162-166 egunak: Afrika ekialdeko azken kilometroak
162. eguna: Sipi – Budaka (76km, +559m)
Etaparen perfila aspaldi izan dugun erakargarriena, behera asko eta gora gutxi. Kilometroak erraz egiten diren egun horietako bat zirudien hasieran. Hala uste genuen behintzat…
Arratsaldeko lehen orduetan sartu gara eta 100 kilometroetatik urrun oraindik. Nekea ere pilatu zaigu eta gelditzea erabaki dugu. Bihar egingo ditugu pentsatuta genituen kilometroak: geroa, alferraren leloa. Tanzanian egiten genituen etapak etorri zaizkigu burura. Nola demontre egin genituen 800km 8 egunetan? 150km egun bakarrean? Esfortzu horiek errepikatzeko ez beharrik eta ez gogorik oraingoan!
163. eguna: Budaka – Busembatia (52km, +442m)
Herri batera iristean jende andana hurbiltzen zaigu beti, eguneko edo asteko nobedadea izan ohi da gure bisita. Jakin-min handia erakusten dute beti abenturarekiko, eta betiko galderez josten gaituzte: Zenbat balio dute bizikletek? Nondik zatozte? Zein da bidaiaren helburua? Eta abar luze bat.
Herri hau salbuespena izan da, ez zaigu pertsona bat bera ere gerturatu. Sentsazio arraroa izan da, baina atsegina. Egia esan, asko eskertu dugu herri honek eman digun harrera lasaia, protagonismorik gabekoa.
Ez genuen bakardade bera sentitu etapan zehar izandako zulatu bat konpontzerako garaian. Bi esku nahikoa izaten dira lana burutzeko, baina ehun inguru aurkeztu zaizkigu laguntza eskainiz!
164. eguna: Busembatia – Jinja (70km, +588m)
Datozen hilabeteetan bidelagun izango dugun Afrikako ikono batekin elkartu gara lehen aldiz: Nilo ibaia. Sudanen eta Egipton basamortutik babestuko gaitu berak.
Hala ere, eguneko anekdota gauean iritsi da. Ostatu baten belardian muntatu dugu kanpina, eta gaueko iluntasunarekin batera iritsi da segurtasuna bermatuko digun langilea. Guztiek izan ohi dute armaren bat, pistola normalean. Gaurko zaindaria originalagoa izan da, teknologia berriak ez zaizkio gustatzen antza. Animalia edo gaizkileren bat jabetza pribatu honetan sartzen bada, arku eta geziekin egingo die aurre. Hamaika ikusteko jaioak gara!
165. eguna: Jinja – Sseizibwa (53km, +691m)
Begiz jota genuen Sseizibwa ur-jauzia Ugandan sartu ginenetik, Kenyan gurutzatu genuen zikloturista batek lo egiteko leku paregabe hau gomendatu zigunetik alegia. Asmatu dugu erabakiarekin.
Azken bi egunetako ekaitz mardulek erreka hazi dute, are eta irudi ahaltsuagoa emanez ur-jauziari. Eguneko izerdiak kentzeko eta freskatzeko leku ederra izan dugu (bainuaren ondoren ohartu gara ur hauetan igeri egitea debekatua dagoela). Horrelako leku batez gozatzeak ez du preziorik. Zorteko sentitu gara beste behin.
166. eguna: Sseizibwa – Kampala (44km, +581m)
Afrika ekialdean egin dugun azken etapa. 5700km, 6 herrialde eta 166 egun dagoeneko. Erraz esaten da gero! Azken txanpa Kampalako araurik gabeko errepide eroetan egin dugu, moto artean murgildurik.
Etapak amaitu dira, baina jakin badakigu deskantsutik gutxi izango dutela datozen egunek… Sudaneko bisatua lortzea izango da erronka nagusia. Horretarako, prozesu burokratiko astun bat gainditu beharko dugu.