181-183 egunak: Basamortuaren sakontasunean
181. eguna: Atbara (deskantsua)
Orain arteko etapak basamortu giroan egin ditugu, baina Nilo ibaiaren ertzetik mugitu garenez erraz topatu ditugu herriak. Hurrengo 300 kilometroek ez dute Niloren sigi-saga jarraitzen eta beraz, bidean ez dugu herririk izango. Honek esan nahi du, oasi bat aurkitu ezean, janaria edo ura nekez topatuko dugula. Area eta eguzkia besterik ez ditugu izango lagun.
Aurreko artikuluetan aipatu dugun moduan basamortua lehorra da eta ondorioz, ur asko edaten dugu: zazpi litro egunean. Nahi adina ur bizikletan hartzea ezinezkoa denez, 300 kilometrotako trabesia bi egunetan egitea beste aukerarik ez dugu.
Aurreko asteko etapetan haizea kontra izan genuen. Egun osoa bizikletan eman arren, egunean 80 kilometro inguru bakarrik egitea lortu genuen. Diridienez, biharko egunean haizea etsai izatetik lagun izatera pasako da, alde izango dugu, alegia. Hori esaten du eguraldiaren iragarpenak behintzat. Espero dugu asmatzea!
182. eguna: Atbara – Vasamortua (210km, +436)
Iritsi da aspalditik egutegian markatua genuen eguna. Iritsi da basamortuaren sakontasunean sartzeko ordua. Eguna ahalik eta hoberen aprobetxatze aldera eguzkia atera orduko esnatu gara. Goizeko bostak aldera. Atzo atseden eguna hartu genuenez, gaurko helburua ahalik eta kilometro gehien egitea da.
Zortea aldeko, iragarpenak asmatu du eta haizea lagun izan dugu egun osoan zehar. Arratsaldeko seiak aldera, ilunabarrarekin batera, iritsi gara 210. kilometrora! Poz handia hartu dugu, izan ere, orain arteko etapa luzeena egitea lortu dugu. Errekor berria ilobei kontatzeko!
Hala ere, egia esan behar badugu ez gara hainbeste nekatu. Haizea kontran 80 kilometro egitea lortu dugun etapetan dezente gehiago nekatu gara. Azken hau, adibide interesgarria da haizeak zenbateko eragina duen ulertzeko.
Iluntzen hasi du eta kanpin denda jartzea erabaki dugu. Diotenez, basamortuan animalia gehienak gauez irteten dira ehizara eta ez dugu suge edo eskorpioi batekin topatu nahi. Egun ederra izan da!
183. eguna: Basamortua – Kalima (90km, +269)
Indar berrituta esnatu gara. Atzokoa egun luzea izan bazen ere, pilak kargatu ditugula ematen du. Gainera, goiz esnatu garenez basamortuak eskaini digun egunsentia gozatzeko aukera izan dugu.
Atzoko moduan, lehen 60 kilometrotan haizea alde izan dugu. Alde eta alboko haizea, zehatzago esanda. Egun erraza izango zela zirudien, harik eta Karimara iritsi aurreko bidegurutzera iritsi garen arte. Iparralderako norabidea hartu dugunean, haizea albo alde izatetik albo kontra izatera pasa da.
Kilometro bakoitza egitea askoz zailagoa egin zaigu, eta atzo sentitu ez genituen nekeak iritsi zaizkigu derrepentean. Oso oso astunak egin zaizkigu azken 20 kilometroak. Karimara iritsi, dutxa fresko bat hartu eta zuzenean ohean sartu gara. Gorputzak egun bateko hibernazioa behar du gutxienez.