Hegoafrikan ikusi eta ikasitakoa
Bi astetako itxaronaldiaren ondoren iritsi ziren bizikletak Middleburgera. Teorian Irailaren 28an iritsi behar zutenez, 29tik aurrera sarri deitu genuen bidalketa konpainiara, eta beti erantzun berbera jaso genuen: “Bihar izango dira bertan”. Lau egun esaldi hori entzuten pasa eta gero urriaren 1ean iritsi ziren bizikletak bi aste luzez gure etxea izandako ostatura. Denbora luzez itxaron genuen hasiera egi bihurtu zen.
Ibilbidea
Eguneko ibilbidea aukeratzeko zalantza handiak izan ohi genituen. Bi ziren aukerak: errepide nagusietatik mugitzea edo mediko pistetatik ibiltzea.
Errepideek orokorrean trafiko handia izaten dute. Gainera, Hegoafrikan zikloturismoaren kultura oso hedatua ez dagoenez, kotxeek ez dute espazio handia uzten aurreratzeko orduan, eta ondorioz, batzuetan arriskutsu samarra suertatzen da egoera. Egia da errepideen alboan nahikoa leku egoten dela kamioi bat hurbiltzen denean bazterrera joateko. Kontran, bide ertz horiek kristal puska txikiz beteta daude. Itxuraz, ohikoa izaten da kotxeetako leihotik garagardo botilak botatzea. Desagertu egiten direlakoan edo…
Mendiko bideek trafiko gabe ibiltzeko aukera ematen ziguten. Ez genuen arreta kotxeetan jarri behar. Baina kasu honetan, bideek uhin formako lurra izaten dute. Bizikletan kargaren ondorioz bibrazio handiak sortzen ditu lur mota honek. Horrek bizikletaren mekanikan kalteak eragiteaz gain, gure ipurdiko hezurrak ere ederki astintzen ditu. Ziurtatzen dizuegu ez dela batere atsegina!
Dena txuri edo beltza izaten ez denez, Hegoafrikako etapa bi errepide motak nahastuz egin genuen. Trafiko gutxiko lekuetan errepidea baliatzen genuen, baina kotxe asko zebilenean mendira jotzen genuen.
Animaliak
Ezagunak egin zaizkigu han ikusitako intsektuak. Euskal Herrian ohikoak diren inurri, kakalardo eta matxinsalto asko ikusi ditugu bidean. Kontua da etxekoekin alderatuz, gutxienez bi aldiz handiagoak direla! Haien kabiak ere ikaragarri handiak eta kuriosoak iruditu zaizkigu. Inurrien kasuan batzuetan zuhaitzen tamainakoak.
Biologian aditua den norbait blog hau irakurtzen ari bada esan beharra dugu inurrien tamainak jakin mina piztu digula eta informatzen aritu ostean, inurri horiek termitak direla jakin ahal izan dugula.
Ez genuen espero bizikletan pasatako lehen astean Lehoi Erregea liburuko protagonisten erdiak ezagutzeko aukera izango genuenik. Han ardi eta behiekin gertatzen den moduan, hemen inpala eta tximuak bazter guztietan ikusi ditugu. Tximuekin bazkaltzeko aukera ere izan dugu!
Egun batean mendiko pista batetik gindoazela babuino handi bat ikusi genuen errepidea zeharkatzen. Normalean, errepideen inguruan segurtasun hesi moduko batzuk egoten dira animalia basatiek bidea ez zeharkatzeko. Babuino honek hesia pasatzeko erakutsi zuen erraztasunak txundituta utzi gintuen. Hortik aurrera hesi hauekiko segurtasun gutxiago sentitu genuen.
Jirafak eta zebrak gutxiago baina horiek ikusteko aukera ere izan dugu. Parke naturaletan edo baserrietako lursail pribatuetan egoten dira. Lehen egunean poz galanta hartu genuen jirafa bat ikustean. Gutxien espero genuen momentu batean izan zen gainera, bi ordu luzez bizitza arrastorik ikusten ez zen mendiko pista batetik gindoazela.
