115-117 egunak: Tanzaniako azken geldialdia Arushan
115. eguna: Arusha (Deskantsua)
Ez da Kilimanjaro bezain garaia, baina bai hau bezain ikusgarria. Mount Merutaz ari gara. Arushan aurkitzen den 4500m-tako sumendia da Mount Meru. Begiratoki batetik ikuspegi ederrak izan ditugu zumo bat edaten genuen bitartean.
Horrez gain Moshin utzi genituen etxeko lanak ere egin ditugu. Gaurkoan ez dugu denbora asko behar izan gustuko sandalia eta jertsea aurkitzeko. Bidaiarekin jarraitzeko behar dugun guztia dugu berriz ere!
116. eguna: Arusha (Deskantsua)
Batetik bestera bizikletaz ibiltzen gara normalean. Baina hiri barruan mugitzeko bestelako garraio batzuk erabiltzen ditugu normalean. Dala-dala izenez ezagutzen den autobus moduko bat izaten da gehien erabiltzen dena. Autobus hauek ez dute ordutegirik, arau bakarra jarraitzen dute: guztiz beteta dagoen arte ez da mugitzen. Beteta egotea ez da eserleku guztiak okupatuta egotea ez… Espazio fisikorik ez egotea da. Tartean behin hartzeko ez dago gaizki, baina egunero horrela ibiltzeak nekeza izan behar du gero!
Asko gustatzen zaigun beste garraioa Bora-bora edo Piki-piki bezala ezagutzen diren motoak dira. Txoko guztietan aurkitzen dira hauek eta esperientzia dibertigarriagoa ere izaten da normalean!
117. eguna: Arusha – Murieti – Arusha (35km, +235m)
Kutembea GKEa bisitatzen ibili gara gaur. Azkenaldian kilometro gutxi egin ditugunez bertara bizikletaz gerturatzea erabaki dugu. Eguna Murietin igaro ondoren, buelta ziztu bizian egin dugu. Izan ere, bihar hiru eguneko safari bat hasiko dugu, eta azken ordainketak egiteko ditugu oraindik. Ea zer aurkitzen dugun Serengeti eta Ngorongoro parke naturaletan!