192-194 egunak: Sudanen azken egunak gozotik garratzera
192. eguna: Abri – Cafeteria (84km, +537m)
Gameluak ia egunero topatu ditugu bai errepide bazterrean eta bai herrietan ere, gaurko bilkura berezia izan da ordea. 20-30 inguruko talde bat jarraika izan dugu basamortuko 10 kilometro luzez. Sasoi galanta erakutsi dute gehienek, nahiz eta baten bat taldearen atzean ezin segika ibili den. Pena galanta hartu dugu norabidez aldatu dutenean, bidelagun sentitzen genituen ordurako.
Egunero ari gara ilunabar zoragarriak ikusten, baina aspertzetik urrun gara oraindik. Ilunabar bakoitzarekin sabelean tximeletak sentitzen ditugu eta argazkiak atera beharrean sentitzen gara. Ez dugu bakar bat ere ahaztu nahi!
193. eguna: Cafeteria – Wedi Halfa (100km, +579m)
Azken etapa luzea tokatzen da Sudanen. Indarrak azkenekotan daude, haizea kontra gogor dabil eta 45ºC inguru izan ditugu egun osoan zehar… eguraldi gorria. Buruan ondo sartua izan dugu hasieratik sufritzea tokatzen dela. Hala ere, egunak opari bat du gordeta guretzat.
Basamortuan gabiltzanean pare bat auto pasatzen dira errepidetik orduko, ezer gutxi. Horietako batek arindu digu eguna. Kotxea geratu eta gu bizikletekin batera autora igotzeko eskaintza egin digu. Ez duzue sinistuko, baina ezezkoa esan diogu zuzenean, Sudan guztia bizikleta gainean egin nahi baitugu. Hala ere, alternatiba interesgarri bat luzatu diogu: autoari helduta joatea baina bizikletatik jaitsi gabe. Grazia egin dio proposamenak eta baita onartu ere.
30 km luze egin ditugu autoari eutsita. Esperientzia berri bat. Nahiz eta hankek eskertu duten, besoetan agujeta galantak izango ditugulakoan gaude! Ez da esfortzu makala egin behar ondo eutsita joateko.
194. eguna: Wedi Halfa – Muga (24km, +273m)
Bidaiako azken muga, zortzigarrena alegia. Burokrazia aldetik konplikatua izango den azken muga bidaia honetan. Orain artekoak ondo libratu ditugu, arazo handirik gabe. Gaurkoa ezberdina izan da zoritxarrez…
Mugara goizean goiz iritsi gara jende pilaketak ekiditeko, tramiteak azkar burutzeko eta Egiptoko lehen herrira (Abu Simbel) egunez iristeko. Izan ere, muga basamortuaren erdian aurkitzen da, Abu Simbel 35 km ingurura aurkitzen delarik.
Nahiz eta jende askorik ez zebilen nahaste-borraste hutsa izan da eguna. Ez dute antolamendu txikienik ere eta langileak kontraesanetan erortzen dira etengabe. Adarra jotzen ibili zaizkigunaren susmoa daukagu, barre artean mugitu gaituzte alde batetik bestera eta Khartoumera bueltan joan behar izango genuela ere esan digute ulertu ez dugun arrazoi batengatik. Sudaneko irteera zigilua lortzeko bost ordu bueltaka ibili behar, ez dago eskubiderik.
Okerrena pasa genuela uste genuenean etorri da ezbeharra. Dirudienez, arrazoi militarrengatik, dronak ez dira legezkoak Egipton. Ez genuen debeku honen berri eta gu geu izan gara zakutoen kontrolean drona erakutsi diegunak… Lege honen berri izan bagenu, ondo ezkutatu, eta ondoren, ez genuke gailua erabiliko. Oso gainetik begiratzen dute dena eta ez dugu uste ikusiko zutenik.
Alternatiba ugari proposatu dizkiegu gailua gurekin eramateko. Onena, dronaren helizeak eta kamera kentzea, horrela ezingo genuke drona erabili. Baina ez, tematurik egon dira ez duela muga pasako eta hala izan da, lau ordu konbentzitzen saiatzen egon bagara ere.
Drona mugan uztea, tramankulua guztiz galtzea litzateke. Ezin dugu hau onartu inondik inora ere. Azken aukera bat okurritu zaigu eguna amaitzerako. Egiptotik Khartoumera doan kamio edo autobus gidari bati drona eman, eta honek Khartoumeko gure lagunenganaino iritsarazi. Bertan lagun espainiar bat egin genuen eta hau etxera bueltatzean, behin Espainian, bidaliko zigun nola edo hala.
Aurkitu dugu autobus gidaria eta azaldu diogu plana. Khartoumeko kontaktuaren datu guztiak eman dizkiogu eta berak lasai egoteko, ez dela arazorik izango. Ez gara oso positiboak ordea. Ez du ingelesa ulertzen, ezta latindar alfabeto edo zenbakirik ere… Halere, aukerarik onena da hau eta aurrera egin dugu. Itxaropena apur bat badugu behintzat.
Dagoeneko ilundu du, basamortuan sartzeko berandu da. Oso goibel, atsekabetuta eta indarrez ahul gaudela ikusita, mugan bertan txoko bat egin digute sofa batzuetan gaua igarotzeko. Erruki edo pena moduko bat sentitu dute gurekiko eta afaltzera gonbidatu gaitu poliziak. Kolpe gogorra izan da gaurkoa. Hanka okerrarekin hasi dugu Egipto.