Gauak non pasa?
Aurreko artikuluetan kontatu izan dugun moduan, kanpin dendan lo egiteko asmoa dugu bidaian zehar. Baina hori ikasketa prozesu motel bat izango zela uste genuen: lehen astetan kanpin edo hostatuetan lo egiten hasi eta pixkanaka abenturan murgilduz edozein tokitan lo egiteko ausardia izatea. Aurretik antzeko bidaietan ibilitako jendeak herrixketako eskoletan egiten zutela lo esan ziguten, adibidez.
Hegoafrikan uste baino lehen lortu dugu ordaindu gabe lo egiteko aukera. Lehen egunean kanpin batean lo egin ondoren, bigarrenean baserritar bat ezagutzeko aukera izan genuen. Baserrietako ateak jo eta beraien lursailetan kanpin denda jartzea posible den galdetuta, berak gustura asko utziko zigula esan zigun. Estrategia horrekin hasi ginen lotarako tokiak bilatzen egun bakoitza amaitzerakoan. Zortea aldeko, inguruko baserritarrek elkar ezagutzen zuten. Eguna non bukatzeko asmoa genuen jakinda, hango norbaiti deitzen zioten ea bertan lo egitea posible genuen galdetzeko. Beraz, askotan lotuta izaten genuen lo lekua. Gainera pozarren hartzen gintuzten eta nekatuta edo gosetuta iritsiko ginela jakinda, beraiekin afaltzera gonbidatzen gintuzten askotan.
Pertzepzio pertsonalak
“Afrikan ezin dira planak egin, Afrikak egiten ditu planak zuretzat.”
Esaldi honek gure lehen etaparekin bat egiten duela iruditzen zaigu. Gure artean askotan komentatu dugu nahiz eta eguna modu batean planifikatuta eduki, gehienetan guztiz kontrakoa gertatzen dela. Ezin dezakegu imajinatu egunak zer dakarren guretzat. Batzuetan, batez ere egunaren amaieran, nekagarria izaten da espero gabeko egoerak kudeatzea. Hala ere, haiei soluzioa ematea lortzean, pozagatik edo, nolabaiteko kilimak sortzen zaizkigu tripan. Hau bagenekien horrela izango zela, izan ere, zertara etorri gara ba bestela munduaren beste puntara?
Arreta deitu digun beste puntu bat jendeak alkohol asko edaten duela da. Puntu hau ez dugu orokortu nahi, baizik eta gure pertzepzioa zein den erakutsi. Egia da Euskal Herrian, lagun artean, noizean behin trago batzuk hartzeko joera dugula. Baina hemen ezagututako ia denak lana bukatzean, arratsaldeko lauak aldera, konbinatuak (batzuetan txupitoak ere) hartzen hasten dira eta lotara joan arte edaten jarraitzen dute. Edandakoa edanda ere normaltasun osoz hitz egiten jarraitzen dute, eragingo ez balie bezala. Gainera hurrengo egunean goizeko zazpietarako denak esna egon ohi dira eta itxuraz ajerik gabe. Guk hori baino gutxiago edanda igande asko pasatu ditugu sofan botata mugitu ezinik!
Kuriosoa iruditu zaigun beste kontu bat jendea oso gizena egotearena da. Ezagutu ditugun ia denek (denek ez esateagatik) kilo dezente zituzten soberan. Bion artean komentatzen aritu eta gero, bi ondoriotara iritsi gar: Orokorrean, gurean baino elikadura txarragoa izaten dute, hau da, jende gutxi ikusi dugu barazkiak jaten. Hala ere, egia da supermerkatuan hauek lortzea oso erraza dela. Beste puntua, ia ez dutela urik edaten da. Normalean, egunean zehar Coca-cola edo antzeko freskagarriak edaten dituzte hidratatzeko.
One Reply to “Hegoafrikan ikusi eta ikasitakoa”
Que putos grandes jajajaja