147-149 egunak: Aniztasun handiko egunak
147. eguna: Kabarnet (Deskantsua)
Egun emankorra izan da gaurkoa. Goizean Bamba Project GKEa bisitatzen izan gara eta arratsaldean erakundeko bi lagunekin laku batera egin dugu txangoa.
Kenyan dituzten gaixotasunez aritu gara hitz egiten. Inguru hauetan ohikoa omen da gazteak IHESaz kutsatuta egotea. Gehienetan, harreman sexualak izatean segurtasun neurririk ez erabiltzeagatik ari da zabaltzen gaixotasuna. Esan digutenez kasu batzuetan, arrazoi ekonomikoak dira segurtasun neurri hauek ez hartzearen arrazoia. Hala ere, hau ez da beti horrela. Gehienetan kontzientziazio falta dela aitortu digute. Etxean ez dute gaiaren inguruan hitz egiten eta eskoletan ere sexu heziketa behar baino gutxiago lantzen omen da.
Gaixotasunez hitz egin ari garela, ohikoa den moduan, Covid-19ak ere txanda hartu du eta elkarrizketan sartu da. Europan bezala, Afrikan ere zarata handia sortu du gaixotasun honek. Esan digutenez, beraien herrian, ez duten gertutik bizi izan gaixotasuna. Baten edo beste kutsatu da baina orokorrean oso jende gutxi. Kasu batzuetan gertatu da pertsona bat kutsatu eta hilabete batzuetara oraindik, badaezpada, hainbat metrotako segurtasun distantzia uztea.
Beldur handia izan diote gertutik bizi ez duten gaixotasun bati. Egunerokotasunean sufritzen dituzten gaitzekin ordea, ez dira horrenbeste izutzen. Badirudi iparraldeko kontinenteetako kezkak, hemen ere arazo direla. Harrigarria iruditu zaigu propagandak duen indarra.
148. eguna: Kabarnet (Deskantsua)
Gaur arte, bost hilabete generamatzan fundamentuzko kaferik bat hartu gabe. Afrikan kafea produzitu bai baina, bertako etxeetan tea da nagusi. Aurkitu dugun kafe apurra garestia izateaz gain, katiluan nahastuta disolbatzen den horietakoa da. Bertakoek esaten duten moduan, Nescafe motakoa.
Gaur, Ruto lagunarekin kafeaz hitz egiten ari ginela, kafezale amorratua dela aitortu digu. Kafe aleak gordinik erosi, zartaginean txigortu eta kafetera italiar batean prestatzen duela esan digu. Ezin izan diogu aukerari uko egin. Kafetera sutan jarri duenean, gogora etorri zaigu etxeko sukaldean horren ohikoa den soinu eta usainaren konbinaketa hori.
Bazkalosteko berriketak beste modu batekoak dira kafe goxo batez lagunduta. Etxean egunerokoak diren kontu txikiak faltan botatzen ditugula sentitu dugu.
149. eguna: Kabarnet – Iten (57km, +1485m)
Kenyako atleten abilezia mundu osoan ezagutzen da. Distantzia handiko lasterketetan, batez ere, entzute handia izaten dute. Handienen artean Eliud Kipchogen izena azpimarra daiteke. 2018an ezarri zuen maratoi modalitatekoko munduko marka, 2:01:39ko denboararekin. Bertakoek National Hero (Eroi nazionala) ezizenez ezagutzen diute.
Kenyako ipar mendebaldean ba omen da korrikalari hauentzat meka moduko bat den herri bat: Iten. Batek baino gehiagok esan digunez, herri honetako kulturaren parte da atletismoa. Mundu mailan, besteak beste, olinpiadetan lehiatzen duten korrikalari gehienek herri honetan entrenatzen dute. Ezohiko modu batean gainera. Goizetan elkartu eta denak batera, artalde baten moduan, egiten dituzte aurretik planifikatutako kilometroak. Kasu batzuetan 50 pertsonatik gora elkartzen omen dira.
Ez dakigu kontatutako hau egia edo urteetan zehar sortutako kondaira bat den. Zalantza hau argitu gabe ezin dugu Kenyatik alde egin. Beraz, Itenera gerturatzea erabaki dugu, bertan egun batzuk pasa eta kontaturikoa egia den edo ez argitzeko asmoz.
Arratsaldean iritsi gara herrira eta eta oraingoz ez dugu korrikalaririk ikusi. Hala ere, herriko sarreran Home of champions (txapeldunen bizilekua) esaldia agertzen den seinale bat dago. Ea zer aurkitzen dugun!