80-100 egunak: Ametsetako gabonak
Gabonetan pentsatzean, burura etortzen diren hitzak elurra, hotza, sutondoa, familia edo kuadrilla izan daitezke. Bat bera ere ez dugu gure alboan sentitu. Aurtengoan hondartza, palmerak eta beroa. Hain ezberdinak izan diren gabonak nekez ahaztuko ditugu.
Zanzibar uhartean hiru aste oso eman ditugu oporretan, bidaiatik guztiz deskonektatzeko leku paregabea. Jendea ezagutu, ondo jan, bainuak, siestak eta parranda bat edo beste. Ezin gehiago eskatu!
Egonaldia uharteko hiru herri ezberdinetan banatu dugu. Lehen bi asteak ekialdean dagoen Paje herrian igaro ditugu. Ondoren, iparraldeko Nunwgin lau egun. Azkeneko hiru egunak berriz, Zanzibarreko hiri nagusia den Stone Town herrian.
Pajen egonaldia
Gabonak normalean errutina puskatzeko izaten dira. Gu berriz errutina moduko batean sartu gara bete betean. Azken hilabeteetako erritmo azkarra eta tentsioak erabat desagertu dira gure eguneroko berrian.
- Esnatu eta segidan igeri saioa itsasoan. Eguna gorputzaldi on batekin hasteko ohitura ederra. Gosarirako gosea irekitzeko ere ederki etortzen da!
- Gosaldu ondoren irakurri edo lasai egon.
- Bazkaria dagoeneko lagun sentitzen ditugun emakume batzuen postuan euro baten truke. Arroza, espinakak, tomate saltsa, aguakatea eta babarrunak. Tripa ondo betetzeko nahikoa!
- Siesta. Itsasoko brisak lagunduta siesta ederrak bota ditugu hostatuko terrazan. Siestatik horrelako bistekin esnatzeak ez du preziorik!
- Iluntzearekin batera berriketan aritu, afaldu eta animatuta sentitzen ginen egunetan dantza piska bat egin (edo egiten saiatu). Parranda ere faltan botatzen genuen dagoeneko!
Gabonetako geldialdi luze honek utzi digun opari preziatua da ezagutu dugun jendea. Munduko txoko ezberdinetako jendearen elkargunea izan da Zanzibar gabon hauetan. Plazer bat izan da jende interesgarri hau guztia ezagutzeko aukera izatea. Besarkada bana Joseba (Durango); Joana eta Maria (Katalunia); Sara eta Olaya (Espainia); Shubby eta Mbusi (Tanzania); Cory (Kanada); Nikolas (Belgika); Raymond (Herbehereak); Falco, Ricarda eta Mr B (Alemania); Nina (Eslobenia); Emine (kurdistan); Rona (AEB); Julian (Frantzia); Jordan eta Theo (Grezia); Yosef (Egipto).
Jarraian Paje inguruak utzi dizkigun beste argazki zoragarri batzuk.
Barkuan irteera
Pajen igarotako bi asteak deskantsuan eta alferkerian eman ditugu. Ekintza berezirik egin gabe. Hala ere, gabon bezperan irteera bat egin genuen katamaran txiki batean. Arrain artean igeri pixka bat egiteko aukera ere izan genuen!
Nunwgin egonaldia
Bi aste zoragarriren ostean uhartearen iparraldean aurkitzen den Nunwgi herrira mugitu gara (87km, +175m). Hemen guretzako denbora hartu dugu, benetako deskantsua. Arratsaldeetako elkarrizketa luzeak eta gauetako dantza saioak ilunabar zoragarri eta loaldi luzeengatik ordezkatu ditugu.
Stone Townen egonaldia
Azken bi egunak pasatzera Zanzibarreko Stone Town hirira mugitu gara (57km, +147m). Esklabuen merkataritzak utzitako gertaera gogorrek egiten dute hiri hau historikoki ezagun. Gogorra bezain interesgarria izan da honen berri izatea. Turismoak bizikletan ibiltzeak bezainbeste, edo gehiago, nekatzen duela ere ikasi dugu. Gure kasuan behintzat.
100. eguna: Stone Town – Tanga (200km barkuz)
Amaitu dira “oporrak”. Stone Townetik Tangara dauden 200km inguruak barkuz egin ditugu uharte bizitza atzean uzteko. Zorretan genuen pintxazo bat konpontzeko ere aprobetxatu dugu barkuko bidaia. 100 egun dagoeneko lehen pedalkada eman genuenetik… Badira batzuk! Lehen eguneko ilusio berarekin jarraitzen dugula sentitzen dugu oraindik, ez da seinale txarra. Oraindik egur asko dugu emateko!