43-51: Gaixotu gara dagoeneko
43. eguna (Gaixo)
Iragarpen okerrena bete da… Gau oso txarra pasa ostean sukarrarekin jaiki da Jon. Gaixotuta. Sintoma nagusiak: sukar dezimal batzuk eta batez ere eztarriko mina. Lasai egotea eta ondo errekuperatzea tokatzen da.
Sukarra igotzen ari zela ikusita, malaria testa egin dugu segituan. Malaria izatekotan ahalik eta azkarren detektatu eta tratatzen hasi beharra dago, bestela gaitzak indar handia hartzen du eta arriskutsua izan daiteke. Hau behin eta berriz azpimarratu digute. Zorionez negatibo. Lasaiago geratu gara behintzat.
44. eguna (Gaixo)
Gaixotasuna hobera ez doala ikusita, inguruko farmazia batera jo dugu eztarriko mina baretzeko zerbaiten bila. Sintomak zein ziren entzunda, farmaziako arduradunak ez du zalantzarik egin eta hiru eguneko tratamendu bat proposatu dio Joni. Antibiotiko batean oinarriturikoa zenez, zalantza handiak izan ditugu. Azkenean kasu egitea erabaki dugu.
Ondo jartzeko presagatik medikuarekin kontsultatu aurretik hasi du tratamendua. Hala ere, mapan ospitale bat kilometro ingurura dugula ikusi dugu, eta bidaia aseguruarekin hitz egin ondoren, bihar medikuari bisita egingo diogu. Farmaziakoak emandakoa ondo dagoela baieztatzeko eta ezer larririk ez duela ziurtatzeko.
45. eguna (Medikuari bisita)
Ospitalean jende asko baina lasaitasuna nagusi. Jendea gaixo eta aurpegi txarrekin ikusten zen, baina zalaparta edo iskanbilarik ez. Zita lortzeko sistema berezi baten ondoren (kartoi zati batean zenbaki bat jarrita) Otorrinolaringologoarengana bidali dute Jon. 2€ ordain behar izan ditugu kontsultagatik.
Lehen 20 galderak ez dira sintomen inguruan izan, bizikletaz egiten ari garen bidaia asko interesatu zaio dirudienez. Hasierako lagun arteko elkarrizketa bukatu eta serio jarri da ondoren. Sintomak eta odoleko presioa hartu, eta eztarria linterna batekin begiratu ostean, zalantza askorik egin gabe faringitisa diagnostikatu du. Farmazian erositako antibiotikoa bukatu ondoren, tratamendu bat egitea ere proposatu dio.
Ohituta gaude kasu kliniko guztiak ordenagailuko historial batean txukun gordetzen dituen sistema batera, baina hemen ez dute ordenagailurik kontsultan. Kasuaren informea orri txuri arrunt batean idatzi du (beheko argazkian ikus daitekeena) eta hau gelan aurkitzen diren milaka artxibadoreetako batean galduko da betiko.
46. eguna (Gaixo)
Ez gara adituak, baina hemengo medikuak proposaturiko tratamenduak ez digu asko konbentzitu. Hiru antibiotiko mota ezberdin nahasten ditu tratamenduak. Lehenengo antibiotikotik 4 pilula hartu behar dira goizean; bigarrenetik, goizean eta gauen bana; eta azkenekotik, otordu guztien ondoren bat. Nahaste hutsa, eta pilula gehiegi gauza onerako.
Jonek gero eta gorputzaldi hobea zuela ikusirik, eta sukarrik gabe iada, bidaia aseguruko medikuari deitzea erabaki dugu. Bigarren iritzi bat jasotzeko. Egoera zein den kontatutakoan segituan bota du atzera proposatu didan tratamendua. Bere ustetan “zaldientzako tratamendua” zen hura. Bere gomendioa: egindako tratamendua bukatzea eta egun batzuk deskantsatzea, besterik gabe. Hau zen entzun nahi genuena. Ondo errekuperatzeko garaia da.
47-49 egunak (Deskantsua)
Nahiz eta antibiotiko tratamendua amaitu, gorputzak errekuperatu beharra du oraindik. Bidaiatik guztiz deskonektatzeko egunak izan dira hauek. Lagun eta familiakoekin deiak egiteko, liburuak irakurtzeko, bainu ugari hartzeko eta siesta luzeak egiteko egunak. Gorputzek bezainbeste eskertu dute gure buruek deskonexioa.
50. eguna (GKE)
Energiak bueltan dira eta esperientziak biltzen jarraitzeko gogoak ere bai. Zamda Ireland erakundea garatzen ari den proiektua bertatik bertara ikusteko aukera izan dugu. Behar gehien duten haurrek hezkuntza jasotzeko aukera izateko egiten dute lan Kubukaren antzera.
Lan ona egiten ari diren arren, hobetzeko eta lanean jarraitzeko gogo betez jarraitzen dute bertan. Horrelako pasioarekin lan egiten duten erakundeak eta pertsonak ikustea zoragarria da benetan. Egiten duten lanaren inguruan xehetasun gehiago “Kabwe: Zamde Ireland” artikuluan.
51. eguna (Prestaketak)
Azken eguna Kabwen. Jarraitzeko garaia iritsi da. Gaixo pasatako egunak izan diren arren, ez dugu inondik inora ere oroitzapen txarra izango. Hostatuko lasaitasunetik herriko kaosera 100 metro besterik ez genituen egin behar, eta lasaitasuna eskertu dugun moduan, kaos horrek ere badu bere xarma. Izan ere, herri bakoitzeko kaosa ezberdina da, eta gu hasiak ginen kaos konkretu honetara ohitzen, kaosaren parte izaten.