irudia etortzen zaigu burura, piramideena, alegia. Ekaitz eta Beñaten bisitaren azken eguna aprobetxatu dugu monumentu ikaragarri hauek ikusteko.
Gizeko piramideak, hau da, hiru handiak bisitatu aurretik Saqqarara hurbildu gara. Bertan aurkitzen da Zoser izeneko faraoiaren piramide mailakatua. Adituek esaten dutenez, piramaide hau izan zen antzinako egiptoarrek jatorriz eraiki zuten lehen piramidea da. Naiz eta polita iruditu zaigun, burua beste nonbait dugula onartu behar dugu.
Halako batean, monumentu hau bisitatzen ari garela, Gizeko piramideak ikusi ditugu. Naiz eta oso urrun egonagatik ez diren garbi ikusten, haien isla preziatu daiteke basamortuaren eta Kairo hiriaren arteko mugan.
Kotxez iritsi gara Gizera. Jendez gainezka dago ingurua eta piramideez gain, sorpresa bat topatu dugu. Ahaztuak ginen esfingea ere inguru horretan eraiki zutela. Piramideen antzera, hau ere oso handia eta polita da.