156-161 egunak: Bagoaz Uganda
156. eguna: Iten (deskantsua)
Aurreko artikuluan aipatu dugun moduan, familia handi xamar batek egin digu txokoa bere etxean. Atzerritar batzuk bertan bizitzen gaudela esaten duen zurrumurrua ziztu batean zabaldu da senitarteko guztien artean. Guztiek ongietorria eman nahi digutenez, bazkari bat antolatu dute.
Naiz eta elkarrengandik gertu bizi diren, nahi baino gutxiagotan elkartzen dira denak batera. Polita izan da gure bisita familia osoa aspaldiko partez elkartzeko aitzakia izatea.
157. eguna: Iten – Moi’s Bridge (61km, +105m)
Astebete Itenen ezagututako familiarekin igaro ondoren, iritsi da agur esateko ordua. Egonaldiak gauza asko eman dizkigu. Hasieran, korrikalarien entrenamenduak gertutik ikusteko asmoz iritsi ginen. Azkenean, familia zoragarri bat ezagutzeko aukera izan dugu. Kenyako kultura hobeto ezagutu eta guztietan garrantzitsuena, lagunak egin ditugu. Ziur gaude noizbait berriro elkar ikusiko dugula.
158. eguna: Moi’s Bridge – Suam (68km, +721m)
Afrikan bisitatuko dugun hurrengo herrialdea Uganda da. Iteneko lagunak agurtu ostean iritsi gara mugara. Normalean, bisa lortzeko prozesua nekagarria eta aspergarri samarra izaten da. PCR testa egin, herrialdean sartzeko beharrezkoak diren orriak bete, eta beste hainbat kontu egin behar izaten dira. Gainera bertako langileak ez dira atseginak izaten.
Kenyatik Ugandara Suam izeneko herri txiki batetik sartzea erabaki dugu. Afrikan zeharkatu dugun muga lasaiena izan da, zalantzarik gabe. Horren lasaia da, non administrazioko langilearen lagunak egin garen. Junior jauna. Berarekin berriketan genbiltzala gaua administrazioko eraikinean pasatzeko gonbidapena luzatu digu. Hori gutxi ez eta afaria eta gosaria ere prestatu digu.
159. eguna: Suam – Kapchorwa (77km, +1921m)
Etapa gogorra izan da gaurkoa. Eta ez aldapa gogorrak igo behar izan ditugulako soilik. Errepide lanak direla eta, ibilbide guztia asfaltatu gabe aurkitu dugulako baizik. Egun osoa hauts artean igaro dugu.
Amesgaizto moduko bat izan da. Alde batetik, aurrera egitea normalean baino zailagoa da gurpilak hauts artean sartu eta inertzia galtzen dutelako. Bestetik, errepide lanak direla eta kamioi asko dabiltza aurrera eta atzera. Hauek hutsa arrotzen dute eta arnasketa zailtzen duen hodei bat sortzen dute.
Naiz eta errepidearen egoera ez den onena izan, paisaia zoragarrietan ibili garela onartu behar dugu. Gauza txar guztiek dute alde positibo bat eta, gu behintzat, horrekin geratuko gara!
160. eguna: Kapchorwa – Sipi (16km, +377)
Atzokoa egun gogorra izan zen. Bai guretzat, bai bizikletentzat. Errepidearen egoera dela eta, bizikleten kateek hauts fin batez estalita bukatu zuten. Hau garbitu ezean, ezingo dugu Europara kateak aldatu gabe iritsi, hautsak kalte egiten die eta. Beraz, eguna bizikletak txukuntzeko eta gorputzari merezitako atsedena emateko erabili dugu.
Goizean, lasai-lasai eta presarik gabe gosaldu eta gero, bizikletaren mantenu lanak egin ditugu. Eguerdian kirola egiteko gogo handirik ez dugula sentitu eta 16 kilometroko etapa egitea erabaki dugu. Bidaia osoko etapa motzena izan da eta ziurrenik dibertigarrienetako bat!
161. eguna: Sipi (deskantsua)
Egun lasaia izango zela uste genuen, deskantsu eguna, alegia. Baina, betiko moduan egitekoak pilatu zaizkigu. Goizean, Sipi herrian aurkitzen diren ur-jauziak bisitatu ditugu. Eurite urtaroa oraindik hasi ez denez, erreka eta ibaiek ur gutxi dakarte. Hau dela eta, txorrotaren azpian jarri eta dutxa fresko bat hartzeko aukera izan dugu.
Eguerdian, inguruko baserrietan kafea nola ekoizten duten ikustera joan gara. Coffea landatzetik (Kafea egiteko haziak ematen dituen zuhaixka), katilura iristeko prozesu osoa zein den erakutsi digute. Ondorio garbi batera iritsi gara biok: Uste duguna baino gutxiago dakigu platerera, edo kasu honetan katilura, iristen diren produktuen ekoizpenaren inguruan.
Eguna ilunabar berezi bat ikusiz amaitu dugu. Elkarrizketa interesgarriak izatea gonbidatzen duten paisaia da. Halaxe egon gara bi ordu luzuez berriketan isildu gabe.