141-146 egunak: Mount Kenyaren osteko ajea

141-146 egunak: Mount Kenyaren osteko ajea

141. eguna: Naro Moru (Deskantsua)

Mendi espedizioa zirraragarria izan den moduan, nekagarria ere egin zaigu. Bidean aurrera egin aurretik, deskantsu txiki bat hartzea erabaki dugu.

Mendiko abentura hasi baina egun batzuk lehenago, John izeneko lagun batek bere etxera joateko gonbita luzatu zigun. Egun hau aprobetxatu dugu bertara joateko. Familia ezagutu, katilu bat te edan eta baserria erakutsi digute.

142. eguna: Naro Moru (Deskantsua)

Oraindik nekatu samar gaudela ikusita, Mount Kenyaren magalean beste egun bat pasatzea erabaki dugu. Blogean inoiz aipatu ez dugun arren, afrikarrei gehien gustatzen zaien kirola da futbola. Esaterako, edozein tabernetako telebistan ikus daitezke Ingalaterrako ligako partiduak. Dagoeneko esatarien aurpegiak ere ezagunak dira guretzat. Esatari hauek momentu oro telebistan daudenez, broma moduan, ea oporrik hartzen ez duten galdetzen diogu elkarri.

Gure herritik gertu partidu bat jokatzen ari direla konturatu eta ikustera hurbildu gara. Futbol gogorra jokatzen dute bertakoek, sarrera beldurgarriak une oro. Gu biok txikitatik futbolean jokatu dugun arren, beraiekin partidu bat jokatuko bagenu, ez dakit bizirik irtengo ginatekenā€¦ Badaezpada ez dugu probatuko!

143. eguna: Naro Moru – Cannan (58km, +479m)

Askotan kontatu dugun moduan, bidaian zehar toki berezietan egin behar izan dugu lo. Eskolak, polizia etxeak, baserriakā€¦ Egia da hauetako batzuetan gaua pasatzea espero genuela. Aurretik antzeko bidaiak egin dituzten pertsonek aholkatutako lekuak izan dira, hain zuzen. 

Ez genuen espero ordea, gaurko eguna arropa denda batean agurtzea. Kanpin dendan, koltxoneta puzgarri batean lo egiteaz aspertuta, nola esango diogu ba ezetz horrelako toki batean lo egiteari? Indarberrituta esnatu gara!

144. eguna: Cannan – Nyahururu (47km, +607m)

5000. kilometroarekin batera agertu da errepide bazterrean ekuatorea zeharkatzen ari garela adierazten duen seinalea. 

Askotan entzuten dugu zoriontsu izateko giltzetako bat momentuaz gozatzen jakitea dela, bideaz, alegia. Helmuga bigarren mailako kontu bat da. Eta ados gaude! Filosofia hau oinarri hartuta hasi genuen abentura.

Hala ere, onartu behar dugu, ekuatorea zeharkatzean kilimak sentitu ditugula sabelean! Puntu hau ibilbidearen erdia adierazten duen helmuga baten moduan izan dugu aspalditik.

Bertara iristeak zer pentsatua eman digu. Egunero aurrera begira gabiltza, aurkituko ditugun pasarte berrien zain…. Segundo batez atzera begiratu eta bizitako guztia gogoratzea polita izan da. Instante labur batez irudi asko etorri zaizkigu burura, bakoitzari desberdinak, baina zalantzarik gabe, inoiz ahaztuko ez zaizkigunak.

145. eguna: Nyahururu – Loitip (89km, +778m)

Aldapan gora egun osoa igaro ostean, mendi puntara iristea lortu dugu. 35 kilometro falta zaizkigu gaurko etaparen helmugara iristeko. Mapak esaten duenez kilometro hauek guztiak beheruntz izango dira. Iritsi da gozatzeko ordua!

Jaisten hasi orduko konturatu gara urrunean ikusten ziren hodei ilunek euria zekartela. Hori gutxi ez eta asfaltoa amaitu eta lokatzezko bide batekin egin dugu topo.

Lokatz eta euri artean jatsi behar izan dugu mendatea, herri txiki batera iritsi garen arte. Mangerarekin bizikleta baino, gu garbitzeko moduan amaitu dugu eguna. Eskerrak, gutxienez, herrian kubo bat ur utzi diguten eta apur bat garbitzeko aukera izan dugun. Ez litzateke batere atsegina izango lo-zakuan lokatzezko kroketa baten moduan sartzea.

146. eguna: Loitip – Kabarnet (58km, +1488m)

Izugarrizko portua igo behar izan dugu gaurko egunean. 1500 metro desnibel positibo, 48 kilometrotan. Indartsu gaudela ikusi eta hurrengo egunean deskantsatzeko aukera dugula jakinda portua azkar igotzea erabaki dugu. Lehertuta iritsi gara Kabarnetera, indar guztiak ahituta. Gaurko lanak bukatuta eta egindako etapaz harro bazkaldu dugu. 

Datozen egunak Bamba project GKE bisitatzen emango ditugu eta beraienean txoko bat egin digute. Bazkalostean elkartu gara Rutorekin (GKEko arduraduna). Berri txar bat eman digu, ordea. Erakundea gu gauden herritik kilometro batzuetara aurkitzen omen da. Hori gutxi ez eta kilometro hauek goranzkoak direla esan digu. Aurretik energia guztiak bukatuta genituenez benetan gogorra egin zaigu amaiera.

Ikasgai berri bat motxilarako. Eguna nola amaituko den ez dakigunez, badaezpada indarrak utzi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude