60-61 egunak: Trenaren xarma
60. eguna: Kasama (Deskantsua)
Zambiako azken kilometroak bizikletaz edo trenez egingo ditugun erabaki aurretik estaziora joan gara informatzeko asmoz. Aurretik hanka-sartze eta ustekabeekin eskarmentatuta gaudenez, badaezada…
Trena martxan dela esan digute baina estazio honetatik maiztasun gutxirekin irteten dira. Euskal Herrian trena ordu erdiro izaten dugun moduan, Kasamatik soilik astean behin irteten da! Gainera, gauez egiten omen du bidea. Trenak literez osatutako konpartimentuak dituela esan digute eta beraz aukera dagoela bertan lo egiteko. Zortea aldeko, aste honetakoa gaur gauean irteten dela esan digute.
Kasualitate hau aitzakiaz hartuta, Zambian egindako 1000 kilometro guztiak paisaia aldatu gabe izan direnez eta gaua trenean pasatzeak bidaiari magia moduko bat gehituko diolakoan, azkenean hartzea erabaki dugu.
Hala ere, honek badu desabantaila txiki bat. Trena goizaldeko hiruretan irteten da Kazamatik. Bidaian normalean goizeko bostetan esnatzen gara eguzki orduak aprobetxatzeko asmoz. Hau hala izanik, normalean iluntzeko zortziak aldera lo zakuan sartuta egoten gara.
Guretzat goizaldeko 3ak arte trenari itxarotea gaupasa moduko bat egitea da. Bizitzan egiten den lehen gaupasa inoiz ahazten ez den moduan, bidaiako lehen hau ere ez dugu inoiz ahaztuko!
61. eguna: Kasama – Tunduma (300km trenez)
Azkenean goizeko hirurak dira eta trena zegokion orduan irten da estaziotik. Hau ez genuen espero! Ohean etzan eta trenak sortzen dituen mugimenduek lagunduta minutu baten bueltan biok lo hartu dugu.
Ez dakigu nekatuak ginelako edo trenaren mugimenduek haurren seaskan ginela sentiarazi digulako den, baina aspaldian gogoratzen dugun gau onena pasa dugu!
Ibilbideko 300 kilometroak egiteko 9 ordu behar izan ditu trenak. Egia esan, bizikletaz antzeko denbora beharko genuen!
Hala ere, motz egin zaigu bidaia. Pasatzen ginen herrixka guztietan trenak geldialdi bat egin du. Herri bakoitzeko estazioetan azoka moduko batzuk prestatzen dituzte. Bertan, bidaiariek treneko leihotik salgai dituzten produktuak erosten dituzte gosaltzeko. Hau lehenago jakin izan bagenu ez genuen estaziora joan aurretik gosaria erosiko…
12ak pasatxo iritsi gara Nakondera. Bizikletak hartu eta zuzenean mugako tramiteak egiten diren eraikinera joan gara Tanzaniako bisa hartzera. Mugak pasatzeko PCRa egin behar da baina aurretik esan zigutenez mugan bertan egiteko aukera dago.
Ustez froga egin behar zigun medikuak ea PCRa eginda genuen galdetu digu. Guk ezetz, bertan egin nahi genuela komentatu diogu. Gure kontrarako bertan ezin daitekeela egin esan eta froga mugatik 250 kilometrora dagoen herri batean egin behar dela azaldu digu. Momentu honetan bihotza lehergailu txiki batean bihurtu eta normalean baina odol gehiago bidaltzen hasi da gorputzera. Kopetatik izerdi apur bat ere erortzen hasi zaigu.
Bizikletaz bidaiatzen ari ginela azaldu eta atzera 250 kilometro egitea ezinezkoa zela esan diogu medikuari. Gure arazoak kontatzen ari ginela, kontsultako atea ixteko esan digu. Tonu misteriotsu batean 10 dolar emanez gero antigenoen testa egin eta behar den dokumentua beteko zigula esan digu. Honetatik ere salbu atera gara!
Kontsultatik irten bezain laster Tanzaniako gizon bat gerturatu zaigu ongietorria ematera. Herrialdeko bitxikeria batzuk kontatzearekin batera, Tanzania oso herrialde justua eta korrupzio gabea dela nabarmendu nahi izan digu. Ezin izan diogu barreari eutsi! Auskalo zer pentsatuko zuen…
4 Replies to “60-61 egunak: Trenaren xarma”
Kaixo Bikote.
Zuen bidaiarekin ere gozatzen ari garela adierazi nahi nizueke. Esperientzia ahaztezina.
MUXU BANA.
Mila esker Marian! Muxu bat Zanzibar aldetik!
Aupa Pello eta Jon! oso gustora irakurtzen ditut zuen ibilbide eta berriak, segi holaxe eta gozatu egiten zabiltzatenakin. Urtea ondo bukau eta berriakin ere holaxe segi. Animo!!!
Mila esker Aitor! Urte berri on zuri ere!