Sudanen ikusi eta ikasitakoa
Segurtasun kontuak direla eta, hegazkina hartu behar izan dugu Etiopia gurutzatu eta Sudanera iristeko. Lurreratu bezain laster konturatu gara guztiz ezberdina den herrialde batera iritsi garela. Ugandako zuhaitzak desagertu eta harea besterik ez dagoen inguru batera heldu gara. Jendearen janzkera guztiz desberdina, eta tenperaturak ere zertxobait altuagoak. Hemen doaz Sudanen arreta piztu diguten kontu batzuk.
Astoak
Afrika ekialdeko herrialdeetan harrigarria iruditu zaigu objektuak garraiatzeko duten trebezia. Moto batean hozkailu bat arazorik gabe mugitu dezakete. Kotxe batean 10 pertsona eta hiruzpalau ahuntz.
Sudanen, ordea, kamioiez gain, astoak erabiltzen dituzte karga mugitzeko. Batzuetan, haurrak izaten dira gurdia gidatzen dutenak, beste batzuetan, ama-alabak. Aitona-amonak ere ikusi ditugu animali hauen gainean.
Egun batean, astoa baino handiagoa zen gizon bat gerturatu zen guregana. Pare bat kontu esan eta alde egin zuen. Asto gaixoa… Tipoak astoa bizkarrean errazago hartuko luke, inongo zalantzarik gabe! Artikulua idazten ari garela txantxibirin kantua etorri zaigu burura. “Astuak ziran txiki txikiak, atsuak berriz kristonak…”. Aspalditik ezagutu eta imajinatu izan dugun eszena ikusteko aukera izan dugu Sudanen!
Lotarako hamakak
Basamortuko klima gogorra den arren, baditu bere alde onak. Ez dute negua ezagutzen eta horrek aukera ematen die etxe sinpleetan bizitzeko. Herri txikietan, batez ere, lokatz eta lastoz egindako aterpeetan bizi dira. Egitura hauek ez dute aterik eta paretetan kristalik gabeko leihoak dituzte.
Etxe guztietan altzari bereizgarri bat izaten dute: hamaka. Denerako erabiltzen dute. Goizean, aulki moduan tea hartu eta lagun artean berriketan aritzeko. Arratsaldean, bazkalosteko lo-kuluxka egiteko bertan etzaten dira. Galena, berriz, ohe bihurtu eta lotarako erabiltzen dute.
Euririk egiten ez duenez, askotan, etxearen parean jartzen dute eta izarren azpian lo egin. Etxe bakoitzean horrelako hamaka asko daudenez, ia egunero izan dugu aukera ohe berezi hauetan lo egiteko. Kanpina albo batean uzteko aitzakia izan da. Hasieran eskorpioi bat azaltzeko beldur apur batekin lokartzen ginen arren, bukaeran gure etxeko ohean egongo bagina bezala egin dugu lo.
Lehortasuna
Iritsi aurretik bagenekien, edo suposatzen genuen, basamortua lehorra izango zela. Sentipen hau azalean sentitu dugu Sudanen pasa ditugun hiru asteetan. Egunean zortzi litro ur edan ohi izan ditugu eta, hala ere, ura maskurira iritsi baino lehen izerditu dugu, hau da, ez dugu ia pixik egin.
Askotan horrelako sentsazioak hitzez azaltzea zaila denez, kuriosoa iruditu zaigun adibide batekin saiatuko gara hau ulertarazten. Bizikletan genbiltzala hildako behi asko topatu ditugu errepide hertzen. Ia gehienak hil berriak zirela ematen zuen, izan ere, ez genuine hezurdurarik ikusten, denak bere larruazala kontserbatzen zuten.
Egun batean hauen ondoan geratzea erabaki genuen gertutik ikusteko. Larruazala kartoi edo plastiko baten Moduln lehortua eta gogorra zuten. Animaliak hiltzen direnean, hezetasunik ez dagoenez, azala lehortu egiten zaie eta disekatuta geratzen dira.