62-69 egunak: Mendi inguruan aspladiko partez
62. eguna: Tunduma (Deskantsua)
Hasiera batean ez genuen intentziorik mugako herria den Tunduman geratzeko. Aurreko eguneko arratsaldean ikusirikoa motz geratu zaigu ordea. Beraz, egun hau Tunduma herriaren tripetan sartzeko erabili dugu.
Jendea eta zarata dira nagusi herri honetan. Orain arte ikusi ez ditugun Tuk Tuk delakoak errepideak betetzen dituzte orain. Merkatuan ere produktu berriak aurkitu ahal izan ditugu, ahuakateak adibidez, eta merke gainera. Originaltasuna ere ez dute falta, kotxeen pieza ezberdinak erabiliz gimnasioko pisuak saltzen dabil baten bat.
Herri honen kaleetan barrena ibiltzea etapa bat egiteak bezain beste nekatzen du!
63. eguna: Tunduma – Mbeya (102km, +1232m)
Etapako datuak begiratu eta gogorra irudituko zaizue. Zergatia bilatu nahian gabiltza baina ez da horrela izan. Zimbabwe eta Zambia erabat lauak izan dira eta ia bi hilabete eman ditugu mendi edo muino txikirik ikusi gabe. Berriz ere mendi artean egotea motibazio ederra izan da guretzat.
Bide erdian jandako platerkada honek ere zerikusi pixka bat izango zuen etapa errazte lanetan!
64. eguna: Mount Mbeya (64km, +1863m)
Atzoko etapa osoan parez pare mendi elegante bat izan genuen. Gure Txindokiren antza du, nola ez da ba elegantea izango! Aspaldiko partez mendi irteera bat egin eta mendi hau igotzeko helburua jarri genuen Mbeyara iritsi eta berehala, eta gaurko egunean helburua betetzen saiatu.
Mugikorrean deskargatuta ditugun mapak erabilita bizikletaz mendi magalera gerturatzeko modu bat bilatu dugu. Baina mendia igotzeko biderik ez da inongo mapetan ageri. Magalean aurkitzen den herri horretara iritsi eta bide galdetzea besterik ez dugu.
Bizikletaz orain arteko portu gogorrena igo behar izan dugu mendiko herrixka txikietatik pasaz (eskerrak zakutoak beran utzi ditugun!). Mendi pistaren egoera ez da egokiena eta uste baina denbora gehiago behar izan dugu mendi magalera iristeko. Bidea nondik den galdetu eta esan bakarrik ez, goraino lagundu digute herriko bi gaztek. Praka bakero eta zapatila kaxkarrekin egonda ere ziztu batean igo gara lehen mendira!
Bigarren mendia ordea (Txindoki bezala izendatu duguna) 500 bat metrora aurkitzen da oraindik. 30-45 minutu behar ditugu hura ere igotzeko, baina gaua gainean botako zaigula ikusirik buelta ematea erabaki dugu. Eskerrak. Iluntzearekin batera iritsi gara hostatura. “Txindoki” igotzeko arantzarekin geratu gara ordea…
65. eguna: Mbeya (Deskantsua)
Tanzanian igaro ditugun lehen egun hauetan gehien harritu gaituena supermerkatu falta da. Oinarrizko produktu batzuk saltzen dituzten denda ugari daude, kaleko jatetxeak ere txoko guztietan aurkitzen dira, baina denetik aurkitu daitekeen supermerkaturik ez da hemen.
Kaleko postu, jatetxe eta merkatuen konbinazioa egingo dugu dieta orekatu bat izateko. Ez da aukera txarra!
66. eguna: Mbeya (Deskantsua)
Tartean behin ezinbestekoa izaten zaigu “jai” egun bat hartzea. Jai egunak ez dira egonean igarotzen ditugun egunak, esperientzia berririk bizitzen ez ditugunak baizik. Kilometroek bezain beste nekatzen dute esperientzia eta egoera berriek! Egun hauek irakurtzen eta blogeko artikuluak idazten igarotzen ditugu.
67. eguna: Mount Mbeya (35km, +1405m)
Txindokiren arantzarekin nola egingo genuen ba aurrera? Goizean goiz esnatu eta bigarren saiakerari ekin diogu. Gaurkoan beste bide batetik. Esan digutenez, motzagoa da bizikletaz egin beharrekoa eta oinez gehiago igo behar izan badugu ere, bere osotasunean xamurragoa da bide hau.
Goiz giro aparta izan dugu lagun eta mendiko beste herrixka batzuk igaro ditugu bizikletaz, “Txindoki” beti parean genuela. Gaurkoan ere herritar bat aurkeztu zaigu boluntario gora igotzeko. Itxuraz zaharra zen gizona, baina igo dugun abiadagatik 40 urteren bueltan izango zela pentsatu dugu hasieran. Izoztuta geratu gara behin bera jaitsita 67 urte zituela esan digunean. Hori da hori sasoia!
68. eguna: Mbeya (Deskantsua)
Pasa dira aste batzuk Zimbabwen azkenekoz ileapaindegi bat bisitatu genuenetik. Bigarrena gaur izan da. Oraingo honetan bizarra biok, baina Pellok soilik moztu du ilea. Joni guztiz soildu zioten burua Zimbabwen eta oraindik atzo moztu bezalaxe dauka ilea. Beldur pixka bat bazuen Pellok ea soildua bukatuko zuen. Zorionez lan txukuna egin dute gaurkoan.
69. eguna: Mbeya (Prestaketak)
Etxeko lanak azken egunerako uztearen ohiturarekin jarraituz, Mbeyako azken goiza bizikletei konponketa txiki batzuk egiten pasa dugu. Aspalditik bion bizikleten gurpilek zulo txiki batzuk zituzten eta lau egunean behin bi gurpilak puztu egin behar izaten genituen.
Bertan eguraldia lehorra denez, errepidean hauts moduko bat egoten da eta hau imana izango balitz bezala itsasten zaio bizikletari. Beraz, noizean behin garbitzea ere komeni izaten da eta horretan ibili gara.
Uste baino denbora gehiago eman digu baina azkenean amaitu dugu. Prest gaude hurrengo helmugara iristeko! Zanzibar uharteak. Ea bideak zer ekartzen digun oraingoan!