Ugandan ikusi eta ikasitakoa

Ugandan ikusi eta ikasitakoa

Bi asteko egonaldia egin dugu Ugandan. Bisitatzeko arrazoi nagusia Kampalara iristea izan da. Sudanera joateko hegazkina Kenyatik baino merkeagoa da eta horregatik erabaki dugu herrialdean sartzea. Hau dela eta, beste herrialdeetan baina denbora gutxiago pasa dugu. Erabaki ona izan da sartzea, bisitak aukera eman baitigu Afrika ekialdeko beste herrialde bat ezagutzeko. Denbora gutxi egon arren, arreta deitu diguten hainbat gauza interesgarri topatu ditugu.

Euriaren zain

Orokorrean gehienok Afrikaz izaten dugun pertzepzioetako bat lehortasuna da. Kontinnte hau oso handia da, eta beraz, ezin daiteke ezer orokorru. Pentsa, Iberiar penintsulan iparrakdetik hegoaldera joatean bi paisaia oso ezberdinekin egiten dugu topo. 

Sinple esanda Afrika ekialdean bi urtaro izaten dituzte. Lehorte sasoia eta eurite sasoia. Bigarren hau martxoaren erdialdean hasten da eta maiatzeren bukaerararte irauten du. Hilabete hauek oso garrantzitsuak izaten dira nekazarientzat, izan ere, lehen zaparradak iristean ereiten dute urteko uzta.

Martxoaren erdian ibili gara Ugandan barrena eta lurrak, herritarrekin batera, euriaren zain daudela ikusi dugu. Baserritarrek etxeko lanak egin dituztela dirudi, izan ere, baratza guztietako lurrak harrotuta daude. Bizitza sortzeko beharrezkoa den osagaia soilik falta zaie: ura.
Esan digutenez, lurrak oso emankorrak dira eta euria hasi bezain laster berdetzen dira baratza guztiak. Guk herrialdetik alde egitea erabaki dugu, badaezpada. Jakina den moduan euria ez da bizikletaz bidaiatzeko izan dezakegun lagun onena.

Lagun batek apirila hasieran bidali zigun argazkian ikus daiteke euria iritsi dela eta baratzak berdez jantzi direla.

Galtza luzeak

Afrikako herritar gehienek, guztiek ez esateagatik, galtza luzeak erabiltzen dituzte. Bero handia egiten duen arren, ez dugu ia inor galtza motzetan ikusi. Zoritxarrez, berandu konturatu gara honetaz eta ez dugu honen zergatia galdetzeko aukerarik izan.

Euskal Herrian alderantziz gertatzen da. Negu hotz eta euritsua dela eta, uda iritsi dela ospatzeko gogo handiz janzten ditugu galtza motzak. Gogoan dugu nola umetan, udazkenean, hotza iristen zenean, gurasoekin eztabaida izaten genuen galtza luzeak janzteko. Hauek luzeak janzteko esaten ziguten, baina guk nahiago genuen motzekin jarraitu. Galtza luzeak negua zetorrenaren seinale ziren eta ez genuen hau onartu nahi. 

Gai honi buelta batzuk eman dizkiogu eta umore puntu batekin hurrengo ondoriora iritsi gara: Guri umetan gertatzen zitzaigun moduan, beroaz nazkatuta egongo direnez, eguraldi freskoagoaz gogoratzeko galtza luzeak erabiltzen dituzte.

Platanoak

Afrika ekialdeko herrialde guztietan oso antzeko jakiak dituzte. Dieta ia berdina den arren, herrialde bakoitzean aurkitu daiteke besteek ez duten zerbait. Edo behintzat, modu ezberdin batean prestatuta. Ugandaren kasuan platanoa da. Hegoafrikan bidaia hasi genuenetik bidelagun izan ditugu platanoak. Merkeak dira eta adituek esaten dutenez kirola egiteko ezaugarri nutritibo egokiak.

Ugandan, ordea, beste herrialdeetan baino platano gehiago dituzte. Etapa askotan platanondoak besterik ez ditugu ikusi. Motorren atzekaldean garraiatzen ere askotan ikusi ditugu. Hainbeste platano dago, askotan dendetan oparitu ere egin digutela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude