184-187 egunak: Egun emankorrak Kalimako egonaldian
184. eguna: Kalima (Deskantsua)
Basamortuko jipoiaren ostean Kalima gure errekuperazio zentroa izango da. Jaten eta edaten pasatuko ditugu egunak indarrak bueltan izan daitezen. Otordu tarteetan badago zer egin ordea, egunak gehiagorako ere ematen du. Gaurkoan herri honetan bertan dauden hondakin historikoak ikusten aritu gara. Ez dugu eguneko tarte onena hautatu bisita egiteko, eguzkia zeruko puntu gorenean eta 40 ºC-tik gora… Hondakin hauen balio historikoan baino, burua babeserako itzal bila izan dugu. Ez dugu zipitzik ere aurkitu tamalez!
185. eguna: Kalima (Deskantsua)
Nilo mundu mailan dagoen ibai ezagunenetarikoa izanik, nola egingo genuen ba alde bainu bat hartu gabe? Kokodrilorik inguruan ez dabilela ondo baieztatu ondoren (lauzpabost laguni galdetu diegu guztiz ziurtatzeko!), eta ume batzuk jolasean zeudela ikusita animatu gara lehen bainua hartzera. Ez genuen inondik inora espero uraren tenperatura. Freskoa baino hotza dagoela esango genuke! Kontraste galanta kanpoko bero jasangaitzarekin.
Bero handia bai, baina oso lehorra da, ez dago hezetasunik airean. Horren lekuko gertatu zaiguna. Errekan guztiz jantzita sartu gara; prakak, alkandora… dena barrura! Ez sinistekoa izan da zeinen bizkor lehortu garen. Ordu laurden baino ez da igaro, eta erabat lehor gaude berriz.
186. eguna: Kalima (Deskantsua)
Azken gauak jasangaitzak izaten ari dira. Egiten duen beroagatik arropa erantzi beharrean sentitzen gara, baina hori egin ezkero, eltxoek ziztadez josten gaituzte. Kanpin barrura sartzerik ez dago, labe batean sartzea bezala baita. Zer egin genezake?
200 metro inguru dituen muino bat aurkitzen da herrian. Han goran giro hobea izango da gauen derrigorrean, beraz, badugu plana.
Afaldu ostean ekin diogu txangoari. Lotarako leku atseginagoa soilik ez, inoizko ikuspegi ederrenez gozatzeko aukera ere eman digu txoko honek. Inoiz ahaztuko ez dugun gaua.
187. eguna: Kalima (Deskantsua)
Badira egun batzuk Ramadana hasi zela. Islama gailentzen den estatu honetan bizi-bizirik nabaritzen da ohitura hau kaleetan. Horren lekuko dira jatetxeen ordutegiak. Gehienek lapikoak gorde egiten dituzte egunean zehar. Jana aurkitzeko zailtasunak izaten baditugu ere, moldatzen gara egunean zehar tripa betetzeko.
Eguneko momentu bereziena izaten da eguzkia sartzen denekoa, gogo biziz hasten dira guztiak urdaila berotzen, zintzurreraino betetzen diren arte. Ordu honetan kaleak hustu egiten dira guztiz. Hala ere, kalean baraualdia hausten dutenik bada. Kuriosoa da nola familia hauek gonbita luzatzen diguten beraien mahaingurura gerturatzeko. Ezezkoa ez dute berehalakoan onartzen gainera!