121-126 egunak: Arusha eta inguruak gozatzen

121-126 egunak: Arusha eta inguruak gozatzen

121. eguna: Arusha (Deskantsua)

Hiru eguneko Safaria gozagarria bezain nekagarria da. Lo gutxi egiteaz gain, egun osoa alertan eta mugitzen pasatze genuen zein animalia ikusiko. Deskantsu beharrean gaude.

Pasa den udaran Lost in Afrika hotela ireki berri dute Zyanya (Orereta) eta Amaia (Hondarribiko) bi neskek beste bi bazkiderekin batera. Ezagun batzuen bitartez izan genuen hauen berri eta Arushako egonaldi guztia beraienean egingo dugu.

Zorteko gara. Leku lasaia eta isila da, deskantsatzeko paregabea. Gainera, hirigunetik gertu aurkitzen da. Indarrak bueltan ekartzeko toki paregabea!

122. eguna: Arusha (Deskantsua)

Hotela duela gutxi ireki badute ere, 6 urtez ibili dira Arushara bisitan etortzen Zyanya eta Amaia. Ondo ezagutzen dituzte hemengo txokoak. Gaurkoan Duluti lakura eraman gaituzte, zoragarria. Aspaldiko partez euskeraz lasai hitz egiteko tartea izan dugu inguru berde batez inguratuta. Azken lau hilabetean etxetik gertuen sentitu garen eguna izan da!

123. eguna: Arusha (Deskantsua)

Berri onekin etorri da gure lagun Cory Kilimanjarotik. Bi aldiz igotzeko zuen erronka ondo atera da! Erlojua 8 ordu eta 55 minututan gelditu du bigarren igoeran. Errekor berria. Ea zenbatean irauten duen. Zorionak Cory!

124. eguna: Arusha (Deskantsua)

Bizikletek arazoak ematen jarraitzen dute. Oraingoan atzeko gurpilen uztailak dira. Duela hilabete pasatxo konturatu ginen zartatzen hasiak zirela eta kilometroak egin ahala handitzen ari dira. Edozein momentutan hautsi egingo zaizkigu jarraitu ezkero.

Arushan bizikleta denda handi bat dagoela ikusita bertara gerturatu gara irtenbide baten bila. Profesionaltasun handiz eman digute bilatzen genuena. Uztail hauek berri batzuengatik aldatu dizkigute. Oso gustura gaude emaitzarekin. Zenbat kilometro egingo ditugu beste arazoren bat topatu aurretik? Nork daki!

125. eguna: Arusha (17km korrika)

Eguna lasaia izaten ari dela ikusita, korrika saio bat egiteko gorputzaldia sartu zaio Joni. Bitan pentsatu gabe herriko kaleetan barrena sartu eta mendi aldera jo du. Inguruan ur jauzi bat aurkitzen dela jakin, eta galdetzen jarri orduko, segituan aurkeztu dira bi gazte hona gerturatzeko prest.

Basoan barrena eta erreka ertzetik ibili ostean, azkenean parez pare aurkitu du ur jauzia. Egun pasa polita izan da azkenean. Bost kilometro inguru egiteko intentzioz atera eta 17 egiten bukatu du. Merezi izan du hala ere esfortzuak! Biharko agujetak gozoak izango dira…

126. eguna: Arusha (Deskantsua)

Egoera politiko ezegonkorra dela eta ezin izango dugu Etiopia bisitatu. Herrialde honen esperientzia ez dugu guztiz galdu nahi ordea. Horregatik, Cory eta hirurok gastronomia etiopiarra duten jatetxe batera gerturatu gara. Janari goxoa eta kantitatez asko. Prest gara berriz martxan jartzeko. Kenya itxaroten ari zaigu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude