Zamda Ireland: Kabwe
Kabwe herrian kokatzen den Sables izeneko eskola bisitatzeko aukera izan dugu. Haur eta lehen hezkuntzako umeentzat prestatua dagoen ikastetxe publiko bat da. Kabwe herriko zein inguruetako herrixketako 303 haurrek ikasten dute bertan. Proiektuaren helburu nagusia zailtasun handienak dituzten familietako haurrek eskolaratzeko aukera izatea da. Horren adibide da esaterako eskola doakoa izatea familia guztientzat.
Haurren elikadura
Proiektuan garrantzia handia ematen diote haurrak eskolan bertan elikatzeari. Izan ere, etxe bakoitzeko egoera dela eta, ume batzuk gosaldu gabe joaten dira eskolara. Ondorioa: ahulduta egotea klaseetan, ikasteko indarri gabe. Eskolan otorduak emanez, haur hauek elikadura osasuntsu bat jarraitzen dutela ziurtatu dezakete eta klasean arreta jartzeko indarrak eman. Gainera eskolan bertan baratza dute eta sukaldatzeko erabiltzen dituzten hainbat produktu bertan lortzen dituzte.
Lo egiteko instalazioak
Horrez gain, ikasleek bertan lo egiteko aukera izan dezaten litera batzuez osatutako instalazioak dituzte. Hiru haur talde zaurgarriri baliabideak ematea da honen helburua. Oso instalazio txukunak iruditu zaizkigu!
Lehenik eta behin kaleko haurrei. Zambian kalean bizi diren haur asko ikusteko aukera izan dugu. Gehienak supermerkatuen kanpoan egoten dira limosna eske. Beraz eskolaren helburu nagusietako bat haur hauek kaletik jaso eta bertan sartzea da. Gai hau gogorra baina aldi berean interesgarria denez artikulu bat publikatuko dugu haur hauen egoera zein den hobeto azalduz.
Bestalde, etxean egoera txarra duten umeei bertan bizitzeko aukera ematen diete. Adibide moduan, familia bateko lau anai arreba bertan ari dira bizitzen. Aitarik ez dute eta ama haur hauek mantentzeko baldintza ekonomiko txarretan egoteaz gain, hiesa antzeman diote. Beraz haur hauek bertan bizitzeko aukera dute etxeko egoera hobetu arte behintzat.
Azkenik urruti bizi diren umeek ere instalazio hauetan pasatzen dute astea. Landa eremuan, ikastetxetik hainbat ordutara bizi diren umeak izaten dira normalean. Gertuago ez dute doakoa den beste eskolarik. Beraz eroso egon daitezen, astea bertan pasatzen dute eta asteburutan itzultzen dira beraien etxeetara.
Eskolaz kanpoko ekintzak
Klaseez gain eskolaz kanpoko hainbat ekintza antolatzen dituzte arratsaldetan. Helburua haurrak kalean ahalik eta ordu gutxien egotea da bertako ohitura txarretan eror ez daitezen. Adibidez, kola edo gasolina bezalako droga gogorren kontsumoarekin lotutako arazoak ohikoak izaten dira gazteen artean. Gainera, hauetako askok etxean bizi duten egoera (biolentzia edo pobrezia) ez da batere hona eta horrelako ekintzek aukera ematen diete errealitate horretatik apur bat urruntzeko. Hiru ekintza nagusi antolatzen dituzte:
-Josteko tailerrak: Normalean tailer honetan neska gazteek parte hartzen badute ere aurten mutiko bat hasi da. Gainera bertakoek azaldu digute jostun denda askotan mutilek lan egiten dutela. Beraz pentsatu daiteken moduan, ez da emakumeei zuzendutako ekintza bat.
-Sukaldaritza tailerrak: Bertako baliabide eta ohiturak direla eta, normalean antzeko otorduak egiten dituzte Zambia, eta orokorrean, Afrikako herritarrek. Tailer hauen helburua, ikasleek beste herrialdetako jakiak prestatzen ikastea da.
-Kirol jarduerak: Ikastetxean antolatzen dituzten kirol jardueretan protagonismo handiena duena Judoa da. Bertako irakaslea olinpiar jokoetan lau aldiz parte hartutakoa da entrenatzaile moduan, beraz badute zer ikasi! Horrez gain, talde kirolak sustatzeko futbol taldeak ere badituzte.
Kontaktua
Egiten ari diren lana beren fruituak ematen ari dela garbi ikusi dugu bisita honetan. Hala ere, boluntario gehiago izateak pausuak azkarrago emateko aukera emango diela baieztatu digute. Adibidez, oraingoz gizarteko hezkuntzan aditua den langile bakarra dute eta lan askorekin dabil. Eskolako gaiekin lotuta ez dauden pertsonak ere oso lagungarriak izan daitezkela esan digute, haurrekin eskolaz kanpoko jardueretan ibiltzeko besteak beste. Boluntario lanetan aritzeko gutxienez hilabete bateko egonaldia eskatzen dute, izan ere, pare bat aste behar izaten dira eskolako martxara ohitzeko.
Gobernuz kanpoko erakunde hau Irlandar jatorrikoa izanik, finantzaketaren zati handiena bertako herritarretatik jasotzen dute. Baina, beste herrialdetako laguntza oro ondo etorriko zaiela baieztatu dute haur hauen ongizatean aurrera pausuak ematen joateko.
- Sables eskolako arduraduna
- Korreoa: [email protected]
- Telefonoa: +353 896 002 872
2 Replies to “Zamda Ireland: Kabwe”
Ánimo bikote
Mila esker Asier!