197-200 egunak: Elkartze berezia Egipton
197. eguna: Abu Simbel – Luxor (300km autobusez, 250km trenez)
Egun berezia du Pellok gaurkoa, Beñat anaia eta Ekaitz kudrilako kidea ikusiko ditu urte erdi pasaren ondoren. Abu Simbeletik 550km ingurura dagoen Luxor hirian gara elkartzekoak, bizikletaz egiteko ezinezkoa. Garaiz ailegatzeko, lehenik autobusa eta ondoren trena baliatuko ditugu.
Autobus gidariak goizeko 7etan hurreratzeko deia egin zigun atzo, beraz, gu zintzo azaldu gara 15 minutuko marjinarekin geltokira. 10ak jota atera gara geltokitik. Autobusa leporaino bete arte itxaron du gidariak bidaiari ekiteko. Esperientziak irakatsi digu gure planetan espero gabeko ezustekoei txokoa egin behar zaiela beti.
198. eguna: Luxor (Deskantsua)
Bidaiaren osteko ajearekin esnatu gara laurok eta eguna patxadaz hartu dugu. Luxorreko kaleetan barrena ibili gara bide zidor eta merkatuetan murgilduta. Bero mardulak ajea areagotu du nonbait, eta batetik bestera mugitzeko oinak pisutsuegi sentitu ditugu. Gure beharretara egokitzen den alternatiba turistiko itzela eskaintzen du hiri honek gure zorionerako: zaldi gurdia. Bizikleta baina motelagoa bada ere, ipurdiko minik ez du eragiten garraio honek!
199. eguna: Luxor (Bisita turistikoa)
Denbora batez aintzinako Egiptoko hiriburu izan zen Luxorren izanda, bisita turistiko formal bat egin gabe ezin genuen hemendik alde egin. Hiru tokitan izan gara: Erregeen haranean lehenik, Hatshepsut templuan ondoren, eta Memmon estatuetan amaitzeko.
Gida batek eman dizkigu azalpen historikoak geure begiekin hain ezagunak diren hieroglifikoak eta hondakinak ikusten genituen bitartean. Zoritxarrez, pasio gutxiz egin du lan gurekin gidak. Sortu zaizkigun zalantza eta galderak motz, edo zuzenean, ez zekiela esanez erantzun dizkigu. Gure irudimena erabili behar izan dugu zalantzak argitzeko. Hipotesi asko garatu ditugu… baita estralurtarrena ere!
200. eguna: Luxor (Bisita turistikoa)
Eguneko momentu bereziena Karnak tenplura egindako bisita izan da. Hondakin guztien artean bada bat gure atentzioa bildu duena: zortearen labezomorroa. Desio bat errealitate bihurtzeko gaitasuna omen du estatua honek, eta ba omen da jendea labezomorro honi bisita egitera soilik etortzen dena munduko beste puntatik.
Hala ere, arau xinple batzuk zehatz mehatz errespetatu behar dira kondairaren arabera: 7 itzuli eman behar dira estatuaren inguruan erlojuaren aurkako norantzan eta isilik egin behar da, hitzik esan gabe, desio bakar batean pentsatuz. Pello despistatu egin da ordea eta 7 itzuli t’erdi eman ditu, eta eskerrak gainontzekoek geratu dugun. Bestela nork daki zenbat bira emango lizkiokeen! Desioa beste baterako gorde beharko du.