101-105 egunak: Lapurreta
101. eguna: Tanga – Mailikumi (80km, +548m)
Aspaldiko partez eskola batean berriz lo egiteko aukera izan dugu. Herri honetan 3500 pertsona inguru bizi omen dira. Harritu gaituen datua horietako 700 haurrak direla! Guzti hauek eskola honetan jasotzen dute lehen hezkuntza eta 10 irakasleren esku dago lan guztia. Badute meritu eskola hau aurrera eramaten!
Jolasteko gogoz eta energiaz beteta zeudela ikusita harrapaketa jolasean ibili gara beraiekin. Hanka-hutsik eta txikiak izan arren ez da batere erreza ume hauek harrapatzen!
102. eguna: Mailikumi – Manga (88km, +319m)
14:00 – Manga herriko eskolara iristearekin batera, bizikletak zuhaitz batean utzi eta irakasle baten bila joan gara lo egiteko baimen eske. Eremu lasaia, herritik kilometro ingurura aurkitzen dena, lo ondo egingo dugula dirudi. Irakaslearekin bizikletetatik 50-100m-tara hitz egiten ari ginela lapurtu egin digute. Jonen aurreko bi zakutoak falta dira. Pasaporteak bertan daude… Larrialdia sentitu dugu. Hauek aurkitu ezean etxean gara laister.
14:10 – Pello herrira jaitsi da ingelesa zekien eta aurretik ezagutu dugun gizon baten bila. Bitartean Jon nola edo hala gertaera azaltzen saiatzen geratu da bertan aurkitzen diren 6 pertsonei. Ulertu dute dirudienez eta gazte batek oinatz batzuk ikusi ditu bizikletan inguruan. Oinatz hauek basorako norabidea zuten. Lapurrarenak izan behar zuten. Bitan pentsatu gabe basorantz abiatu dira korrika herriko bi gazte eta Jon.
14:20 – Kilometro inguru oinatzei jarraika ibili ostean sasi artean aurkitu ditugu bi zakutoak barruko guztia lurretik botata zegoela. Besteak beste pasaporteak bertan dago, lasaitu galanta. Esku hutsik ez da joan lapurra ordea: 2 mugikorrak, Jonen jertsea, Jonen sandaliak, 200.000 Tsh (100€ inguru) eta 100$ falta dira poltsetan.
Oraindik ezin sinetsi gaude gazte horrek izan duen abileziaz oinatzak jarraitzeko. Jonengatik balitz jai izango genuke poltsak aurkitzen!
14:30 – Herrira itzultzerako guztiek dakite gertaturikoaz. Ingelesez dakien gizona, Rashidi, eta bere familia izan dira hasieratik laguntza eskaintzeko prest agertu direnak. 20 km-tara aurkitzen da polizia etxea eta kotxez eramango gaitu salaketa jartzera. Ohituta gaude horrelako kasuetan poliziari deitu eta hauek minutu gutxiren buruan gertakariaren inguruan azaltzen, ahalik eta azkarren lapurrak harrapatzeko. Hemen beste protokolo bat dute ordea.
17:30 – Hiru ordu igaro dira eta oraindik ez gara herritik mugitu. Kotxearen bateriak ez du funtzionatzen eta beste baten bila ibili gara; gurpila zulatua dago eta hau puzten; Rashidiren anaia den Balozi txoferrari itxaroten… Lapurrak izan du nahikoa denbora ondo izkutatzeko dagoeneko.
20:00 – Polizia etxean denuntzia jartzen bukatu dugun ordua. Prozesua ez dago digitalizatua eta paper ezberdin mordoen artean egiten den lan hau geldoa da. Horri, argia 5 bat aldiz joan dela gehitu behar diogu.
Berandu da eta lapurraren bila bihar hasteko erabakia hartu dute. Manga herrira bueltan joateko garaia da.
21:00 – Familiak esku zabalik hartu gaitu beraien etxean. Arazoa konpondu bitartean laguntzeko konpromisua hartu dute. Zorte ona izan dugu jende on honekin topo egiten.
Berri onak ditu etxeko aitonak gainera. Herrian ikerketa propio bat egin dute dagoeneko eta badakite zein diren lapurrak. Bi dira eta ondo ezagutzen dituzte. Itxura ona hartu du egoerak. Gauzak bueltan izateko esperantzarekin hartu dugu lo.
103. eguna: Manga (“Deskantsua”)
Lapurrek inguruko baserri batean egiten dute lan eta bertara joan gara poliziak lagunduta hauen bila. Metrailetarekin azaldu da polizia, baina segurtasunaren aurkako sentsazioa transmititu digute. Dena den, lapurretako bat bertan aurkitu dute eta atxilotua izan da. Pelloren mugikorra azaldu da.
Lapurraren familiak negarrez eta atsekabez hartu du gertaera. Gogorra izan da egoera hau ikustea eta bizitzea. Esan digutenez familia oso pobre bat da. Lapurreta inoiz ez dago justifikatua, baina beraiek soilik jakingo dute etxe horretan duten egoera… Ez da erraza izango.
104 eguna: Manga (“Deskantsua”)
Gaurkoan ez gara polizia etxera desplazatu. Beraien kontura egin omen dute bigarren lapurraren bilaketa lana. Inguruko herrietan egin dute bilaketa, baina zoritxarrez ez dute inongo berririk lortu.
Eguna Manga herrian pasa dugu familiako txikienekin jolasean, goiz eta arratsalde. Elkar ulertzen ez dugun arren, hizkuntza ez da muga izan ondo pasatzeko. Hainbeste salto, korrika saio eta jokoren ondoren, afariaren ostean jolasean segitzeko intentzioz etorri dira haurrak. Denbora gutxiz ordea. Egunekoak emanda daude eta begiak ixten hasi zaizkie. Polita izan da gure magalean nola lo hartu duten ikustea.
105 eguna: Manga (“Deskantsua”)
Herriko zurrumurruek lagunduta lapurra non ibil daitekeen jakin dugu. Informazio berri honekin joan gara polizia etxera beste behin. Gasolinarako eta bazkarirako dirua eman behar izan diegu poliziei lanean hasteko. Gauzek horrela funtzionatzen omen dute hemen.
Kotxean guztiontzat lekua ez zegoenez, polizia etxean geratu gara egun osoan zehar esperoan. Jonen urtebetetze eguna da eta mugikorra bueltan izatearen esperantzarekin itxaron diegu, opari ederra litzateke. Ez da horrela izan ordea. Lapurra ondo izkutatua dago eta ez dirudi laister aurkituko dutenik. Aurrera segi beharko dugu.
Lapurreta honek familia harrigarri hau ezagutzeko aukera eman digu. Hasieratik babestu gaituzte, laguntza une oro eskainiz. Jaten eman digute eta lo egiteko txoko bat egin. Elkarrizketa interesgarriak izan ditugu eta haurrekin jolas amaigabeetan jolastu. Jaso zitekeen oparirik hoberena izan da. Eskerrik asko bihotzez!
Lagun sentitzen dugun Rashidik Tanzaniako esaera zahar batekin agurtu gaitu. Etorkizun batean elkar ikusiko dula argi du berak: “Mendiak ezin dira elkartu, pertsonak bai”.