Euskadi Coopera: Masvingo

Euskadi Coopera: Masvingo

Populazio dentsitatea azkar handitzen ari da Zimbabwe erdialdean dagoen Masvingo hirian. Horrek, besteak beste, saneamendu baliabideen egoera eta ur edangarria eskuratzeko aukera mugatu ditu. Arazo hori oinarri hartuta, bertako hiru erakundek kolaborazio bat sortu dute:

  • Masvingoko Udala
  • Dialogue on Shelter for the Homeless in Zimbabwe Trust
  • Zimbabwe Homeless People’s Federation

Euskadi Coopera erakundeak ere parte hartu du elkarlan horretan, estrategian zein finantziazioan lagunduz. Hala, denen artean hainbat proiektu garatzen ari dira.

Proiektuak aukeratzeko, Udaleko Gizarte sailak analisi bat egiten du auzo bakoitzaren errealitatea eta beharrak zein diren jakiteko. Horren arabera, behar handienak dituztenak aukeratu eta baliabideak bertara zuzentzen dituzte.

Esan digutenez, eremu bakoitzeko proiektuak zein izango diren erabaki aurretik, auzoan bizi direnekin bilera moduko bat egiten dute benetako beharrak zein diren aztertzeko. Aurretiko proiektuetan Udalak erabakitzen zuen zein proiektu garatu eremu bakoitzean, komunitatearekin kontrastatu gabe. Bi alde negatibo zituen honek. Batetik, gehienetan ez zuten asmatzen toki bakoitzean zer zen benetan behar zutena eta bestetik, tentsio edo konfrontazio moduko bat sortzen zen herritarren eta autoritate lokalen artean.

Beraz, herritarrek hitza hartzea nahi dute. Horrek elkarren arteko kooperazioan harmonia moduko bat sortzen du, proiektuen garapena erraztuz.

Azkenik, ingurunea txukun izatearen garrantzia azpimarratu dute. Beraien esanetan proiektuen bidez, komunitateari oinarrizko beharrak ematea bezain garrantzitsua da modu txukun batean egitea. Hori azaltzeko adibide moduan, paretak margotzearen garrantzia nabarmendu nahi izan dute. 

Mucheke hostels

Masvingo herriko Mucheke auzoan garatu dute bisitatu dugun lehen proiektua. Biztanleria pobrea bizi den eremu bat da hau.

15 etxebizitzek osatzen dute bloke bakoitza eta bataz beste, etxebizitza bakoitzean bost pertsona bizi dira. Proiektua aurrera eraman aurretik bloke osoarentzat komun, dutxa eta ur puntu bakarra zegoen. Modu sinpleago batean esanda, 75 pertsonek saneamendu puntu berdina partekatzen zuten.

Proiektuaren bidez, bloke bakoitzean bost saneamendu puntu jarri dituzte, alegia, orain 3 etxebizitzen artean bakarra partekatzen dute. Jende gutxiagoren artean partekatzen dutenez errazagoa da eremuaren txukuntasuna mantentzen. Asko baloratu dute azken hori.

Tanaiwa project

Tanaiwa izeneko auzo batean garatu duten proiektu bat da hau eta aurrekoarekin antzekotasun handia du. Kasu honetan ordea, 15 etxebizitzen artean izan beharrean 52ren artean partekatzen dute saneamendu puntua. Beste modu batean esanda 200 pertsona ingururen artean. Gainera, etxebizitza batzuk urruti samar daude puntu horietatik eta 70 metro inguruko distantzia egin behar izaten dute iristeko, errepidea gurutzatuz. Besteak beste, gauez eta euritan ibilbide hori egin beharraren arriskua eta deserosotasuna azpimarratu dute.

Kasu honetan, inguruko arkitektura ikusita, etxebizitza bakoitzarentzat saneamendu puntu bat eraikitzeko aukera izan dute. 

Argazkietan ikus daitekeen moduan oraindik garapenean dagoen proiektua da azaldutakoa. Etxebizitzaen saneamendu puntu izango den egiturak jada eraiki dituzte baina barruko instalazioa bukatzea falta da. Esan digutenez abenduan bukatzeko asmoa dute.

Victoria ranch

Herritik lau kilometrora kokatzen den auzo batean garatutako proiektua da hurrengo hau. Herrian duten saneamendu eta uraren instalazioa ez da bertara iristen. Arazo horri aurre egiteko, benetan interesgarri iruditu zaizkigun bi alternatiba garatu dituzte.

Komunen kasuan ECO toilet (Komun ekologiko) izenekoak sortu dituzte. Bi zuloz osatutako komunak dira. Batetik hondakin likidoak isurtzen dituzte eta bestetik solidoak. Distribuzioa modu independente batean egitea da helburua. Hondakin likidoak auzotik distantzia batera kokatzen den eremu batean isurtzen dituzte tuberia instalazio baten bidez. Solidoak berriz komunaren azpian dagoen zulo moduko batera isurtzen dira errautsarekin nahastuta. Hondakin horiek lurra lantzeko erabiltzen duten konpostan bihurtzen dira. Esan digutenez konpost hau urtean behin ateratzearekin nahikoa izaten da, beraz ez du lan handirik eskatzen. Oso komun txukun eta garbiak iruditu zaizkigu.

Ura lur azpiko erreserbetatik lortzen dute. 5000 litroko bi tanke dituzte eta eguzki plaken bidez funtzionatzen duten ponpa batzuen bidez ateratzen dute. Duela hilabete batzuk tanke bateko ponpa lapurtu zuten eta orain komunitateak bakarra erabili dezake. Gainera lainotutako egunetan, argi energiaren falta dela-eta, ezin izaten dute tankea bete eta horrek uraren erabileraren muga du ondorio. Kasu horietan herrira joan behar izaten dira ur erreserbak betetzera. Etorkizunean ur ponpa berri bat instalatu, beste tanke bat martxan jarri eta etxebizitza gehiago sortzea da asmoa.

Garikai merkatuko komunak

Herriko merkatu nagusian garatzen ari diren proiektua da azkeneko hau. Inguruko merkataritza eremu garrantzitsuena da; gurean izaten ditugunak baino dezente handiagoa. Esan digutenez bertan 1000 pertsona inguruk egiten dute lan egunero.

Han komun publiko bat sortzea da helburua, langile zein erosleek erabil dezaten. Komuna erabiltzeko diru apur bat ordaindu beharko dute. Hala, komunak hobeto mantentzen eta gainontzeko proiektuetarako finantzaketan laguntzen saiatuko dira. Kasu honetan ere egitura bukatu dute baina komunen instalazioa egitea falta da.

Galeria

Eskerrak eman beharrean gaude jasotako harreragatik. Aipatu nahiko genuke proiektu horiek bisitatzea gogorra, baina, aldi berean atsegina izan dela. Batzuetan kantu zein dantzaz hartzen gintuzten auzokoek. Zailtasunak zailtasun, humorea galtzeko asmorik ez dutela erakutsiz.

Kontaktua

Proiektu guztiak garapen fasean daude eta esan digutenez horien progresioa diru eta baliabideen menpe dago soilik. Lanerako jendea eta gogoa ez da falta.

Proiektu horiek aurrera atera ahal izateko laguntza oro izango zaie baliagarri. Horretarako kontaktuak hauek dira:

Euskadi Coopera

Masvingoko Udaleko idazkaritza

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude