Tanzanian ikusi eta ikasitakoa
Bi hilabete oso pasa ditugu Tanzanian barrena. Bisitaturiko herrialdeen artean hoberen ezagutzeko aukera izan duguna da, zalantzarik gabe. Landa eremuan hasi, ozeanoa bisitatu eta mendi inguruan bukatu dugu. Animaliak ikusteko, hondartzaz gozatzeko eta gabonak osptzeko aukera izan dugu. Tartean, lapurreta bat biztzea suertatu zaigu. Ona hemen ikasitakoen laburpena!
Swahilli hizkuntza
Tanzaniako hizkuntza nagusia da swahilia. Arabiar eta afrikar jatorriko hizkuntza honek ingelesa baino indar handiagoa du hemen. Hau dela eta, landa eremuan batez ere, zaila izan da bertakoekin komunikatzea. Alde positibo moduan, hitz asko ikasi ditugula!
Duela urte batzuk gobernuak aurrera eramandako ekimen nagusia izan zen swahilia herrialdean barrena hedatzea. Tanzaniarren arteko komunikazioa erraztea zuen helburu. Herrialdea 100 talde etniko baino gehiagoz osatua dago eta hauetako bakoitzak bere hizkuntza propioa du. Hau horrela, hizkuntza ofizial bat ezarrita, teorian, errazagoa da herrialdeko harremanak sustatzea.
Ondo dakigun moduan, hizkuntza bateratu bat ezartzeak onurak izan ditzakeen antzera, alde txarrak ere baditu. Etxeko zaharrenek, aitona-amona eta gurasoek, tribu hizkuntza hitz egin dezaketen arren ez dute erabiltzen. Ondorioz, 30 urtetik beherakoek ez dakite heuren tribu hizkuntza. Hitz askeren bat bai baina, ezer gutxi. Eskolan ere ingelesa eta swahilia irakasten dute. Jakina den moduan, hizkuntza hauek galtzera daude kondenatuta. Eta horrekin batera, ziur asko, tribu hauen kultura eta ohiturak.
Pertsona bat baino gehiagorekin hitz egindugu kontu honen inguruan eta orokorrean hizkuntza bateratu bat izatearekin pozik daude. Herrialdearentzat aurrerapauso bat izan dela esan digute. Dirudienez ez dute tribu hizkuntza hauekiko nostalgiarik sentitzen. Auskalo urte batzuen bueltan, arbasoen tribuen ohiturez gogoratzean, hauek galtzeaz damutuko diren edo ez…
Masaai komunitatea
Hizkuntza bateratzearen ondorioz tribuak elkartzen ari diren moduan, bada Tanazania iparraldean gobernuak proposatzen duen gizarte sisteman parte hartu nahi ez duen tribu bat; Masaai komunitatea.
Abelzaintzatik bizi dira. Ehundaka behi eta beste hainbeste ahuntz izaten dituzte eta hauetatik lortzen dute jatekoa. Urtaroaren arabera, animalia hauen beharrei jarraika, lekuz mugitzen dira. Askotan, talde etniko hau nomada moduan ezagutzen da. Bidaian zehar leku askotan topatu ditugu. Oso erraza da hauek desberdintzen, izan ere, arropa eta bitxi bereizgarriak janzten dituzte.
Komunitate honetako pertsona batzuk pixkanaka gizarte modernora ohitzen hasi dira. Beste askok, ordea, ez dute honen parte izan nahi eta beren ohitura, kultura eta hizkuntzari eutsiz bizi nahi dute.
Gobernuarekin gatazka moduko bat bizi dute. Masaai herrixketako haurrak ez dira eskolara joaten. Gurasoei laguntzen animaliak nola zaindu ikasten dute eta handitzean bide beretik jarraitzen dute. Gobernuak ordea komunitate honetako haurrak eskolaratu nahi ditu. Horrez gain, tribu hauetako batzuk parke naturaletan bizi dira. Gobernuak bertan ezin dutela bizi esan die eta pixkanaka beren herrixkak lekuz aldatzen hasi dira.
