110-114 egunak: Kilimanjaroren magalean
110. eguna: Moshi (Deskantsua)
Kilimanjaroren edertasuna ezin izan dugu ilundu den arte ikusi. Eguna laino artean izkutaturik eman du tontorreko glaziarrak. Ederra izan da laino artetik nola atera den ikustea. Munduko mendi esanguratsuenetako bat parez pare izatea. Eguna borobiltzeko Moshiko kaleetan galdu eta afari ederra izan dugu!
111. eguna: Manyara (TATU Project bixita)
Aspaldiko partez GKE bat bisitatzeko aukera izan dugu gaurkoan. Ikusten dugun bostgarren erakundea da TATU Project. Manyara komunitatean egiten dute lan eta batez ere emakumearen ahalduntzean oinarritzen dira.
Bisita koordinatzailea den Florarekin egin dugu. Egun osoa Manyaran eman ondoren, Moshira itzultzen ari ginela kontatu diogu mugikorra nola lapurtu ziguten. Segituan eskaini digu berri bat eskuratzeko laguntza, eta eskerrak. Esan digunez gure kontura erosi izan bagenu, prezioa bikoitza izango litzateke! Turista izateagatik ordaindu beharreko peajea…
112. eguna: Moshi (Deskantsua)
Zanzibarreko lagun batekin egin dugu topo berriz, Cory kanadiarrarekin. Bizikleta gainean dabil bera ere Afrikan barrena, bere kasuan ordea lanean. Txirrindulari profesionala da Cory.
Denboraldi berrirako entrenamendu bezala balioko dion erronka interesgarri batekin etorri da Moshira, Kilimanjaro bizikletaz bitan igotzea. Lehen hiru egunak aklimatatzeko eta lehen gailurra egiteko erabiliko ditu. Laugarren eguna deskantsatzeko. Bostgarren eguna goraino igo eta beheraino jaisteko. Azken hau lortuko balu lehena litzateke Kilimanjaro egun bakarrean igo eta jaisten bizikleta gainean. Espero dugu gaur izan dugun eguraldi petralik ez izatea!
Hasiera batean guk ere igotzeko asmoa bagenuen ere, alde batera utzi behar izan dugu abentura hau. 1000€-tik gora ordaindu behar dira pertsonako. Gure aurrekontutik kanpo dagoen kopurua. Inbidia galanta pasa dugu Cory-ren plangintza prestatzen!
113. eguna: Moshi (Deskantsua)
Mugikorra eskuratuta, jertsea eta sandaliak falta dira lapurtu ziguten guztia berreskuratzeko. Herriko merkatura joan gara horien bila. Lehen munduko herrialdeetatik ekarritako bigarren eskuko arropa aurkitzen da bertan.
Aukera asko bai, baina handiegia edo txikiegia da Jonek probatu duen guztia. Eta neurrian duen gutxi hori garestia. Prezioa jaisteko asmorik ez dute erakutsi gainera! Presarik ez dugunez, beste baterako utzi ditugu etxeko lanak. Coryk zortea aldeko izan du eta segituan topatu du behar duena.
114. eguna: Moshi – Arusha (74km, +791m)
Moshira iritsi ginenetik zeru garbiarekin esnatu garen lehen eguna izan da. Kilimajaroren edertasuna azkenekoz gozatu ondoren iritsi da Arushara martxa egiteko garaia. Nork daki betiko agur bat edo gero arte bat soilik izan den…
One Reply to “110-114 egunak: Kilimanjaroren magalean”
Aupa bikote, segi gozatzen eta gozarazten, Ataundik animo! Lander.