Zambian ikusi eta ikasitakoa
Zambiako egonaldia bizimodu berrira egokituta pasatzea espero genuen. Aurreko bi herrialeetan kontu berri asko ikasteko aukera izan dugu. Hala ere, herrialde honek espero gabeko kontakizun asko biziarazteko aukera eman digu eta bertan doaz interesgarrienak iruditu zaizkigunak!
Bizikletak
Zambiako bizikleta kopurua, biztanle kopuruarekin zatituko bagenu, apustu egingo genuke ratioa 0.5 baina handiagoa dela! Agian ratio hau apur bat puztu dugu baina bizikletak nonahi ikustearekin harritu egin garela esan behar dugu. Herrixketatik baratzetara joateko, salgaiak garraiatzeko edo haurrek elkarren artean jolasteko erabiltzen dituzte. Ziurrenik herrialdean aldaparik ez egoteak izango duela zerikusirik honekin.
Hau hala izateak lasaitasun puntu bat eman digu, izan ere, bizikleta dendak ere nonahi ikusi ditugu eta horrek edozein arazo mekaniko konpontzeko aukera.
Hizkuntza
Zambiatik gehien gustatu zaigun kontuetako bat herrialdeak duen hizkuntz aberastasuna da. Bertakoek esan digutenez gaur egun Ingelesaz gain 72 hizkuntza dituzte. 20 milioi pertsona bizi diren herrialdea izateko ez dira gutxi! Hizkuntza batzuetako hitz batzuk ikasten saiatu bai baina, buruan sartzen genuenerako beste bat hitz egiten zuten eremu batera iristen ginen. Jarraian, Zambiako hizkuntza erabilienen mapa ikus daiteke.
Kontatu digutenez, hizkuntza hauetako batzuk antzekotasunak dituzte eta horregatik bertakoak gai dira adibidez sei jakiteko. Hala ere, herritar gehienek Ingelesa menperatzen dute, beraz, ez dugu arazorik izan hauekin komunikatzeko.
Hitz berriak ikasi eta ahazteaz nazkatuta, bertan egin genuen lagun bati hiztegi txiki bat egiteko eskatu genion. Zambiako iparraldean hitz egiten den bemba hizkuntzara itzulitako 30 hitz idatzi zizkigun orri batean.
Bush
Harrituta geratu gara, izan ere, Zambian egindako 1400 kilometroetan paisaia ez da aldatu. Euskal Herrian ohituta gaude kilometro gutxiren bueltan paraje guztiz desberdinekin topo egiten. Adibidez, Donostiatik Iruñeara joaten guztiz ezberdina den lur eremu batean sartzen gara. Baina Zambian hau ez da horrela.
Horren edatua dago paisaia hau, non, bertakoek izen propio bat jarri diotela. Ingelesezko bush hitza (euskaraz zuhaixka) erabiltzen dute hau deskribatzeko.
Paisaiari haizearen kontua ere gehitu behar diogu. Zambian, abenduan izaten den eurite garaia dela eta Ipar ekialdetik haizeak gogor jotzen du. Zortea kontra norabide hau gure kontrakoa da eta beraz haizearen aurka egin behar izan ditugu kilometro gehienak.
Paisaia eta haizeak sortutako monotonia dela eta egun batzuk gogorrak egin zaizkigula onartu behar dugu.
Istripuak
Aipatu dugun bush delakoa horren hedatua dagoenez, Zambiako herrixka gehienak errepide nagusien inguruan kokatzen dira. Horregatik, herrialdea errepide hauek erabiliz zeharkatzea erabaki genuen. Hauek ez dute Europako autopisten antzik. Errepide estuak dira normalean eta ia ez dute bide ertzik. Horrez gain, batzuetan asfaltoa zuloz beteta egoten da eta kotxeek mugimendu arriskutsuak egin behar izaten dituzte hauek saihesteko. Trenbide sarea zaharkitua izanik merkataritza garraioa guztia ere bertatik egiten dute. Gainera kamioi eta kotxeek abiadura oso ezberdinetan zirkulatzen dutenez aurreratzeak ere ohikoak izaten dira.
Aipatutakoen ondorio dira bidean ikusi ditugun istripu guztiak. Egun batzuetan, 100 kilometroren bueltan hiru istripu ikustera ere iritsi gara.
Eskolak
Zambian eskola askotan lo egiteko aukera izan dugu. Guretzat toki aproposak dira lo egiteko izan ere, gaua aterpe batean pasatzeko aukera ematen digute. Gainera bertako haurrekin jolasteko (nahiz eta lotsatiak izan) eta bertako irakasleak ezagutu eta herrialdeagatik edo bizitzarekiko duten ikuspuntua zein den ezagutzeko aukera izaten dugu.
Kasu guztietan irakasleek inongo arazorik gabe eta pozarren egin digute txokoa beraien eskoletan. Oso pertsona interesgarriak eta bokazio handikoak direla iruditu zaizkigu eta beraiekin elkarrizketa sakonak izan ditugu. Hezkuntza sistemarekiko interes handia dutela erakutsi digute eta galdera asko egin dizkigute.
Zer ziren izaten genituen ikasgaiak, ikasteko erabiltzen genuen hizkuntza, zein ordutegi genuen etab.
Ikasteko eta beraien sistema hobetzeko gogo handia zutela iruditu zaigu. Berriketan ari ginela inoiz geure buruari egin gabeko eta benetan interesgarria iruditu zaigun galdera bat bota digu batek:
-Zein da jaso duzuen ikasgai garrantzitsuena zuen etorkizunari begira?
Pertsona orok egin beharreko gogoeta dela iruditu zaigu.
Hau guztia ikusita biok ondorio berdinera iritsi gara: bertako irakasleak benetan zoriontsuak direla iruditu zaigu. Hasteko, lanarekiko inplikazio eta interesa erkusten dute eta hori gustura bizi direnaren seinale da guretzat. Lan kontuez gain bizitza lasaia dute. Gobernuak eskolen inguruan etxeak jartzen dizkiete baratza jartzeko eremuarekin. Astea, eskoan lanean, baratza txukuntzen eta abereak zaintzen pasatzen dute.