Ez dakigu zertan bukatuko duen kontu honek. Era moderno honetan, sistematik kanpo bizitzea ez da erraza. Askotan ordea gure nahiek indar handiagoa dute. Etxetik bada ere, komunitate honen etorkizuna interes handiz jarraituko dugu.
Supermerkatuak
Tanzaniako muga zeharkatu bezain laster konturatu ginen herrialde hau aurrekoak baino garatuagoa dela. Lastozko teilatuak izan ordez, metalezkoak dituzte, etxeak orokorrean handiagoak dira eta errepide gehiago dago asfaltatuta. Xehetasun txikiak izan arren, herrialdearen egoera ekonomikoa zein den erakusten dute.
Bada logika hau hausten duen konu bat; ez dago supermerkaturik. Zimbabwe da gurutzatu dugun herrialde pobreena eta tamaina ertaineko herrixka guztietan aurkitu daiteke supermerkatu bat. Benetan modernoa gainera!
Tanzanian, ordea, hau ez da horrela. Mbeyan astebete pasa genuen, deskantsu txiki bat hartzen. 400.000 biztanleko herri bat izan arren, aste osoan ez genuen supermerkaturik aurkitu. Bertakoei non topa genezaken galdetzean denda txikietara iristeko argibideak ematen zizkiguten. Berehala konturatu ginen alferrik zela saiatzea. Ondorioa garbia zen: Tanzanian ez dago supermerkaturik.
Horren ordez, denda txikietan aurkitu ditugu beharrezko produktuak. Hortzetako pasta fruta dendan erostera ohitu gara! Honek merkatu asko bisitatzeko aukera eman digu eta polita izan da bertan erosketak egitea. Bi hilabete Tanzanian pasa ostean supermerkaturik gabe bizitzen ikasi dugu. Denda txikietan dena eros daitekela konturatu gara!
Hondakinen kudeaketa
Euskal Herrian hondakinen kudeaketa on bat egiten saiatzen gara. Adibidez, badira urte batzuk, herri batzuetan atez ateko birziklapen sistema martxan jarri zela.
Baliabide ekonomiko gutxiago dituzten herrialdeetan horrelako sistemak abian jartzea ez da hain erraza. Orain arte bisitaturiko herrialde guztietan plastikozko hondakinak nonahi botata ikusi ditugu. Zaborrontziak aurkitzea ere ezinezkoa egin zaigu gehienetan. Herrixketako hondakinak sutan erre ohi dituzte eta askotan egin behar izan dugu lo erraustegi txiki hauen ondoan. Benetan desatsegina dela ziurtatu dezakegu…
Tanzaniako gobernuak egoera hau hobetzeko asmoz, neurri interesgarri bat jarri du martxan: plastikozko poltsak debekatu dituzte herrialdean. Hauen ordez, berrerabilgarriak diren telazko poltsak erabiltzen dituzte.
Horrelako neurriak aplikatzen erraza izateaz gain, hondakinak gutxitzen dituzte eta ez dute inbertsio ekonomiko handirik eskatzen. Abantailak besterik ez. Badugu zer ikasi!
Erlijioa
Tanzaniako muga pasa eta oilarraren kukurrukuak esnatu beharrean, beste hots batek esnatu gaitu; errezu islamikoak, alegia. Egunero, goizeko bostak aldera, hasi ohi dira kantuan eta batzuetan ordu erdi irauten dute.
Zeharkatu ditugun herrialdeetan kristau eliza txikiak aurkitu ditugu nagusiki. Tanzanian ordea, bi erlijioak elkarbizi dira. Kosta aldean islama eta barnealdean kristautasuna. Nolanahi ere, edozein herritan aurki daitezke, parez pare, eliza bat eta meskita bat.
Euskal Herriko egoerareikin alderatuz, biztanle guztiak oso sineskorrak direla nabarmendu behar da. Hala ere, pentsaera desberdinak izan arren, elkarbizitza naturaltasunez ematen dute. Kultur aberastasunaren seinale!